1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko ariketa: Chiquita de Anoeta, Arane, Emili, Albisu, Amparito, Chiquita de Aizarna, Asteasu.
1961. urtea izango balitz, akaso kronikaren bat topatuko genuke bi ahizpa ijito donostiarrek Parisen estreinatutako ikuskizunari buruz: Flamenco experimental, expresión plástica del cante jondo [flamenko esperimentala, cante jondoaren adierazpen plastikoa],
Rosario Escudero dantzariaren perfomance garaikidea, Maria Paz Jimenez margolariak sortutako jantzi eta eszenografiarekin.
Merkatari alderraien alabak ziren Jimenez Escudero ahizpak, Gaztela Leonetik Donostiara helduak. Euskaldun burges batekin ezkondu zen Maria Paz, eta hala lortu zituen artista gisa nabarmentzeko eta bere ahizparen proiektua babesteko beharrezkoak ziren baldintza materialak eta harreman sozialak.
Espresionismoa landu eta gero, arte abstraktuaren aitzindari bihurtu zen, Parisko abangoardiekin lotura handia zuelako eta joera berriekin bat egiteko gaitasuna izan zuelako. Jorge Oteiza, Blas de Otero edo Gabriel Celaya izan zituen adiskide eta miresle; baina haiena ez bezala, Jimenezen memoria izan da ezabatua. Gutxiago dakigu Rosario Escuderori buruz, soilik dantza eskola bat ireki zuela Irunen.
Patriarkatuak ahaztu nahi dituen izenen jagoleak dira ikerlari, kazetari, aktibista edota berdintasun teknikari feministak. Olatz González Abrisketa antropologoari zor diogu ARGIAko erraketistei buruzko Eli Pagolaren erreportajearen mamia. Haizea Barcenilla eta Ane Lekuona arte historialariei zor diegu Maria Paz Jimenezen erakusketaz gozatu izana Kutxa Aretoan, AMUGE emakume ijitoen elkartearekin elkarlanean. AMUGEren “Romani Hadid 2: Emakume ijitoen urratsen atzetik” proiektura ekarri dugu haien ikerketa.
Zaida Fernandez ikerlariari zor diogu, besteak beste, eremu instituzionalean ere, udalgintzatik, herrietako emakumeen aztarnak mapatzearen lan-ildoa. Eibarko Berdintasun teknikaria da egun Fernandez; Emakumeen Etxea erakutsi zidan berriki, eta ba al dakizue nortzuk diren eraikin barruko argazki-mural nagusiko protagonistak? Erraketistak.