argia.eus
INPRIMATU
Adiskidetasuna, hausnarketa egiteke
Tere Maldonado @teremaldon 2025eko uztailaren 03a
DOM CAMPISTRON

Lagunen arteko erlazioak fluidoen fisikaren pean daude, amodio erlazioak baino gehiago, Zygmunt Bauman gorabehera. Ez du gura esan amodio harremanak, egun, solidoak direnik. Likuadora-ren soziologoak saiakera gomendagarria idatzi zuen horretaz, Maitasun likidoa, azpitituluz Giza loturen hauskortasunari buruz, konpromiso eta harreman iraunkorrak ezartzeko egungo arbuioa hizpide. Baina maitasun harremanek perimetro argia dute, adiskidetasunak ez bezala. Egonkorrak ez izan arren (ohi zenez eta poloniar pentsalariak nabarmentzen duenez), are gutxiago betierekoak, bikote erlazioen ingeradak (zer diren, noiz hasi eta amaitzen diren) definituago daude.

Jada ez dugu elkar ikusten kasik. Aspaldi ez dut haren berririk. Ea deitzen diodan. Elikatzen ez duguna ahitu egiten da. Behin gure zirkulu txikienean lagun mina izan zena apurka-apurka lagun ez-intimoen egoerara pasa daiteke, baita ezagun hutsen esparrura iritsi ere. Maitasuna ere zurbildu daiteke, noski, baina bikote erlazioa edo badago edo ez dago. Berriz, laguntasunak, likido bainoago, gasa dirudi sarri: hedatu ahala, dentsitatea eta sakontasuna galduz doa. Bikote harremana haustean kontsolatzen gaituzte. Non dago airean disolbatzen diren adiskidetasunen dolua?

Badakigu zer den maitasun deklarazioa, baina ez dago laguntasun aitortzarako eredu homologaturik. Gustuko dugun bat limurtu nahian ibil gaitezke, baina zelan irudikatu “bere adiskide izatea gustatuko litzaidake”? Ez da xelebre samarra? Adiskidetasun harreman bat hasteko nahiak ez du eskulibururik.

Elikatzen ez duguna ahitu egiten da. Behin gure zirkulu txikienean lagun mina izan zena apurka-apurka lagun ez-intimoen egoerara pasa daiteke, baita ezagun hutsen esparrura iritsi ere

Klasikoek laguntasunaren balioa nabarmendu dute maiz (ia beti gizonen arteko adiskidantza bertsioan). Ordea, gogoetok ezin dira konparatu amodiozko poesia tonekin, ez behintzat kantitatean. Feminismoak pertsonala politikoa dela ezarri zuenetik, feministok ez ezik, ezkerrak ere orokorrean hausnarketaren bat edo beste eskaini die harreman pertsonalei. Maitasunak jende askok partekatzen dituen kritikak sortu ditu (teorian guztiok dakigu “maitasun erromantikoa” kaltegarria dela, gero koherentziaz jokatzea apur bat gehiago kostatzen zaigun arren), kontrara, adiskidetasunak analisi-umezurtz jarraitzen du.

Autolaguntzaren arlo zalantzagarrian pertsona toxiko kontzeptua mahai gaineratu da. Utah-ko edo antzeko unibertsitateko ikerketa zegoen hor nonbait, emakumezkooi emakume-lagunekin harreman estuek ematen diguten pozaz. Gutxi gehiago. Bai, errepikatzen dugu lagunak zaindu behar direla, ezin ditugula komodin gisa erabili bikotekiderik ez dugun tarteetarako, baina osagai asko falta dira analisian, zer esan, jardueran. Adiskidetasunak ahaide pobrea izaten jarraitzen du.

“Hautatutako familia”-n hari-mutur asko lotu gabe gelditzen dira: nork hautatzen duen; nork hauta dezakeen; nor izaten den hautatua; zer gertatzen den hautatu nahi dugun batek beste harreman nagusi batzuk baditu; zer egin asko gustatzen ez zaigun norbaitek gu hautatzen bagaitu; zelan jokatu bat-batean lagun taldetxo esklusibo baten erdian gure burua sarkin bat bezala aurkitzean. Noizbehinka komunitatea eta zaintza ateratzen ditugu txisteratik, baina gero lagunen merkatua arautzen duten erregelek burtsako kotizazioren antza dute, interesak beti tartean. Eta zilegi da: oso lanpetuta gaude.

Pieza asko bat egin gabe daude oraindik. Ideologia neoliberalak bikote harremanetan eragin du, baina bereziki zikindu du adiskidetasuna, eta lehian dauden planak bihurtu dira adiskidetasunarenak. Pentsa dezagun, bestela: zerk bihurtzen gaitu erakargarri adiskidetasun ikuspegitik?