argia.eus
INPRIMATU
Gorputz hotsak
“Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela”
  • “Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela. Drag-a genero sistema binarioa zalantzan jartzeko tresna politikoa izan daitekeela uste du. Poesiaz baliatzen da maitasunaz eta desamodioaz mintzatzeko. 

Olaia L. Garaialde 2025eko uztailaren 13a
Argazkilaria: Zoe Martikorena
Argazkilaria: Zoe Martikorena

Txiki-txikitatik izan du drag-arekiko grina Travis Tea artistak. Hala ere, pandemiara arte ez zeukan drag king artisten berririk. Horiei esker, makillatzen eta probatzen hasi, eta mundu berri bat zabaldu zaio: “Sentitzen nuen drag queen-en artean ez nuela lekurik”. 2024an, oholtzara igo zen lehenengo aldiz. Bilboko House Of Basqueers Kultur Elkartean egin zuen debuta: “Trabestitzeko eta drag-a auzora hurbiltzeko espazio bat da. Oso leku polita da”.

Azaldu du ez dela kasualitatea drag king-a beranduago deskubritu izana, eta nabarmendu du lotura “handia” duela matxismoarekin: “Historikoki drag queen asko, baina ez denak, maskulinitatea performatzen duten gizon gayak izan dira, eta king-ak maskulinitatea performatzen duten emakume lesbianak. Orduan, emakumeek egiten dituzten gauzei beti ikusgaitasun gutxiago ematen zaie”. Hala ere, edonork egin dezake drag-a.

Gainera, ez du gustuko queen eta king-en arteko bereizketa egitea, eta bere burua etiketa baten edo bestearen barruan sailkatzea. Izan ere, iruditzen zaio genero sistema binarioa “indartu” dezakeela: “Uste dut artiston ardura dela drag-a politikoa izatea eta zenbait rol apurtzea. Nire kasuan ez-binarioa naiz drag-etik kanpo; orduan, drag-ean ere”. Ekainaren amaieran, Burlatako (Nafarroa) Lumak Travesti Fest jaialdian izan zen, eta Albina Stardust drag artistak aldagelan esandako hitzak nabarmendu ditu: “Albinak esan zuen genero rolak apurtu nahi baditugu, ongi legokeela drag-aren barruan ematen diren rolak apurtzea ere, eta ez mugatzea queen edo king garela esatera”.

“Uste dut artiston ardura dela drag-a politikoa izatea eta zenbait rol apurtzea”

Asko mugitzen da heavy munduan, horregatik, hasieran kritika egin nahi zion 1980ko hamarkadako hard rock munduari. Garai horretan adierazgarriak ziren, besteak beste, glamourra, ileorde handiak, praka estuak eta makillajea: “Kanpotik ematen du ez dela oso maskulinoa, baina behatu dudanagatik jenderik matxistena da. Emakumeak objektutzat dituzte eta beti ari dira emakumeekin larrutan egiteaz hizketan”. Horregatik, hori irudikatzen zuen gizon baten estereotipoa performatu nahi zuen, baina azkenean erabaki zuen ez zela ideia ona: “Pentsatzen hasi, eta neure buruari galdetu nion ea benetan performatu nahi nuen matxirulo bat. Ez nuen jada existitzen den genero rol bat indartu nahi”.

Zenbait artistaren estrategia edo bidea rol horiekin jolastu, mugara eraman, eta horietaz barre egitea da. Horren helburuetako bat da rol horiek erridikuluak direla ikusaraztea: “Drag batzuek egiten dute, eta itzela iruditzen zait, baina ni ez naiz barregarria. Orduan, jendeak ez luke ulertuko parodia bat dela”.

Poesiatik eraldatzen

Azkenean, heavy mundua albo batera utzi, eta beste bide bat hartu du Travis Teak: “Amodioaz maiteminduta dagoen poeta bohemio eta mozkor bat da. Kanpotik, talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat daukate”. Emanaldi batetik bestera gauza batzuk aldatzen dituen arren, poemek leku handia dute eszenaratzean: “Nire poemak irakurtzen ditudanean erraietan daukadana erakusten dut. Oso katartikoa da”.  Maitasunaz eta desamodioaz mintzo da poemetan, baina ez dio generoari erreferentziarik egiten: “Ez dakit jendeak ulertzen duen harremanak sortzeko modu desberdinak daudela”.

Askatzeko tresna izateaz gain, kontatu du drag-ak bidea “argitu” diola: “Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela. Gogoan dut lehenengo aldiz jantzi eta makillatu nintzenean negarrez hasi nintzela, ispiluaren aurrean horrela ikusi nahi nuelako neure burua. Orduan konturatu nintzen urteak neramatzala horri ez begiratu nahian”. Argi ikusi zuen zerbait egin behar zuela horrekin: “Jolas bat bezala da hasieran, baina gero ikusten duzu beti izan nahi duzula horrela”. Gaineratu du beste pertsona trans askorentzat ere lagungarria izan dela.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Erraiak. Nire poemetan ia beti erraiez hitz egiten dut zerbait sakona delako. Filosofikoki hitz eginda erraietan daude sentimendurik sakonenak".