argia.eus
INPRIMATU
Oporrik ez elkartasunari
Itziar Moreno Martínez 2025eko ekainaren 25

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak hartuko ditugu, lehia ahalkegarrian, nor urrunago, nor paradisu gentrifikatuago batera. Gerta daiteke zirrikitu bakartiak nahiago izatea eta, orduan, gure furgoneta kanperizatuekin abiatuko gara, bazter erromantiko-ezkutuenerainoko safari “mendizaleetan”, pneumatikoen lorratzaz mendia desondratuz. Betiere, nork selfie irribarretsuagoa, liluragarriagoa atera.

Bidegabekeriek ez dute etenik, ordea. Kaleratzeek, txakurren gehiegikeriek, eraso matxista/arrazista/homofobo eta abarrek... ez dute bakantzarik hartzen. Eta, oso zorigaitzez, Israeleko tankeek ez dute oporraldi tankera handirik.

Gure lan prekarioetan larruak utzi ostean, ordea, ez al ditugu guk ere merezi lantokietan luzaz borrokatutako opor horiek...?

Hegaldi bat hartuz gero, izan dadila borrokan diren herriei gure ekarpentxoa eskaintzeko. Urtero antolatzen dira brigadak munduko hamaika txokotara elkartasuna eramateko

Bada, Jaia bai, borroka ere bai! leloak, zaharra izanagatik, ez luke zertan modaz kanpo egon. Badira gure paisaia ederretan plan erakargarriak aukeran, dibertigarriak, borrokalariak, kulturaz eta esperientzia betegarriz josiak. Esaterako, EHZ, udako lehen hitzordu herrikoi handia; ekaina amaieran, Arberatze-Zilhekoan, txoko, eskaintza, giro eta antolakuntza paregabeak! Jarraian, Hatortxu Rock: presoen aldeko jairik erraldoienaren azken emanaldia izango dugu aurten Lakuntzan. 100 kontzertuotan ozen abestuko dugu, azken presoa etxeratu arte borrokan jarraituko dugula!

Bi festibalotan dugu parada hainbat hitzaldi edota tailerretan esku hartzeko; berbarako, Joxemi Zumalabek antolatuko dituenak Herri Mugimendu(ar)en eraginkortasun politikoari buruz hausnartzeko. Zein eragin izan dute azken urteotako aldaketa politikoek mugimendu borrokalarietan? Militante izan ala ez, denak gonbidatuta gaude gure iritzia ematera!

Eta aizu, hegaldi bat hartuz gero, izan dadila borrokan diren herriei gure ekarpentxoa eskaintzeko. Oraindik ere, urtero antolatzen dira brigadak munduko hamaika txokotara elkartasuna eramateko. Orobat, Palestinaren alde hemen egiten dugunak ezer gutxirako balio duela pentsatu ohi dugu, ikusita sarraskiak ez duela etenik. Bada, ekaina erdialdean, adibidez, deialdia egin zuten Egiptora bidaiatzeko Gazako mugan presioa egiteko helburuz. Etorriko dira deialdi gehiago! Oporretan ere, elkartasunari eutsi!