argia.eus
INPRIMATU
Ezusteko bila
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2025eko ekainaren 25

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei espainiarrek” aldibereko itzulpena baliatuta aritzea bilera batean. Lehendakariak eta EAJko ordezkariek euskararen erabilera babestu dute, eta frankisten zapalketarekin parekatu dute PP alderdiaren jarrera. Horraino ezustekorik ez.

PPko senatariak, ordea, beste alderdi bat ere haizatu du: egunerokoan aldibereko itzulpen sistema baztertu eta erdaraz aritzen direnen hipokrisia; ez zen senatariez ari, Eusko Jaurlaritzako Gobernuaren Kontseiluko kideez baizik. Hau da, leporatu die Madrilen euskaraz aritu nahi izatea, baina euskararen lurraldean gaztelaniaz eta aldibereko itzulpenik gabe aritzeko erreparorik ez izatea. Antzeko egoerarik topatu izan dut hemen; azken aldiz, Donostiako Ekialdeko Barrutiaren maiatzeko batzarrean, alkate Goiari oroitarazi behar izan baikenion erabilgai zuela aldibereko itzulpena.

Goiak oraindik ez du bermatu udaleko Ekialdeko Barrutian parte hartzen dugunok, norberak bere hizkuntzan hitz eginez, elkar ulertzerik (hizkuntza kontuez ari naiz)

Donostiako alkateak ere badu beste ageriko kontraesan bat aldibereko itzulpenari lotua, Ekialdeko Barrutia udal egitura abiatu zenetik zazpi urte igarota ere, oraindik ez baitu bermatu bere lantaldeetan parte hartzen dugunok, norberak bere hizkuntzan hitz eginez, elkar ulertzerik (hizkuntza kontuez ari naiz). Euskaldunok behartuta egoten gara bileretan gaztelaniaz aritzera, gainerakoek ulertzea nahi izatera. Egoera hori salatzeaz batera, irtenbidea ere eman genion aldibereko itzulpen sistema bat erostea bultzatuta, duela hiru urte. Ordutik, ordea, Donostiako Udal Gobernuak ez du erabili, elkarteek eta alderdiek, baita PPko ordezkariak ere, behin eta berriz eskatu arren. Horretarako aitzakia itzultzailearen kostua omen.

EAJko neoliberalekin, bueltan-bueltan, beti koska berean egiten dugu topo: sosa eskas, izan euskararen ezagutza unibertsalizatzeko, izan aldibereko itzulpena baliatzeko, edota benetan eraldatzaileak izan daitezkeen beharretarako. Euskararen alorrean “jauzi kualitatiboa” agindu du Pradales lehendakariak, “kontsentsua oinarri”. Tira, poztuko nintzateke ezustean harrapatuko banindu.