1995a zen. Tolerantziarako Nazio Batuen Urtea. Errespetua, onarpena, eta kultura, sinesmen eta komunitateen arteko bizikidetza baketsua aurreikusi zituen NBEk urte horretarako. Baina, II. Mundu Gerrako amaieraren 50. urteurrena ospatzen ari zirenean, Europa beste genozidio baten ateetan zegoen. Bosnia, Europaren bihotzean, odolusten ari zen, eta gerra horren sinbolo bilakatu zen Srebrenicako kokalekua, merezimendu osoz: 1995eko uztailean 8.000 bosniar musulman baino gehiago hil zituzten. Orain 30 urte.
Anaitasuna eta Bakea aldarrikatzen zituen Yugoslaviatik zetozen bosniarrak, eta inon zentzurik bazuen, hain zuzen ere, Bosnia eta Herzegovinan zen. Sinesmen, komunitate eta etnia desberdinen batura lortu zuen Josip Broz Tito Yugoslaviako presidenteak, eta herrialde osoaren ispilu zen Bosnia eta Herzegovina, Yugoslavia txikia ere esaten zioten. Izan ere, gainontzeko herrialdeak monoetnikoagoak baziren ere, Bosnian hiru etnia nagusiak elkarrekin bizi ziren: %43,7 ziren bosniakak –bosniar musulmanak–, %31,3 bosniar serbiarrak –kristau ortodoxoak– eta %17,3 bosniar kroaziarrak –kristau katolikoak–. Bizikidetza izan zuten urte luzetan, baina barne krisiek haustura sortu zuten, eta nazionalismoek gora egitearekin bat heldu zen gerra.
Testuinguru horretan, Srebrenica kokaleku berezia zen. Serbiako mugatik hurbil, eta gehiengo serbiarra zegoen eremuan zegoen: hiria, ordea, gehiengo bosniakekoa zen. Horrela, inguruko herri bosniakak serbiarren esku geratzen joan ziren heinean, Srebrenicara ihes egin zuten bertako biztanleek. NBEk esku hartu eta gune seguruak ezarri zituen, eta Srebrenica zen horietako bat; Sarajevo zen beste bat, zeina setiopean zegoen 1992tik. 1993a zen.
NBEren erabaki horrek eragin zuen Srebrenicara errefuxiatuak zientoka heltzea; 1993 eta 1995 arteko biztanleria datuek 40.000 pertsonatik gora kontatu zituzten hirian, bertako ohiko biztanleriaren laukoitza inguru. Errefuxiatuekin batera heldu ziren NBEren Bake Indarrak, kasko urdinak; lehenengo kanadarrak, eta 1994tik aurrera, herbeheretarrak. Baina soldaduak helduagatik ere, ez zuten izaera militarreko disuasio elementurik ezarri; are, eskatutako soldaduen laurdena ere ez zituzten bidali, eta bakarrik “beren buruaren defentsan” egin zezaketen tiro, ez zibilen defentsan. Kokalekuak iraun zuen bitartean, bizi baldintza kaskarretan izan ziren errefuxiatuak, laguntza humanitarioaren etengabeko mozketekin: 1995eko uztailaren 8ko komunikazio batean, Bosniako Armadako Estatu Nagusiko buruak abisua eman zuen hirian zortzi pertsona gosez hil zirela.
“Ziurgabetasun sentsazioa sortu behar da Srebrenicako biztanleen artean, hainbeste, ezen bizirauteko esperantzarik ere izango ez duten”, Radovan Karadžić Bosniako Serbiar Errepublikako –Bosnia eta Herzegovina barruko entitate serbiar autonomoa– presidenteak eman zuen agindua, 1995eko martxoan. Handik lau hilabetera, uztailean, hiria inguratzen ari ziren Bosniako Serbiako Errepublikako Armadako tropak, Ratko Mladić Srebrenicako harakina buru. Kasko urdin herbeheretarrek “tiro bakar bat” ere ez zuten bota armada serbiarraren aurka, Srebrenicako iturriek esandakoaren arabera. Gerora egin dituzten adierazpenetan, soldaduek adierazi izan dute bi agindu zituztela: errefuxiatuak defendatzea, baina gorpu bakar bat ere ez eramatea Herbehereetara. Alegia, serbiarrei ez oldartzea. Egiari zor, tropa herbeheretarren koronelak errefortzuak eskatu zizkion NATOri behin baino gehiagotan, baina hark ukatu egin zituen eskaerak, eta heldu zirenerako berandu zen.
