Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Nork: Ekida Arte Ekimena.
Noiz: ekainaren 20an.
Non: Azkoitiko Baztartxo antzokian.
------------------------------------------------------------------
50 urte dira Gabriel Aresti euskal idazle marxista hil zela, eta Ekida arte ekimenak ekarpenak hartu eta etorkizunera begira jarrita oroitu du. “Ezin dugu bere poesia iraganetik hartu, soilik etorkizunetik”, diote.
Ezer gutxi esan dezake hildako batek etorkizunaz, baina ereindako haziek derrigor ematen dute lorerik gerora. Ekida arte ekimen sozialistak eta Arestik badute zer edo zer komunean: ideia marxistak eta arte politiko eta iraultzailearen aldeko grina.
Euskal idazle ezagunenetako bat dugu aipaturikoa, euskal poeta prestigioduna eta euskal literaturaren pilareetako bat. Idazle berritzailea eta kritikoa, egun harrotasunez oroitua. Garai haietan ez zuten ikuspegi bera, ordea. Traidore eta espainolistatzat hartzen zuten bere ideia eta jardun politikoagatik, nortzuk eta Letek eta Txillardegik berak. Ideia hori oso presente dago obran: “Poesia herriarentzat, langile eta baserritarrentzat, eta ez burgesiarentzat”, dio Arestik obra honetan. “Euskara irakastea mundu berri baterako izan dadila eta ez dagoena soportatzeko”. Boteredunek ere, apaiz, nagusi, editorial eta interesdunek ez zuten begi onez ikusten, eta hainbat poema zentsuratu zizkiotela kontatzen dute; Franco edo eliza kritikatzeagatik eta egiak esateagatik. Hala nola garaiko kezkak eta gertaerak modu gordin zein poetikoan jasotzen ditu ikusleak: lan heriotzak, abortua eta abortuagatiko heriotzak, grebak eta manifestazioak, Bilboko Portuko lan gogorrak, euskara klandestinitatean, manifestazioak, errepresioa, zentsura, boikota… Eta maitasuna, laguntasuna, amorrua eta grina ere bai.
Hori guztia kontatzeko hainbat pertsonaia gorpuzten dituzte. Aresti bera hiru aktorek ordezkatzen dute, haren bizitzako etapa banatan bakoitzak. Horrez gain, Bilboko Portuko lankideak, nagusiak, lagunak, senideak, maitalea, apaizak, polizia, herritarrak, grebalariak eta Lurdes Iriondo bera ikus ditzakegu oholtzan. Zalantzarik gabe, Francoren garaira garamatza orduantxe oraindik jaio ez ginenak ere. Jantziek, hizkerak eta sortzen duten giroak ezinbestean kokatzen gaituzte han.
Oholtzan lau aktore, eremu desberdinak irudikatzeko mugitzen diren bi aldamio eta giroa, soinuak eta abestiak zuzenean sortzen ari diren bederatzi musikari. Oskorriren Forjarien kanta, Adela eta Oskorri abestiak jotzen dituzte zuzenean. Eusko gudariak zeharkako txirulaz, Lurdes Iriondoren Gaua gitarra eta ahotsaz eta harrigarria den antzekotasun batekin. Une eta irudi hunkigarri, sakon zein magikoak jasoko ditu ikusleak. Idazlearen poemak entzun ahalko ditu errezitaldi zein zeharkako elkarrizketetan.
Hildako batek ezer gutxi esan dezake etorkizunaz, hilek ez baitute balio, biziek bai. Hala, euskaldunen lurrean oskorria zabaltzeko irrintziak borobilduko du obra, Oskorri kantak, hain zuzen. “Borrokatu izan den etorkizunak nonbait irauten al du? Ezinezkoa da ezerezean geratzea”.