argia.eus
INPRIMATU
Auzo-lotsaren printzesa: gora Azuleja!
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko uztailaren 11

C.R.I.N.G.E
Azuleja
Le Royale, 2024

--------------------------------------------------------------------

Bai, ia beti euskal taldeak dira lerro hauetan intereseko. Guretzat, eta zuentzat. Baina pixka bat epifania moduan, Amabirjina ikusi duenak nola, hala daukat aurkikuntza bat partekatzeko. 

Balboako Observatorio jaialdian (Leon, Espainiako Estatua)  ikusi genuen Azuleja. Urrutitik, neska bat ezkontzako soineko handi eta itsusi batekin autotune zatar batekin abesten. Bere alboan, galtza motzetan, zigarroa ahotik kentzen ez duen gitarra jolea, aulki batean eserita. Soinua lo-fiaren mailara iristen ez den arren, bada zerbait txundigarria: kantua ederra da eta abeslari eta gitarra jolea bikainak. 

Ihes egiteko imintzioa egin dugu, baina Azuleja izan da ihes egin duena. Eszenatokitik korrika egin du alde, Roy Borland bakarrik utzita, hiru minutu luzeren ostean, sportez jantzita, bi dantzarirekin, eta dantza erabat erredikulu batekin itzultzeko. Aho bete hortz, gu. Jakin gabe ea geratu edo hanka egin. Berriz joan da Azuleja, eta berriro buelta. Oraingoan, printzesaz jantzita: ponpoi batzuekin eta cheerleder batzuk nola, publiko osoa letreiatzen: C.R.I.N.G.E.! 

Etxera iritsi, eta erabat flipatuta, diskoa entzutera. Hajar Kaddouri Boudib da Azuleja, 2003an Rabaten jaioa, baina txikitatik Madrilen hezia. Idazle izateko ametsa zuen, eta ez musikari, baina kasualitateen ondorioz, Erdi Aroari buruz egin nahi zuen idatzia –Azuleja pertsonaia bertarako sortua da– disko berezi (oso berezi) batean bihurtu du Kaddourik. 

Pop komertzialaren arauak bihurritzen dituen printzesa hiperestimulatu baten historia, maitasuna eta desira ospatzen dituen bitartean. "Kontzeptua bagenuen, cringe-aren erregina, eta ni gauza barregarriak egiten nahita. Neure buruari esan nion: Auzo-lotsa ematen badut... are gehiago emango dut!". 

Elkarrizketa batean azaltzen zuenez, Carly Rae Jepsen eta Katy Perryren estiloko kantak egitea zen bere ideia, baina horiek alde “mega cringe delirante” batera eramanez. Harrigarria da, nola kantu ederrak ia umorezko kantu bihurtu dituen, finean, kritika soziala egiteko. Gutxi dira musikaren markoa aldatzeko gai diren artistak. Ikuskizunarekin ezkutatzen dute batzuek, diskurtso eta teoriarekin, besteek. Azulejaren proposamena beste bat da: antzerkiarekin eraldatu du bere musika. Eta horra hor bere sekretua: bizitza antzerki bat dela, eta nork bere papera aukeratzeko borrokan bizi garela.