argia.eus
INPRIMATU
Benetako apokalipsiaren ateetan
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko uztailaren 16a

Alegoría del mal
Rat-zinger
Kasba Music, 2025

--------------------------------------------------------------

Apokalipsiaren aurreko garai ustel hauetan, non eskuin atzerakoienak lortu duen bere diskurtsoa erdian jartzea, erabat ezabatuta dagoen gizarte batean, zeinari bakarrik axola zaizkion sareetako like-ak. Beldurra barruraino sartu zaigu, bizitzek kobaltoak eta gasak baino gutxiago balio duten lurrak eta zibilak masakratzen dira, egia lurperatu, familiak etxegabetzen eta aldi berean halabeharrez okupak direnak kriminalizatu, inbertsio funts eta arma holding-ak gizendu –sionista nazkagarriak!–. Eta, bitartean, zer eta nola borrokatu ez dakien ezkerra galduta dago.

Testuinguru horretan dator Bilboko Rat-Zinger taldearen azkeneko lana, betiere gordina eta egiazkoa. Bost kanoikada berri aurkezten dizkigute: Lions Law taldeko Wattie-ren laguntzarekin, One Way System-en eta Exploited metaleroenaren espiritua berpizten duen Todos los malditos policias in-your-face punk gitarreroa; metalhead eta motor-buru sutsua den Mi vida sin mí; DF-ko Acidez taldearen abeslari ohi Tupa-k parte hartzen duen punk-rock amorratu eta gupida gabeko punteoak dituen Calibre 12; bihotzaren sakontasun ilunenetik Johnny Cash eta NIN irmoak omentzen dituen Sólo soy dolor; eta kale izkinako hard-rocka, Quemando Ruedas-en eskolakoa den El tiempo nos dará la razón.     

Eta, horrez gain, orain arte estolderia digitalean soilik plazaratutako taldearen zenbait klasiko ere oparitu dizkigute: En su trozo de tierra (Señor No-ren antzeko kadentzia daukan balada rockeroa); Chivo Loco (itsaskorra bezain sorgindua den rock metaleroa); Contra toda la humanidad (sarraski akustikoa izan daitekeena); Voy a ser un malnacido (punk-rock eta metal azkarrenaren larrualditik sortua, taldearen esentzia); Polvo (anfetaminazko poesia); Días de comisaría (kanoi bazka eta heriotzara arte anti-polizia); eta Aullo al sol (Al Jourgensen zeharo gain eginda eta Supersur-ean galduta). Azken atzaparkada horiek No habrá piedad para nadie-ren Vol 1 eta Vol 2 bildumatan ikusi zuten argia, baina orain biniloan haginka egiteko irrikan daude.