argia.eus
INPRIMATU
Ameslari handien kondena
Maialen Arteaga @MaialenArteaga 2025eko uztailaren 03a

Ikasturte hau, zalantzarik gabe, ekitaldi handien ikasturtea izan da. Horrek hainbat hausnarketa eragin ditu kalean, eragile sozialetan zein sareetan. Eragin baino gehiago, azaleratu; egon bazeudelako lehenago ere. Esan beharrik ez dago: aisialdia ez da erantzukizun politikotik at dagoen eremua. Aisialdia errealitate sozial eta politikoaren isla da, baina aldi berean, berau aldatzeko palanka garrantzitsua ere bada. Kapitalaren logika da nagusi eta formula horren logikapean eraikitzen da egungo eredua. Are bistakoagoa da hori eskala handian: makro kontzertuetan, festibaletan... Fenomeno mundial horren aurrean Euskal Herritik badugu komunitate bezala zer hausnartu, logika merkantilistak gure sen komunitarioari pultsua irabazi ez diezaion, edo gure hizkuntzaren arnasberritzeak aro honetan izan behar duen formari buruz.

Handien aurrean txikia izanagatik, euskal kulturak denetarik behar du bere alde: txikia, handia, 'mainstream'-a, 'urderground'-a, gaztetxeak, Nafarroa Arena, kafe antzokiak...

Hori bai, sentsazioa dut sarritan elefante txikiaren tranpan erortzen garela. Elezaharraren arabera, ba omen zen hankatik lotuta bizi zen elefante txiki bat. Hamaika saiakera egin zituen urte luzez hankara lotua zeukan katea askatzeko. Ahaleginen ahaleginez, lehertuta bukatu zuen elefante txikiak, eta azkenean errenditu egin zen. Elefantea hazi egin zen, ordea, eta pisua eta tamaina biderkatzearekin batera, indarrak ere biderkatu zitzaizkion. Ia indarrik egin gabe apurtuko zukeen orduan katea, baina, animaliarik indartsuena izanagatik, ez zen sekula berriro ihes egiten saiatu, ezinezkoa zela ikasia zuelako. Irakurketa asko ditu alegiak, baina euskal kulturari ezartzen zaion kondenarekin paralelismo batzuk ikusten dizkiot. Gorka Urbizuk esan zuen aldizkari honetan bertan 2014ko elkarrizketa batean, kultura gutxitua izateaz gain, gutxizalea ere badela gurea, eta gutxieslea ere bai beste askotan. Berri Txarraken arrakastaren apar sasoian egindako elkarrizketa bat da. Orduan ere kritikaren bat edo beste jaso zuen taldeak oholtza handi batzuetan jotzeagatik.

Gu ere, hein batean, hanka lotua duen elefante txiki hori gara. Handien aurrean txikia izanagatik, euskal kulturak denetarik behar du bere alde: txikia, handia, mainstream-a, urderground-a, gaztetxeak, Nafarroa Arena, kafe antzokiak, Miribilla, erdiguneak eta bazterrak, boterea eta kontraboterea, kaleak eta pantailak. Urteak aurrera doaz, baina eztabaida zaharrak berri. Txikiari ukatu egiten zaio handi amestea, anbizioa ez balegokigu bezala. Euskaldunontzat eta euskal kulturarentzat zaila da arnasguneetatik haratago arnasteko agertoki batekin amestea. Baina biziraupenaz ari garenean, ekosistemak berak bere osotasunean izan behar du arnasgarria.