Wesley Clark AEBetako jeneralak azaldu zuen moduan, 2001eko plana zen bost urtetan zazpi herrialde hartzea: Afganistan, Irak, Somalia, Sudan, Libano, Siria eta Iran. Ez dira bost urte izan, baina denak, azkena Siria, erori dira, Iran izan ezik.
Iranek erasoak Sirian, Iraken eta etxean sufritu ditu. Hezbollah-ren aurkako erasoak lazgarriak izan dira eta Siriako Arabiar Errepublika desagertu da. Horri guztiari erantsi behar zaizkio Iranek sufritzen dituen blokeoa eta zigor ekonomikoak. Horregatik, batzuek pentsatu dute zazpigarren fitxa eror zitekeela eta horretan jarri dute Israel, Irani eraso egiten, nazioarteko legedia hausten.
“Potentzia errebisionista” esaten zaio herrialde bat nazioarteko harremanen status quoarekin ados ez dagoenean eta hori aldatzeko jarrera aktiboa hartzen duenean. NATOko herrialdeek diote Errusia, Txina edo Iran potentzia errebisionistak direla. Halere, lehenengo errebisionistak Mendebaldeko herrialdeak dira. Gerra Hotza amaitu zenetik NATO status quoaren aurka egiten hasi zen, bere mugak zabaltzen eta eraso gerra ilegalak abiatzen. Horregatik, Mendebaldeak nazioarteko legediarekiko interesa galdu zuen, oztopoa baitzen polo bakarreko mundu hegemonikoa eraikitzeko. Baina beste herrialde batzuk beraien interesen defentsan nazioarteko legedia estresatzen edota hausten badute, NATOko herrialdeek “arauetan oinarritutako munduaz” hitz egiten dute. Nazioarteko legedia herrialde guztiei aplikatu beharko litzaieke, aldiz, “arauetan oinarrituriko munduan” arauak ez zaizkio Mendebaldeari aplikatzen, baizik eta gainerako munduko herrialdeei soilik.
Iranek Israelen erasoaren aurrean emandako erantzuna gaitzetsi dute, berriro ere agerian utzita Mendebaldearen moral bikoitza eta nazioarteko legeekiko erdeinua
Horrek azaltzen du zergatik Israel jaio zenetik nazioarteko legalitateak aitortzen dituen lurralde palestinarrak okupatzen joan den. Gaur egun, Zisjordaniako lurraldeak anexionatzen jarraitzen du eta Gazan genozidioa egiten ari da. Siriako Golana anexionatu du, eta egun bere armadarekin Siriako eta Libanoko beste lurralde batzuk okupatzen ari da. Horrez gain, inguruko herrialdeak (Palestina, Libano, Siria, Yemen edo Iran) nahi duenean bonbardatzen ditu.
Oraingoan Irani eraso egiteko erabili duen aitzakia da 1990eko hamarkadatik errepikatzen ari dena: Iran arma nuklearrak lortzear omen dago. 2025ean gaude eta oraindik ez du arma nuklearrik. Teheranek hainbat unetan akordioak lortu ditu NBErekin eta hainbat herrialderekin pobretutako uranio ekoizpena murrizteko. Azkena 2015ekoa izan zen. Dena ondo zihoan, 2018an AEBak akordiotik erretiratu ziren arte. 2020an, Washingtonek Qasem Soleimani komandante irandarra hil zuen Bagdadeko Nazioarteko Aireportuan misio diplomatikoan zegoela. Ondoren, Israelek Iran probokatzen jarraitu du, baina Teheranek, tentuz, probokazioak saihestu ditu.
2024an inflexio-puntua izan zen: Israelek Irango Damaskoko kontsulatua bonbardatu zuen eta hamasei pertsona erail, Teheranen Ismail Haniya (Hamaseko buruzagia) hil zuen eta Beiruten aireko erasoan 30 pertsona baino gehiago erail zituen, tartean Hasan Nasrala Hezbollahko buruzagia. Ondorioz, ekintza-erreakzioa-ekintza logika martxan jarri zen, gerra irekira pasa den arte. AEBen eta Iranen artean pobretutako uranio ekoizpena gutxitzeko negoziazioen erdian, Israelek Irani eraso egin eta dozenaka zibil eta guardia iraultzailearen buruzagitza militarra erail ditu. Mendebaldeko herrialdeek, betiko legez, isiltasuna, ulermena edo laguntza esplizitua adierazi dute. Jakina, Iranek Israelen erasoaren aurrean emandako erantzuna bai gaitzetsi dutela, berriro ere agerian utzita Mendebaldearen moral bikoitza eta nazioarteko legeekiko erdeinua.