argia.eus
INPRIMATU
Energia Berriztagarrien hedapena
Analisi bat lurra esku pribatuetan ez uztearen alde
  • Halabeharrez, ugariak eta askotarikoak dira Euskal Herrian energia berriztagarrien neurrigabeko zabalpenaren aurka antolatutako mugimendu, plataforma eta elkarteak, gehien-gehienak lurraren defentsan diharduten kolektibo sozial eta politikoetatik sortuak. Urriagoak izanagatik, badira instituzioen barnetik sortutako dinamika kritikoak ere, hizpidera dakarkigun Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea kasu. EHUko zenbait akademikok bultzatutako dinamikak Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala aztertu eta hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu.

    Mezua argia da: lurraldea ez litzateke lehia askearen mende utzi behar, eta politika publikoek erdigunean jarri beharko lituzkete gardentasuna, kontrola eta herritarren ikuspegia.

Jone Gartzia Gerra 2025eko ekainaren 25
Analisiaren egileek diote udalak energia proiektu bereziak onartzera presionatzen dituztela eta batzuetan prebarikazioaren mehatxupean onartzen dituztela instalazio eskariak. Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Analisiaren egileek diote udalak energia proiektu bereziak onartzera presionatzen dituztela eta batzuetan prebarikazioaren mehatxupean onartzen dituztela instalazio eskariak. Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Zalantza izpirik gabe, energia berriztagarrien auzia ertz ugarikoa da. Hamaika korapilo ditu gaiak, nondik begiratzen den, eta ez dira, inondik inora, askatzen errazak. Energia berriztagarrien zentralek ingurunean eragina dutenik inork gutxik ukatu dezake argudio zientifikoei helduta. Ordea, horien beharrezkotasuna eta efizientzia; non, nola, zenbat eta zein neurritan ezarri; zein helbururekin eta noren mesedetan; bidezko trantsizio ekologikorako egokiak diren… ez dira erpin leunak.

Nolanahi ere, eztabaidari ezin zaio muzin egin. Hasierako onespena duen EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak 27 parke eoliko eta 149 instalazio fotovoltaiko ezartzea aurreikusten du, eta enpresa pribatuen eskariek ez dute etenik. Horien artean dago eguzki-energiaren esparruko Solaria Eguzki Sorkuntza SLU: Araban 25 eguzki-zentral ezartzeko asmoa du euskal enpresak, gehi Eusko Jaurlaritzarekin partekatuko lituzkeen beste bi. Lehenengo 25 horiek Arabako hamabi herriri eragingo liekete eta guztira 3.455 hektarea baino gehiago hartuko lituzkete.

Proiektuok bereziki erasango duten guneetariko bat Gorbeialdea da eta, justuki, bertako herritarren artean trantsizio ekosozialaren eta energetikoaren gainean prestakuntza, informazioa eta kontzientziazioa bultzatzeko sortu zuten EHUko zenbait akademikok Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea (GHU). 2024ko maiatzean jarri zuten martxan, eskualdean eskala handiko hainbat proiektu fotovoltaiko ezarri nahi dituen Solaria enpresaren eskari-olde neurrigabeen aurka agertu baina, era berean, “trantsizio ekologiko justu baterako proposamen eraikitzailea” plazaratzeko asmoz. 

Iñaki Lasagabasterren ustez, planaren araudia “oso pobrea” da eta jorratzen dituen alderdietako asko zalantzagarriak eta legez kanpokoak dira

Horrela azaldu zuen GHUko koordinatzaile Unai Pascualek iragan martxoaren 25ean Gasteizen egindako jardunaldietan. Bertan EHUko Zuzenbide fakultateko katedratiko emeritu Iñaki Lasagabasterrek, Letretako fakultateko irakasle Ana Sáenz de Olazagoitiak, Jungituko Administrazio Batzarreko Naiara Morenok eta Pascualek berak hartu zuten parte Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea aurkeztu eta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (EB LPS) inguruan taldeak egindako analisi tekniko eta juridikoa azaltzeko.

Planifikaziorik gabeko plana
GHUk martxoko jardunaldietan plazaratutako txostenak argi dio: “Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ez da benetako plan bat”. Izan ere, lurralde-antolamenduaren helburua espazioa modu sistematiko, iraunkor eta demokratikoetan antolatzea da, baina bereziki energia fotovoltaikoa eta eolikoa arautzea helburu duen EB LPSean ez dute halakoren zantzurik ikusten. Arautzera eta planifikatzera baino, plana energia eoliko eta fotovoltaikoko proiektuak “erraztera” eta oztopoak kentzera bideratuta dagoela salatu dute analisian. Are gehiago, Iñaki Lasagabaster katedratikoak ohartarazi zuen planaren araudia “oso pobrea” dela eta jorratzen dituen alderdietako asko zalantzagarriak eta legez kanpokoak direla.

