Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025
---------------------------------------------------------
Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra egitea ere gizalegea dela. Bada, Aretxabaletako talde gazte honek nolabait erantzuten dizkie bi kontu horiei, haien erara. Talde hau osatzen dutenetako hainbatek oso gazteak zirenean ska talde bat egin zuten askoren harridurarako. Gerora sakabanatu egin ziren, eta horietakoren bat, hain justu aita betidanik punk-rockean buru-belarri izan duena, rap, trap eta estilo urbanoetan erabat murgildu zen. Baina, halako batean, berak txikitatik ikasitakoa eta gaur egungoa uztartzeko nahia piztu zitzaion, eta berehala batu ziren aspaldian musika koordenada desberdinetan ibilitako lagunak.
721 gogor gabiltza leloa daukan taldeak estreinako diskoa kaleratu du Aretxabaletako kuartelean bertan grabatutakoa, eta aurpegi horiek guztiak azaleratzen ditu modu txukun eta originalean. Bi gitarra, baxua, bateria, tronpeta, DJa eta bi abeslari, autotunea barne agertokian, eta, besteak beste, Never Surrender, Los Chikos del Maiz eta Des-Kontrol-en kamisetak soinean.
Intro intrigante batek zabaltzen du diskoa, eta jarraian dator 721 Rec, autotune leunarekin jaio eta rockero malenkoniatsua bihurtzen den gaztelaniazko pieza, tronpetak protagonismo handia hartuta. Momentu latzetan danbatekoa da, Txerrikumeak taldekoen laguntzarekin, ukitu alemaniarra daukan punk-oi! pieza gitarrero eta bizi-bizia. Niebla y bruma kantu lasaian Tatta-k esku hartzen du eta pop-rocka, reggaetoia eta elektronika ezkontzen dira. Iraun borrokan-en, Neallta Fola-ko kideekin, autotuneak, punk-folkak, gitarra indartsuek eta gaitaren melodiek bat egiten dute. Guerreros II da haien klasikoaren birmoldaketa, autotuneak gidatzen duena. 00-n Iren daukate alboan eta tronpetaz aberastutako pop-rocka idatzi dute sasi-rapeatua ere badena. Bizitza pirata-ko ontzira Axeri eta Fane igo dira punk-rock, rap eta pop entsalada egitera. Eta, azkenik, Trampas da reggaetoi eta trap arteko arrangura.