Uztailaren 11n hiria serbiarren eskuetan geratu zen, eta bertan ziren errefuxiatuek kasko urdinen kuartelera egin zuten ihes: fabrika zahar bat zen kuartela, Potočari-n, Srebrenicatik bost kilometrora. 25.000 pertsona inguru izan zirela diote datuek, gehientsuenak emakumeak eta umeak; kuartelean, ordea, 5.000 lagunentzako lekua zegoen bakarrik, eta gainontzekoek inguruko fabriketan hartu zuten babes. Beste 15.000 zibilek, gizonak denak, mendietan zehar egin zuten alde, eremu seguru baten bila.
2019an Herbehereetako Auzitegi Gorenak onartu zuen Herbehereek erantzukizuna zutela Srebrenica gune seguru ez mantentzearena, baina “oso murritza”
“Hemen gaude, 1995eko uztailaren 11n, Srebrenica serbiarrean, serbiarren egun handi baten bezperan. Hiri hau ematen diogu nazio serbiarrari, turkiarren aurkako altxamendua gogoan. Musulmanei mendeku hartzeko momentua heldu da”, esan zien Mladićek berarekin Srebrenicara eraman zituen kamerei, eta horri ekin zion. Kasko urdinak errendituta, kuartelean zeuden emakume eta umeei ebakuazioa hitz eman zien Mladićek, eta horrela hasi ziren hamaika autobusetan emakumeak eta umeak sartzen. Guztia errebisatu zuten gizonik sartzen ez zela ziurtatzeko, eta zeudenak autobusetik jaitsarazten zituzten.
Momentu horretatik aurrera hasi zen sarraskia. Lekuko ugarik kontatu dute kuartelaren inguruetan bertan ikusi zituztela exekuzioak, emakume zein gizonak hil zituzten. Mendietan ihesean zeuden gizonek ere patu bera izan zuten. Radislav Krstić-ek, Mladićen eskuin eskuak, ihesean zihoazen zutabeak begiztatu zituen, eta irratiz agindu argia eman zien bere soldaduei: “Hil itzazue, ez dugu inor behar bizirik”.
1995eko uztail hartan 8.000 bosniaketik gora hil zituzten, egun gutxian, serbiarrek. Hildako kopurua ez da zehatza, orain artean lortu den zehatzena da 8.372, baina horien guztien gorpuak ez dira aurkitu, askok desagertuta jarraitzen dute. Izan ere, hobi komunetan agertu ziren gorpu horiek, deseginda eta gorputz atalak hodi desberdinetan banatuta. Hainbeste, ezen, 30 urte beranduago, oraindik beren kideak aurkitu ez dituzten bosniakak dauden.
Genozidio hartatik hiru hamarkadatara, ezer ez da berdin Srebrenican. Iaz onartu zuen NBEk uztailaren 11 Srebrenicako genozidioa gogorarazteko eta horretaz gogoeta egiteko egun gisa. Genozidioaren arduradunak ere epailearen aurretik pasatu ziren, Nazioarteko Zigor Auzitegitik, eta genozidioagatik eta gerra krimenengatik epaitu zituzten. Karadžić presidenteari eta Mladić militarrari bizi osoko kartzela zigorra ezarri zieten, ihesean egon eta gero atxilotu zituztenean. Armadako beste zenbait karguri ere zigor luzeak jarri zizkieten; Krstići, ihesean zihoazenak hiltzeko agindua eman zuenari, 37 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eman zuen agindua grabatuta geratu baitzen eta hori izan zuten froga.
Gauzak aldatu dira, beraz, baina ez denentzat. Arduradunak epaitu badituzte ere, eta nazioartean errekonozimendua aitortu bazaio ere, biktimek oraindik ez dituzte arduradun guztiak epaiketan ikusi. Eta justizia osoaren aldeko mugimenduan, Srebrenicako Amek egin dute bultza handiena. Mundu osoan egin ziren ezagun, beren koloredun zapiekin, eta Argentinako Maiatzeko plazako amen antzera, arduradunei erantzukizuna eskatzen zietelako. 2002an eratu zen taldea, Herbehereetan, eta harrezkero Srebrenicako genozidioan familiako kideak galdu dituztenen justizia ibilbidea lagundu dute, baita gorpuen bilaketan ere. Zentzu horretan, ICMP Desagertutako Pertsonen Nazioarteko Komisioak ere lan handia egin du, DNA datu base bat sortu baitzuen gorpuzkien identifikaziorako, eta 90.000 lagin jaso zituzten bertan.
