argia.eus
INPRIMATU
Europako ongizate estatua gainbeheran?
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2025eko uztailaren 09a

Europako ongizate estatuak munduan zehar izugarrizko miresmena izan du herritar xeheen artean, ez hainbeste enpresari eta agintarien gehiengoan. Izan ere, miresmen hori areagotu egiten zitzaigun iparraldeko herrialdeetatik pasatzen baginen, izan lan bat egin behar bazenuen edo ikasle moduan zerbitzuren bat jasotzerakoan (1950-1980). Baina, tamalez, urrezko aro horren jarraipena amaitzear dago, baita eskandinaviar herrialdeetan ere.

Zergatik diot hori guztia? Alde batetik, aurrekontu publikoen sarrerak etengabe murrizten ari dira, batik bat goi mailako diru sarrerak arinago zergapetzen direlako eta erdi mailako klasea desagertzear dagoelako. Horri guztiari erantsi behar diogu enpresa erraldoiek apenas ordaintzen duten zerga esanguratsurik. Beraz, oinarrizko zerbitzu publikoak eskaintzeko nahiko baliabiderik gabe geratzen ari dira erakunde publikoak. Are, sarrera publikoak ez dira igoko BPGren portzentajearen tamainan.

Gastu publikoei dagokienez, laurogeiko hamarkadan hasi ziren murrizten edo partidak berrikusten, eta okertu ziren 2008an finantza krisia zela eta. Krisialdi horren errudunak, finantza erakundeak (bankuak eta aurrezki kutxak), erreskatatu behar ziren diru publikoarekin, baina kudeatzaile errudunak beraien aulkietatik mugitu gabe.

Krisi egoera horretatik irtete aldera, estatuak zorpetu ziren finantza erakundeei dirua maileguan uzteko, mailegu horiek inoiz osoki itzultzeko asmorik gabe izan arren; Espainiako Estatuan, adibidez, maileguen kopurua 66 mila milioi eurokoa izan zen, baina 23 mila milioi euro bakarrik berreskuratu zituen gobernu zentralak. Gainontzeko 43 mila milioi euroak estatuak bere gain hartu zituen, beste erremediorik gabe, eta ondorioz zor publikoa areagotu zitzaigun.

Sánchezek ere argi dauka defentsa gastuak BPGren %5era heltzeak ongizate estatua desagertzea ekarriko lukeela eta, ondorioz, AEBetako eredura joango ginatekeela

Zor publiko horregatik, estatuak finantza erakundeei, atzerrikoei barne, urteko interesetan 31-38 mila milioi euro ordaintzen dizkie, BPGren %2,4; horrezaz gain, finantza erakunde horiek, aipatu dirutza hori kobratzeko lehentasuna daukate Konstituzioaren 135. artikulu erreformatuaren arabera. Begi bistakoa da aurrekontuetatik kopuru andana eramaten dutela finantza erakundeek eta ongizateko gastu partidek nozitzen dute. Nolabait, finantza erakundeek BPGren zati oparoa eramaten digute erakunde publikoetatik.

Aurrekontu publikoen huste horretan beste urrats bat emango da gastu militarren hazkundea gauzatzen bada. Izan ere, Trumpek bere lehen agintaldian Europako NATOko kideei jakinarazi zien gastu militarra BPGren %1etik %2ra igo behar zutela. Orain, Errusiaren mehatxua delakoaren aitzakiarekin, beldurra sartu nahi digute, eta gure burua ganoraz defendatze aldera, gastu militarrak BPGren %5era igo behar ditugu: AEBetako enpresa militarrei erosita.

Haatik, gastu militar horiei eransten badiegu finantza erakundeei ordaindu beharreko %2,4, %7raino helduko dira aurrekontu publikoetatik joango zaizkigun funtsak, eta eragin zuzena izango dute hezkuntza, osasungintza, etxebizitza, garraio, ikerkuntza eta zaintza partidetan. Eta Hego Euskal Herriak kupo handiagoa ordaindu beharko dio gobernu zentralari. Azken finean, desagertzear geratuko zaigu ongizate estatua, gorago aipatu gisa, sarrera publikoak ez baitira haziko.

Beraz, Pedro Sánchez presidenteak ere argi dauka defentsa gastuak BPGren %5era heltzeak ongizate estatua desagertzea ekarriko lukeela eta, ondorioz, AEBetako eredura joango ginatekeela, non ongizate estatua ez den apenas existitzen eta dirudunek bakarrik izango duten aukera zerbitzu publiko oro eskuratzeko.