Bi gai mahai gainean, ezinbestean.Batetik, CAF eta Palestina. Bestetik, PSOEren bueltako ustelkeria sarea. Nondik hasi eta non bukatu ere ez dakit, bulkadez betetako artikulua izango dela jakinda.
Nazio Batuen Erakundeak 40 enpresa salatu ditu, CAF tartean, eta Gazako genozidioan enpresa-aliatu gisa aurkeztu ditu. Piramidearen punta soilik omen da, eta ziur zuzenean eta zeharka Euskal Herriko hamaika enpresa izango direla genozidioarekin eta okupazioarekin negozioa egiten ari direnak. Sidenorrek ustez eten ditu Israelekin dituen negozioak, BDZ (Boikota, Desinbertsioak, Zigorrak) mugimenduaren eta sindikatuen presioen eraginez. Zaila da, baina, eskualde oso bat mantentzen duen enpresa bati buruz ari garenean, langileak ere jabe direnean, funts publikoak tartean daudenean.
Ez dugu zertan hain muturrera joan behar, baina. Hitz egin dezakegu kontsumismo kooperatiboaz, hitz egin dezakegu kutsadura sortzaile nagusienetakoak diren lan elkartuko kooperatiba industrialez, hitz egin dezakegu (praktikan) maila sozioekonomiko jakin batentzat diren hezkuntza proiektu kooperatiboez, hitz egin dezakegu proiektu kooperatiboek azpikontratatutako garbiketa zerbitzu prekarioez. Gauza askori buruz hitz egin dezakegu, gure inkoherentzien jabe egin eta hortik ekinez.
Eta alderdi politikoetako ustelkeria. Zer esango dizuet ba! Nahiko nuke Madrilgoaren oihartzuna izango balute EAJren bueltako ustelkeria kasuek. Baina eskuinaren ustelkeria ez da hain erraz salatzen, eskuina boterean dagoenean.
Dena den, esleipenei buruz ari garela, beste eredu sozioekonomiko bat bultzatzeko aukera zabaltzen digutela gogoratzea ez dago soberan. Oinarriak moldatuta, bultza genitzakeelako proiektu kooperatiboak, elkartasunean oinarritutakoak, bizi baldintza duinak eskaintzen dituztenak, irabaziez harago begiratzen dutenak. Borondate eta bisio politiko beharra, hemen ere.