2024an NBEk ohartarazi zuen Srebrenicako genozidioa gauzatu zuten gerra kriminalak goraipatu zituztela Bosniako Serbiar Errepublikaren egun nazionalean
Srebrenicako Amen kasu ezagunena izan zen Herbehereetako Gobernuaren aurka aurkeztu zutena. Izan ere, salatu zuten NBEk eta Herbehereek ez zutela beren betebeharra bete, Srebrenica eremu seguru mantentzea, alegia. 2014ko erreklamazioa onartu zion epaimahaiak, eta 2019an eman zuen epaia Herbehereetako Auzitegi Gorenak. Onartu zuen Herbehereek erantzukizuna zutela, baina erantzukizun “oso murritza”: kasko urdinen kuarteletik bota zituzten 350 gizonen heriotzaren erantzule ziren soilik, %10eko posibilitatea baitzuten serbiarren eskuetan ez erortzeko. Epaia ez zitzaien nahikoa iritzi Srebrenicako amei: “Inoiz ez dugu ahaztuko gertatutakoa eta inoiz ez ditugu Herbehereak barkatuko”, adierazi zuen epaia jaso berritan Munira Subašić bozeramaileak.
Kasu horren aurrekaria izan zen 2011ko Hasan Nuhanović-ena. Hagan, Nazioarteko Zigor Auzitegian, onartu zuten Nuhanovićen eta beste bi bosniaken familiakideak tropa serbiarrei entregatu zizkietela, eta hori gaitzetsi zuen. Sententziak azpimarratu zuen hiru kideen kasua “berezia” zela, ez zela genozidioko gainontzeko biktimen egoera bera, baina hala ere, sententzia historikotzat jo zuten garaian.
Gaia bereziki mingarria bihurtu zen Herbehereetan, nazioarteko foku guztiak euren gainean sentitu zituzten genozidioaren ostean. 2022an Mark Rutte lehen ministroak barkamena eskatu zien Srebrenican izan ziren kasko urdin herbeheretarrei, “ezinezko misio” batera bidali zituztelako, eta gerora babesik eskaini ez zietela onartu zuen.
8.000tik gora bosniak hil edo desagerrarazi zituzten 1995eko hartan, zenbait zenbaketa 10.000raino ere heldu dira. Baina zenbaki osoak izanagatik ere, gorpu horiek ez dira agertu. Izan ere, Daytongo bake akordioak sinatu eta gero, 1995eko abenduan, hildako eta desagertu guztiak bilatzeari ekin zioten, hamaika hilobi komunetan banatuta. Lana ez zen eta ez da erraza, gorpuak zatituta eta leku askotan sakabanatuta baitaude, eta zenbait nazioarteko erakundek ohartarazi zuten zenbait militar serbiarrek hilobiak nahastu zituztela, ikerketak oztopatzeko.
2003an zabaldu zuten Potočariko Memoria Zentroa, kasko urdinen kuartelaren inguruan bertan, hor hasi baitzen dena. Zentroa zabaltzearekin batera, identifikatu zituzten lehen 603 biktimen hileta egin zuten. Eta harrezkero, 6.765 biktimari eman diete lur, urtero zentroan egiten duten omenaldian: uztailaren 11ko urteurrenean.
Lehen hileta hartaz gero, urtero egiten dute zeremonia Potočariko hilerrian. Urtean zehar aurkitutako gorpuzkiak desobiratu, eta identifikatzea lortzen badute, uztailaren 11n hartzen dute lur, milaka lagunen begien parean; tartean, bizirik badaude, beren familia eta lagunak.
Amaitu zen gerra, hasi ziren prozesu judizialak eta memoriari begirakoak, baina Bosniak eta Srebrenicak aurrera egin behar zuten. Aurrera egin behar zuten herrialde ofizialki zatitu batean. Izan ere, Daytongo bake akordioek ofizialki onartu zuten Bosniako Serbiar Errepublika, Bosnia barruko entitate autonomo serbiarra estatuaren lurraldearen erdia ingururekin, eta harrezkero hiru zati zituen herrialde bilakatu zen: hiru presidente, hiru hezkuntza sistema, hiru eredu etniko bateraezin. Baina batera bizitzera kondenatuta.