EAEn 1990eko maiatzaren 31n onartu zen Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1900 legea, eta haren ondotik etorri dira Lurralde Antolamenduko Gidalerroak (LAG) eta hainbat Lurralde Plan Partzial (LPP) eta Lurralde Plan Sektorial (LPS). Horien guztien berezitasun azpimarragarriena honakoa da: EAEko administrazio guztien gainetik daudela, hots, tokiko erakundeen eta herritar guztien gainetik inposatu daitezke. Horrexegatik da garrantzitsua antolamendurako plan izaera mantentzea. Iñaki Lasagabasterrek argudiatutakoaren arabera, aldiz, EB LPS, gaur-gaurkoz, hainbat puntutan legearen aurkakoa da.

EB LPSk ez du kontuan hartzen trantsizio energetikorako denbora-eskalarik, ez eta beste sektore batzuekin duen elkarreragina ere –nekazaritzarekin, hirigintzarekin eta bioaniztasunarekin kasu–, eta ez du ikuspegi integralik. Eperik eta baldintzarik gabeko aurreikuspenek, GHUko kideek ohartarazi bezala, espekulaziorako ateak irekitzen dizkiote hainbat interesdunei, eskariak metatzeko eta negoziaziorako tresna gisa baliatzeko aukera ematen baitie. 

Azterketaren arabera, energiarena sektore estrategikoa da eta euskal botere publikoek sektorearen gaineko kontrol eraginkorra izan beharko lukete. Argazkian, erakunde publikoetako eta enpresako ordezkariak Haizea Wind dorre eolikoen fabrikaren inaugurazioan, 2018an. Argazkia: Luis Jauregialtzo / FOKU


Aipatzekoa da 2023ko apiriletik 2024ko urriaren hasierako onespena jaso bitartean, eguzki-zentralak eraikitzeko hemezortzi eskari eta instalazio eolikoak egiteko 28 jaso zituela Jaurlaritzak. 2019ko agindu parlamentarioa gorabehera, EB LPSa tramitazioan dago oraindik, baina instalazio eskaerek ez dute atsedenik hartzen: enpresek atzerapena baliatzen dute planaren aplikazioa saihesteko.

GHUren iritziz, egungo plangintzak lurraren kudeaketa esku pribatuetan uzten du, lurralde antolamenduaren inguruko Europako arauek diotenaren kontrara. EAEko egungo arauek lurraldearen liberalizazioa bultzatu dute, hirigintzatik hasi –etxebizitzaren sektorearekin– eta energia berriztagarrien sektoreraino –garapen iraunkorraren izenean betiere–. Administrazio publikoak ekimen pribatuaren esku eta, ondorioz, enpresa handien interesen esku utzi ditu bai lur-eremu publikoak eta bai sektorearen antolaketa eta planifikazioa bera ere. 


Eztabaida publikorako trabak
GHUren helburua da gizartea eztabaida sakon eta zientifikorako prestatzea eta, horretarako, beharrezkoa da informazioa eskuratu ahal izatea eta berau irisgarria eta ulergarria izatea. EB LPSa, ordea, ez da dokumentu autonomo eta irisgarria: planaren edukiak dokumentu informatiko konplexuetan banatuta daude, apenas kontrolerako abagunerik gabe moldatu daitezkeenak. Horrek zalantzan jartzen du planaren beraren gardentasuna eta balio juridikoa.

Ez hori bakarrik, eragile sozial eta politikoek aurkeztutako 4.000 alegazioek ez dute inolako erantzunik jaso, eztabaida publiko sendo eta koherenterik sustatu nahi ez den seinale. Bestalde, instalazio eoliko eta fotovoltaikoen eragina jasoko duten udalen parte-hartzea hutsaren hurrengoa dela aipatu dute GHUko kideek, kontsultara mugatuta daudelako. Horietariko asko biztanle eta baliabide urriko udalak dira eta apenas dute esku-hartzeko gaitasunik.

Gorbeialdeko Herri Unibertsitatearen iritziz, egungo plangintzak lurraren kudeaketa esku pribatuetan uzten du, lurralde antolamenduaren inguruko Europako arauek diotenaren kontrara

Irizpide ilunak
Eguzki energia edo eolikoa ustiatzeko zentralak non ezarri zehazteko, Eusko Jaurlaritzaren planak lurzoruen gaitasunen araberako banaketa ezartzen du. Zenbait aldagairen arabera, lur-eremu bakoitzak duen harrera-gaitasuna handia, ertaina, txikia edo oso txikia izan daiteke. Zehazki, bi dira aldagai horiek: lehenengoa, ustiatu beharreko baliabidea egotea lekuan –alegia, haizea edo eguzkia– eta, bigarrena, ingurumen sentsibilitatea. GHUk salatzen du aldagaien barneko irizpideak aldakorrak eta nahikoa argiak ez direla eta, horrenbestez, kontrolatzen zailak. 

