Anstey (Ingalaterra), 1779. Leicesterren kanpoaldeko herriko ehungintza fabrika batean, ugazabak Ned Ludd izeneko aprendizari errieta eta jipoia eman zizkion, ehungailua gaizki erabiltzen ari omen zelako. Haserre, Luddek mailu bat hartu eta bi makina hondatu zituen.
Baliteke kondaira hutsa izatea, Ludd existitu zeneko frogarik ez baitago. Baina Ingalaterrako langileen artean 1811n eztanda egin zuen mugimenduak harengandik hartu zuen izena. Luddismoak mekanizazioaren kontra egin zuen, Luddek ustez egin bezala makinak suntsituz, makina haiek langileen eskubideak urratu eta lan-baldintzak okertzen zituztela argudiatuz.
Mugimendua ez zen Ingalaterrara mugatu eta antzeko industrializazio prozesuak izan zituzten eremuetan ere ludditek bidea egin zuten. Iberiar penintsulan, Euskal Herria eta Katalunia izan ziren ingeles ereduari gehien jarraitu zioten lurraldeak; berriki, Sàpiens aldizkariko ekaineko alean, John McAulay kazetariak luddismoak Herrialde Katalanetan egindako bidea xehe aztertu du.
Luddismoak mekanizazioaren kontra egin zuen, Luddek ustez egin bezala makinak suntsituz, makina haiek langileen eskubideak urratu eta lan-baldintzak okertzen zituztela argudiatuz
Iberiar penintsulako lehen ekintza luddita Alcoin (Valentzia) egin zuten. 1821eko martxoaren 2an, 1.200 pertsonek Alcoiko fabriketara jo zuten, ehungailu berriek artisau familien lana mehatxatzen zutelako. Hamazazpi makina hondatu zituzten eta, enpresako jabeekin negoziatzen hasi arren, armadak itzali zuen protestaldia. Handik bi urtera Gironako Camprodon herriko ehuleak matxinatu ziren makinen aurka, eta berriro ere interbentzio militarrak zapuztu zuen ahalegina, hainbat matxinoren aurka gerra kontseiluak egiteraino. Gainera, 1824an Errege Agindu bat jarri zuten indarrean Camprodongo Udalaren erantzukizuna jaso eta handik aurrerako ahaleginak neurri zorrotzen bidez saihesteko. Baina luddismo katalanaren adibide nabarmenena Bartzelonan gertatu zen, 1835ean. Bi urte lehenago bertako Bonaplata enpresa izan zen lurrun-makinak erabiltzen lehena. Aurrez kaxkarrak ziren lan-baldintzak okerrera egin zuten. Langileek makinak eraso ordez, zuzenean fabrikari su eman zioten.
Euskal Herriko industrializazio prozesua aintzat hartuta, pentsa liteke luddismoak ere bidea egin zezakeela gurean. Baina, beharbada ehungintzak halako pisurik ez zuelako, ez zen ekintza ludditarik izan. Nacho Cavero Garcés historialariaren esanetan, ordea, “zuzenagoa litzateke kasurik egon ote zen ez dakigula esatea, Espainian matxinada ludditen gaia oso gutxi aztertu delako, Alcoiko edo Bonaplatako kasuak salbu”.
Ingalaterran nahiz beste toki batzuetan, Luddismoa azkar itzali zen, bere helburuak lortu gabe. Baina teknologiaren mehatxuen gaiak gaurkotasuna ez du galdu, eta neoluddismoa ere garatu da korronte filosofiko gisa. Baina Cavero Garcésen ustez, luddismoa makinak suntsitzeaz haratago doa: “Ludditak sistema ekonomiko berriaren aurka altxa ziren, iraganeko lan-komunitateen babesa eta elkartasuna kupidarik gabe suntsitu zuen sistemaren aurka”.