Etnien arteko bizikidetzak behera egin zuen nabarmen, bakoitza bere eremura mugatuta. Horren adibide nagusia da Sarajevo. Gerra aurreko garaietan hiru etnia nagusien arteko oreka mantentzen zuen hiriak: bosniakak erdia inguru ziren, %38 serbiarrak eta %7 kroaziarrak. Gerraren ondoren, aldiz, hiria ia bere osotasunean bihurtu da bosniaka, %77 dira; %3 serbiarrak eta %5 kroaziarrak. Aipagarria da serbiarren beherakada hiriburuan, batez ere, kontuan hartuta Bosniako Serbiar Errepublikako konstituzioak Sarajevo aitortzen duela bere hiriburu gisa, de facto Banja Luka bada ere.
Egoera bertsuan geratu zen Srebrenica ere, Bosniako Serbiar Errepublikaren mugen barruan, eta genozidioaren ostean eraketa etnikoa guztiz aldatuta. Gehiengo izatetik gutxiengora pasatu ziren Srebrenican, hildako jende guztiaz gain bosniak askok alde egin zutelako serbiarren eskuetan geratu ziren lurretatik. Eta Srebrenicara bertara zenbaitek itzultzea erabaki bazuten ere –eta horretan lan handia egin zuten elkarte memorialistek– gutxiengo izaten jarraitzen dute.
NBEk 2024ko urtarrilean egindako ohartarazpen batek alarmak piztu zituen. Genozidioa Saihesteko Aholkulariak, Alice Wairimu Nderitu-k, ohartarazi zuen Srebrenicako genozidioa gauzatu zuten gerra kriminalak goraipatu zituztela Bosnian. Bonsiako Serbiar Errepublikaren egun nazionalaren barruan izan ziren gertakizunok. Wairimuk adierazi zuen: “Genozidioa etengabe ezeztatzea eta arduradunak goraipatzea kezkagarria da, eta eskualdean bakea eta elkarbizitza oztopatzen jarraitzen du”.
Izan ere, Serbian Srebrenicako genozidioaren gaiak hautsak harrotzen ditu. Hain zuzen ere, erreportajearen hasieran aipatu moduan, 2024an onartu zuten NBEko estatu kideek uztailaren 11 izango zela Srebrenicako genozidioa gogorarazteko eguna. Alemania eta Ruandak eraman zuten gaia bozketara, eta erresoluzioan serbiarrak eta beren errua aipatzen ez baziren ere, ezezko botoa eman zuen Serbiak, eta horren aldeko presioa egin zien gainontzeko estatuei ere. Are, bozketa gauzatu bezperan Milorad Dodik-ek, Bosniako Serbiar Errepublikako presidenteak, mehatxu egin zuen entitate autonomoa Bosnia eta Herzegovinako lurraldetik bereiziko zuela.
Aurten ere izan da alarmarik, martxoaren 7an Srebrenicako Memoria Zentroaren albiste batek piztu zuen: zentroa itxi behar izan zuten, “segurtasun faltagatik”. Horren arrazoia izan zen Bosniako Serbiar Errepublikak Bosniako Polizia eta Justizia departamentuak bota zituela bere lurralde osotik, Srebrenica barne. Beraz, zentroa ixteko erabakia hartu zuen antolakuntzak, “langileei, bazkideei, gonbidatuei eta bisitariei behar besteko segurtasun neurriak” eskaini ezin zizkiotelako.
Bosnian debekatuta dago, legez, genozidioa ukatzea, 2021eko lege batek zehazten duenez: sei hilabete eta bost urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten ditu legeak genozidioa ukatu edo sarraskia justifikatzen dutenentzat. Lege hori Bosniara bidalitako nazioarteko goi ordezkariak ezarri zuen, eta serbiarrengan ez zuen erantzun onik izan. Are, legea onartu berritan, Bosniako Serbiar Errepublikako Parlamentuan beste lege bat onartu zuten, Srebrenicakoa genozidio gisa errekonozitzea eragozteko.
Egoera horretan, urtero egiten dute genozidioa ukatzeagatiko delituen kontaketa, eta kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, urtero daude ehunka lege hauste. Hori horrela, 2024an egindako adierazpenetan, hurrengo ohartarazpena egin zuen Wairimuk: “Iragana onartu eta genozidioa eta bere ondorio lazgarriak aitortzen ez dituzten gizarteek arriskua dute krimen horiek berriro gertatzekoa".