argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
OSHW
Diana Franco Eguren 2025eko ekainaren 25

2016. urtean Ping elkarteak urtero Nantesen antolatzen duen Summer Lab-ean izan nintzen. Gurean ere halakorik badugu, adibidez uztaileko lehen astean Tabakalerako Medialabean ematen dena.

Nanteseko Summer Lab-ean OSHW (Open Source Hardware / Kode Irekiko Hardwarea) inguruan, talde bat sortu zen. Talde hura FLOSS (Free/Libre and Open Source Software / Kode Irekiko Softwarea eta Software Librea) dituen lizentziak, edota edukiak partekatzeko sortzaileen eskubideak babesteko Creative Commons lizentziak abiapuntutzat hartuta, hardware librea babesteko lizentzia eta gordailu bat sortzeaz ari ziren. Gaur egun existitzen da halakorik.

Gailuei lotuta, mastodon.eus sarean irakurri izan dut Europar Batasunak, etxean izan ohi ditugun elektrogailuetan bezala, mugikorren energia eraginkortasunari loturiko etiketa bat sortu duela, ekainaren 20tik aurrera martxan jarri dena eta honakoak baloratzen dituena: gailuak duen erresistentzia, bateriaren iraupena beste karga bat egin aurretik, konpontzeko aukera maila, iragazgaitasun maila (ura eta beste elementu batzuekiko).

Etiketa berria dela medio, mugikorren konponketei loturiko eztabaida sutsuak irakurri ditut sareetan. Bada ikusten duenik, etsipenez, gailu zahar berregokituen erabilerak ekar ditzakeen segurtasun arazoak ezingo ditugula gainditu konponketen bidez. Bada uste duenik ordezko piezen prezioa handitzean konpainiek merkatua menderatzen jarraitzeko estrategiak segiko dituztela.

Eta mugikorrak OSHWaren garatzea, programaturiko obsoleszentzia eta konponketen sistema itxiak eragozteko bidea izango balitz? Badirudi galdera hori batek baino gehiagok duela buruan. Etikak gidatuta, negozio eredu alternatiboen bila ekimen ezberdinak sortzen hasi dira. Zutabe hau idazten nagoela, Liberux OSHW mugikorrak garatzeko proiektua ezagutu dut.