“Ez dakit” esaldi itzela da, baina zenbat kostatzen den esaten ikastea! Irakasleoi, batez ere, ikasleek eta gizarteak orojakileak garela sinistarazi digutelako. Beraz, eskola-emaileoi ezjakintasuna aitortzeak lotsa eta larria eragiten digu, gure ahultasun hori onartzeak makalago-edo egingo gaituelakoan.
Baina ezin dugu dena jakin, ezinezkoa delako. Halere, ezinbestekoa da guztia ez dakigula onartzea gure ikasleen aurrean. Galdetu diguten hori ez dakigula, baina kontsultatuko dugula, eta azalduko diegula aitortu behar zaie. Ikasketa ederra zaigu, ezinbestekoa libreago ez ezik, maistra/maisu hobeak izateko ere. Liberazioa.
Gremio batzuek oraindik ez dute “ez dakit” hitzez adierazten ikasi, antza. Lan batzuengatik, zenbait teknikorekin hitz egitea suertatu zaigu. Ez zekiten zer gertatzen zen, eta errua beste bati –edo elkarri– egozten zioten. Baina arazoak konpondu ez.
Gizonezkoak ziren guztiak, eta irakasleon egoak bezala, eurenak ere ez zien ezjakintasuna adierazten lagatzen. Hala, problemak konpondu barik segitzen zuten. “Ez dakit” esaten ikasi balute, irtenbidea errazagoa zatekeen, ziur!