argia.eus
INPRIMATU
Bizitzaz eta beste
Xabier Etxaniz Erle 2025eko uztailaren 16a

Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------
 
Zaila da nobela hau definitzea, abenturazkoa da, iniziatikoa, filosofikoa, ekologista; baina horiek baino gehiago, edo horien guztien ondorioz, nobela erakargarria da Agur Karibu hau. Erakargarria da irakurtzen hasi eta Julenen esperientziaren berri izan nahi duzulako, amama Petraren bizitasuna –eta hurbil duen heriotza– hunkigarria delako, amama eta ilobaren arteko bidaia zoragarriaren nondik norakoak jakin nahi dituzulako, edota mutilak Amka neska gazte inuitarekin duen harremana ezagutu nahi duzulako. 
 
Julenen amona oso gaixorik dago, zientzialaria da eta, berriro, Artikora joan nahi du. Amonak Julen gaztea gonbidatzen du berarekin belaontzian egingo duten bidaiara: “Bide berriak esploratuko ditugu, kale zaharretatik abiatuta!”. 
 
Liburuan bidaiaren berri izango dugu, nola moldatzen diren ontzian, nolakoak diren marinelak (amonaren lagunak, Julenek apurka deskubrituko duenez), nolakoa den ontzi bateko lana eta bidaian aurkitzen dituzten zailtasunak, edertasunak, paisaiak eta animaliak. Baita amonaren bizitzaren inguruan osatu den lagun eta adiskidetza sarea ere. Eta horiekin guztiekin batera, iloba eta amonaren arteko harremana, azken horrek bizitzaz uste duena, nola egiten dion aurrera heriotzari. 
 
Misterio edo jakin-min puntu bat ere badago orriak aurrera egin ahala: zergatik egin nahi du bidaia hau amonak? Amaierak hori dena argituko du, eta irakurleari istorio zoragarrian zehar ibilaldi bat egin duela irudituko zaio, baita bizitza bakarra dela ere, gogorra batzuetan, hunkigarria bestetan, baina bizi egin behar dugula.
 
Orain artekoa ikusita argi dago nobela hau egokia dela une atsegina igarotzeko, kapitulu nahiko laburretan egituratuta, erritmo bizian kontaturiko istorioa dugu, protagonista gaztearen ikuspuntutik eta irakurlea harrapatzeko moduko estilo eta bizitasunarekin. Irakurketa maila ezberdinak izan ditzakeen obra dugu, baina, batez ere, irakurketa ugari eskaintzen dituen idazlan literarioa.