Nunquam polluta dio Baionako lemak, erran nahi baitu "sekulan zikindu gabea" edo "sekulan hartu gabea", eta erreferentzia egiten die inbasio saiakera historikoei, espainiarrengandiko, frantsesengandiko eta ingelesengandiko saiakerak ez omen baitziren emankorrak izan, eta ezin izan omen baitzuten Baiona konkistatu. Baliteke hala izatea, baliteke mitoa izatea. Baina iraganeko zintzotasun horrek gutxi du ikustekorik gaur egungo egoerarekin.
Bego horretan Historia, gaurkotasunera heltzeko. Baionako besten atarian gaude, lehertzear dira –erabili espresioen artean, hala erraiten baita, bestak "lehertzen" direla–. Bost egun eta gau iraganen dira jende olde gaitzaren meneko. Segur aski Euskal Herriko beste zenbait lekutan bezala, ez-lekua bihurtuko da, norbanakoa desagertzen den espazio lauso eta masa-oihartzun bihurturiko horietako bat.
Azken urteetan, Baionako besten aipamenak gertatzen direnean, sobera usu gertakari latzak aipatzen dira: ebasketak, borrokak, bortxaketak, hilketak, gehiegikeriak. Giroa jasangarriago bilakatzeko asmotan, bestei buruz gogoetatzeko eta neurriak hartzeko taldeak bildu izan dira, hiritar eta hautetsiak bilduz, batzuetan elkarrekin eta beste batzuetan bereiz: guztien interesak ez du bakoitzarenarekin errazki bat egiten. Datak aldatu dira. Ordutegiak eta eremuak birfinkatu dira. Seguritatea indartu da. Hiriaren garbiketa langile taldea indartu da. Bizkitartean, hainbaten ikuspegitik, bestek jasangaitzak izaten jarraitzen dute.
Baionesen iritziaz arranguratu gabe eta, gainera, haiek ordaindu zerga sariarekin antolatzen da besta dena, eta eragin kalteen konpontzea ere bide beretik
Baiona festa bat da, baina ez denen ustez. Eta gaiari buruz hautetsi eta komertsantak entzuten badira ere, gutxiagotan entzuten da baiones soilen ahotsa. Horien kasuan, kontua idekitze eguna baino astebete lehenago hasten da eta beste bi aste berantago bukatzen. Hau da: hogei eguneko kontu dorpea da. Izan ere, herriko zerbitzuak orduan hasten dira herria hesiz inguratzen eta aparkalekuetako araudiak moldatzen. Orduan ere, ostatu eta jatetxe guztiak hasten dira bazterrak prestatzen: barrak instalatzen, edari eta hornigaiak apailatzen. Hainbat komertzio ere, gisa bera, aitzineko asteburuan berean hasiko dira saltegiak babesten eta hesten.
Baionesek ez dute, hortik goiti, leku gutxi baizik, eta urte osoan hainbat komertzio biziarazten badituzte ere, upel meten artean, ulertzen dute jada ez direla hain premiazkoak, eta kafe hartzeko hobe dutela ondoko herriraino pusatzea. Urtero, anitz dira Baionako bestetan hiritik ihes egiten dutenak "kanpotarrak" joanen diren arte. Izan ere, masak datoz eta haiekin batera, bost egunez goitikina eta pisa karrikan gaindi, hondarkinak Errobira besagainka, frijitu usain pisua, karrikako airea saturatuko duen izerdi urrina eta prezio politika beldurgarria. Ezaguna baita: Baionako besta "onak" egiten dituenak, urte osoko zenbakiak salbatzen dituela.
Baionatik eskapatzea lortuko ez duenak, pairatu beharko du ere pesta eredu dekadentea eta errespetu gutxikoa, eta ondoko astean, ohiko lekuak zerraturik kausituko ditu, opor egun batzuk merezi direla-eta.
Baionesen iritziaz arranguratu gabe eta, gainera, haiek ordaindu zerga sariarekin antolatzen da hori dena, eta eragin kalteen konpontzea ere bide beretik. Hiriko arduradunak atorra txurri birjinal ontsa lisatuak soinean agertuko dira seigarren egunean, espantatzeko zein gauza ederra (izan) den. Ostalariek, haien miseriaz negarrez, lanbidearen zailtasunak aipatuko dute, etekina ez aipatzearren.
Ez dira bost, hogei egun luze dira. Polluta, erabat.