Guangzhou (Txina) 1925eko ekainaren 23a. 100.000 herritar inguru bildu ziren atzerriko potentzia inperialisten aurkako martxan. Maiatzaren 30ean britainiarrek hainbat manifestari hil zituzten Shangaiko protestaldi batean. Hildakoekiko elkartasunez Guangzhouko langileek greba abiatu zuten ekainaren 21ean, eta bi egun geroago egin zuten manifestazio jendetsua. Manifestariak Shaji auzunera iritsi zirenean, britainiar eta frantses soldaduek bidea oztopatu zieten tiroka. Dozenaka hildako eta ehundik gora zauritu eragin zituen indar inperialisten erasoak. Sumindura herrialdean hedatu zen, horrek Mendebaldeko indarren aurkako jarrera hauspotu zuen, eta britainiarren aurkako boikot kanpaina arrakastatsua abiatu zuten.
Hildakoen kopuru zehatza ez dago garbi. Guangzhou Republican Daily egunkariaren arabera 47 hildako izan ziren; Guangdong Probintziako Federazioaren txosten baten arabera, berriz, 52 izan ziren hildakoak. Baina urriaren 3an egindako hiletetan 61 gorpu prestatu zituzten ehorzteko. 2020an, Guo Xin-ye historialariak gaia berraztertu zuen eta, tiroketaren unean, guztira 45 lagun hil zituztela ondorioztatu zuen; 38ren identitatea baieztatzea lortu zuen eta beste zazpiak identifikatu gabe geratu ziren. Baina txinatar historialariak aitortzen du kopurua ez dela definitiboa. Sarraskian zauritu larri asko izan ziren: 178. Eta litekeena da horietako batzuk hurrengo egunetan hiltzea eta kopurua 52ra edo 61era igotzea.
Shajiko “sarraskia“ esan zioten eta esaten diote Txinan duela 100 urte gertatutakoari. Mendebaldeko potentzientzat, ordea, Shajiko “gertakaria” izan zen
Shajiko “sarraskia“ esan zioten eta esaten diote Txinan duela 100 urte gertatutakoari. Mendebaldeko potentzientzat, ordea, Shajiko “gertakaria” izan zen –eta ingelesezko Wikipediak gaur egun ere hala jasotzen du sarrera–. Shajiko “erasoa” deitzeko atrebentzia ere izan zuten, jakina, manifestariak erasotzailetzat eta beren burua biktimatzat joaz.
Gertatutakoari izena jartzerakoan eta hildakoak zenbatzerakoan bezala, balorazioen garaian ere aldeek oso bestelako bertsioak zabaldu zituzten.
Britainiarrek txinatarrei egotzi zieten errua, aurrez Guangzhouko herritarren aurkako ekintzak leporatuta: txinatar agintarien ustezko “emakumeen eta haurren kontrako eraso zentzugabe, antolatu eta basatiak” erabili zituzten erantzuteko aitzakiatzat. Txinatarrak “gezurretan” ari zirela adierazi zuten, eta gertatutakoari “sarraski esatea bidegabea” zela. Asiako Frantziar Batzordeak (Comité de l'Asie Française) bat egin zuen britainiarren ikuspegiarekin eta arrazoi sakonak topatu zituen gertatutakoa azaltzeko: “Txinatar xenofobia tradizionala” eta “propaganda boltxebikea”.
Mao Zedongek, aldiz, garbi eta soil laburbildu zuen txinatarren iritzia: Shangaiko eta Shajiko sarraskiak “inperialismoaren eta horrek berekin dakarren terrorismo zuriaren froga argiak” izan ziren.