Zezenketaren kontrakoa naiz, baina debekua heltzen den bitartean, jarraituko dut zezen-plazetan gozatzen”. Lagun baten iruzkin zinikoa gogorarazi dit Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiaren azken polemikak.
Izan ere, Koldo ustelkeria kasuaren testuinguruan filtratu diren audioek argi utzi dute sexu zerbitzuak ordaintzen zituela eta langileei buruz modu nazkagarri batean mintzo zela politikaria Koldo García Izaguirre bere aholkulariarekin. Bada, prostituzioaren abolizioaren alde agertu zen Ábalos; are gehiago, telebistako elkarrizketa batean zin egin zuen inoiz ez zuela sexu zerbitzurik ordaindu: "Ez dut batere atsegin nirekin diruagatik bakarrik egotea".
Tira, ez da harritzekoa politikari bat gezurtia izatea, ezta ere PSOEko feminista burgesen erreakzioa: "Lege Abolizionista Integrala” aurrera ateratzeko kemena suspertu du haiengan, “proxenetismoa bere forma guztietan debekatzeko, sexu industria desegiteko eta prostituitzaileen eskaria desaktibatzeko".
Ez dute ulertu nahi prostituzioa desagerrarazteko ezkontza heterosexual normatiboa ere abolitu beharko litzatekeela. Bestela esanda, emazte errespetagarrien ifrentzu dira “emagalduak” patriarkatuan. Horregatik, Ábalos bezalako matxistentzat naturala da bi diskurtso eta bi bizimodu paralelo izatea (senar abolizionistak publikoan, puteroak pribatuan).
Hori aldatzeko modua ez da sexu langileak eta haien bezeroak jazartzea. Drogekin nola, inozoa da sinistea lege abolizionistak kalte egingo diela enpresa-gizonei. Sexu langile antolatuek behin eta berriro azaldu dute kalean dihardutenek klandestinitatera pasatzearen arriskua, baita ere “proxeneta”ren definizio zabalak jomugan jarriko dituztela: esaterako, kide bati pisuko logela alokatzen dion prostituta izango da proxeneta.
Harro zutabean nabarmendu nuen Stonewall matxinadako ikonoak, Marsha P. Johnson eta Sylvia Rivera, sexu langile trans arrazializatuak zirela (eta bisexualak). Putak badira sexu askapen mugimenduko subjektu: maritxu, bollera, trans eta biziotsuekin espazioak konpartitu dituztelako; asko LGTBIQ+ak direlako, eta moral hegemonikoaren hipokresia zein feminitate zuzenaren performancea agerian uzten dutelako. Bilboko E28ko koordinadoraren aurtengo manifestuan eskatu dute sexu langileen borrokaren alde posizionatzea. Nik argi daukat.