Kooperatiben mugimenduak euskal nortasunaren sakoneko afektu bat esnatzen du gehienetan. Kontzeptuarekiko gertutasun, harrotasun, lurraldetasun bat. Eta bizirik dabil, kooperatibek gaurkotasun handia irabazi dutelako, ez da iraganeko historiako ekimen euskaldun bat. Kapitalismoaren bizitza harrapatzeko erraztasunaz eta diruarekiko sortzen duen menpekotasunaz jabeturik alde batetik, eta garaikidetasunaren energia, elikadura, zaintza eta ekologia krisialdiez kontzientziaturik bestetik, kooperatibek arnasgune posible bat irudikatzen dute askorentzat. Egituraren barne, arrakalatxo bat.
Herri-kooperatiben mugimendua, modu isolatuan bada ere, arrakasta handiak sortzen ari da landa eremuetan batik bat, herriko denda, okindegia, ostatua edo taberna kooperatiba moduan irekita mantentzea lortzen dutenean. Biztanleez husten ari den landako herrietan ondo dakite zenbait aktibitate ekonomiko martxan izatea soldata bat eskuratzetik haratago doala, bizigarritasun-guneak direla eta komunitatea eraikitzeko bide. Herritarrak bazkide bilakatzen direnean, herriko ehundura kontsideratzen dituzten aktibitateak bultzatzeko, eraikinak berritzeko edo elikagaiak ereiteko, ekonomia lokal eta komunitarioa sortzen da. Lurraldearekiko atxikimendu bat, tokikotasunaren izaera propio bat dirua irabaztetik eta kontsumo neurotikotik urrutiratzen dena, lan duinak sortzearen aldekoa eta interes publikoaren zerbitzutan.
Herri-kooperatibek lurralde burujabetza dute jomugan eta beraz, lurraldea eraikitzeko tresna dira. Energia komunitateak, agroekologiako nekazaritza eta baso zaintza taldeak, haur eta helduen zaintza, eraikinen eraikuntza-eguneraketa lanak, lagapeneko etxebizitzak... Administrazio publikoa erantzule da kooperatibak egituretan gobernantza izateko aukera sortzea eta beharrezkoa duten espazio fisikoak eskuratzeko bidea egitea. Saretutako kooperatiben bidez mantendu daiteke bizitzak eusteko beharrezkoa den ehundura bat. Hori da behar dugun utopietako bat.