Pasa den astean kontabilitatea egiteko software libreko programa instalatu nuen ordenagailuan. Ez dakit lurralde guztietan berdin izango den, baina Bizkaian jarduera ekonomiko bat garatzen dugunok Batuz atarian egin behar ditugu fakturak. Batuz ataria ondo dago, baina aldundiaren kontrol helburuak lortzera lehenetsita dagoela begi-bistakoa da. Horrela, profesionalok aparteko sistemak sortu behar ditugu, jarduerarentzat hain beharrezkoak diren datu agregatuak eta horien nondik norakoak aztertu ahal izateko. Profesional txiki asko kalkulu-orriekin konpontzen da, baina ERPak (Enterprise Resource Planing / Enpresa baliabideen kudeatzaileak) eskaintzen dituzten trazabilitate eta bateratze aukerak gustuko ditut. Behar hori asetzeko programa baten bila nengoela, Frappe Books izeneko software libreko sistema aurkitu dut. Baina sistema osoa ingelesez dago, eta, zaila egiten zait ingelesez kudeaketa egitea. Plataforma euskaratzera animatu naiz, orokorrean hizkuntzetan oso trebea ez naizen arren. Lan horretan hasi behar nuelarik, softwarea euskarara itzultzeko proiektua jada hasita zegoela ikusi dut. Euskara hizkuntza gutxitua izanik, software librearen itzulpenak orokorrean ez dira eremu formaletik bultzatzen, ez baitira errentagarriak, lan boluntarioak izan ohi dira.
Software librea euskaraz itzultzen ari den isileko itzultzaile horietako askok librezale.eus taldeko kide dira, eta, besteak beste, joan den astean Android sistema eragileetan PlayStore aplikazio gordailuaren alternatiba den F-Droid aplikazio gordailua euskaratu zuten.
Software librearen munduan elkarlana ezinbestekoa da. Garatzaile batek, bere sorkuntza librea egitea erabakitzen duen momentutik, elkarlana bultzatzeko bidea irekitzen du. Eta bidea ekarpen bakoitzarekin zabaltzen eta aberasten doa.