argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Persepolis
June Fernández 2025eko ekainaren 25

Irango hiru gune nuklearrei eraso diete AEBek pasa den asteburuan. Donald Trump eta aiatolaren arteko pultsuan eta Netanyahuren rolean zentratu dira hedabideak albistea ematerakoan, ez ordea bertoko zein diasporako herritarren larritasunean: Teheranetik ihes egiteko bultzakada, komunikazioen etena, aire-espazioaren itxiera...

Onartu behar dut ezer gutxi dakidala Irani buruz, ez bada Marjane Satrapiren Persepolis komikian aspaldi irakurri nuena. Jakin badakit Irani gaizkilearen papera esleitu izanak eragina duela gure iruditeria kolektiboan. Deshumanizazioa baldin bada sarraskien aurreko onarpen soziala ahalbidetzeko baldintza (alegia, “besteen” sufrimendua normalizatzea, “haien” miseriak naturalizatzea), filmeko maltzurraren kasuan are eta errazagoa da justifikazio sinbolikoa.

“Iranen aberaste nuklearrerako gaitasuna suntsitzea, eta munduan terrorismoaren babesle nagusiak ordezkatzen duen estatuaren mehatxu nuklearra amaitzea” argudiatu ditu Trumpek; Irakeko berdintsuak. AEB eta Israelena ez baita estatu terrorismoa, defendatzeko eskubidea baizik.

Eskerrak Trumpek ez duela emakumeen liberazioaren karta baliatu, Afganistanekin George W. Bushek egin bezala, agian egungo AEBetako “erregimenaren” burua sexu erasoengatik zigortua izan delako.

Alabaina, Chaimaa Boukharsa Espainiako Estatuko Afrocolectivx hedabideko sustatzaileak argi dauka genero islamofobiaren gorakadak funtsezko papera bete duela Palestina eta Iranen kontrako ofentsiban. Hurrengo mezua argitaratu du, besteak beste: “Ahizpa, korri, Mendebaldeko inperialismoak berriro askatu nahi gaitu-eta”.

Pasa den Martxoaren 8an islamofobiaren kontrako manifestu bat zabaldu zuten Espainiako zenbait feminista antiarrazistek, eskoletan hiyaba debekatzeko neurriak salatzeko. Azaldu zuten zapia deabrutzea (integrismo islamikoaren ikur gisa aurkeztuta, eta ez Europako askotariko emakumeen hautu identitario gisa) estrategia dela herritar musulmanak “balio antidemokratikoen eramaile” gisa aurkezteko eta, hala, “klase arriskutsu” bihurtzeko.

Gauzak horrela, premiazkoa dugu bonbardaketen justifikazio sinbolikoa ahalbidetzen duten diskurtsoak neutralizatzea eta bizitza iraniarrak inporta zaizkigula adieraztea. Are gehiago, diasporako gure bizilagunak aintzat hartzea, entzutea eta besarkatzea.