Gaitasun eremuetan aukeratutako kokapen eremu (AKE) deiturikoak zehazten ditu EB LPSak, hau da, instalazio eoliko zein fotovoltaikoentzako lurzoruaren erreserbak, hiru eskalatan banaturikoak: handia, ertaina eta txikia. AKEetan eskala handiko zein ertaineko instalazioak eraikitzeko irizpideak ezartzen dira, eta eskala txikikoek apenas dute mugarik. Eskala eta gaitasun maila gorabehera, azpimarratzekoa da EB LPSak gaitasun eremutzat jotzen duela baztertze eremutik kanpo dagoen lur-eremu oro, hau da, lurzoru urbanizaezin guztia, babestutako guneak eta bizitegi-areetatik 500 metroko erradioak salbu.

Paisaia-azterketetan baliatzen diren ikus-arro deituriko unitate batzuen arabera, Jaurlaritzak saturazio-indize bat ezartzen du, paisaia gehiegi ez kargatzeko. Indize horiek errealitatearekin bat egiten ez dutela ohartarazi du Ana Sáenz de Olazagoitia irakasleak, zaharkituta daudelako edo aerosorgailuen kasuan balekoak ez direlako, nabarmen gainditzen baitituzte ikus-arroen mugak. Gainera, irizpide horiek ere planaren bertsio desberdinetan aldatu egin direla eta gehiago zehaztu beharko liratekeela uste du. 

Arabako erdigunea da, zalantzarik gabe, EB LPSak gehien erasandako lurraldea: AKEtako 149etatik 135 bertan daude, 3.626 hektarea orotara. Horrek lurraldearen ustiapenean desoreka larriak sortzen ditu, eta eragin handiagoa du biztanleria gutxiko udalerrietan eta babes eta baliabide urriko erakunde txikietan. GHUk salatzen duenaren arabera, udalok plan bereziak onartzera presionatzen dituzte eta kasu batzuetan prebarikazioaren mehatxupean onartzen dituzte instalazio eskariak.

Proiektu fotovoltaikoen eta eolikoen zein AHTren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen, 2024ko uztailean. Argazkia: Jaizki Fontaneda / FOKU.

Administrazioaren arbitrariotasuna
GHUren arabera , EB LPSean badira beste zenbait irizpide eta kontzeptu egoki zehaztu gabeak. Esaterako, lurralde antolamendurako planek eta legeek lurzoruaren antolamendu-kategoriak zehazten dituzte erabilera matrize baten bidez. Horren barnean, A eta B motako zerbitzu instalazio tekniko ez-linealak zehazten dira, lurraldean omen duten eraginaren arabera. A motakoek B motakoek baino eragin handiagoa izan bide dute, baina EB LPSak zaku berean sartzen ditu, esaterako, 10 hektareatik gorako eguzki-zentralak eta 50 ibilgailu baino gutxiagoko aparkalekuak. GHUren arabera, horrek agerian uzten du “administrazioaren arbitrariotasuna”, ez baitu inolako argudiorik ematen instalazioak talde batean zein bestean sartzeko.

Zehazki, planak lehen taldean sartzen ditu 50 plaza baino gehiago hartzen dituzten aparkalekuak; edateko ura arazteko eta tratatzeko instalazioak, urtegiak edo ur-biltegi handiak; energia elektrikoko zentralak; 100 m2-tik gorako azalera duten transformazio-estazioak; gasa biltzeko edo ekoizteko zentralak; eta hondakin solidoak tratatzeko araztegiak eta ingurune fisikoan antzeko inpaktua duten beste instalazio batzuk. Bigarren multzoan, ostera, satelite bidezko irratia, telebista eta komunikazioa igortzen eta hartzen duten dorreak, antenak eta estazioak kokatzen ditu; itsasargiak, irrati-faroak eta antzeko inpaktua duten beste komunikazio-instalazioak; 50 ibilgailu baino gutxiagorako aparkalekuak; eta aerosorgailuak eta energia berriztagarrien beste aplikazio batzuk (hidroelektrikoa, fotovoltaikoa, geotermia eta antzekoak).

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak zaku berean sartzen ditu, esaterako, 10 hektareatik gorako eguzki-zentralak eta 50 ibilgailu baino gutxiagoko aparkalekuak 

Aparkalekuen eraikuntzan tamaina hartzen da kontuan A edo B motakoak diren zehazteko, baina energia-ekoizpenarekin lotutako instalazioek ez dute muga bera: instalazio eoliko, hidroelektriko, fotovoltaiko eta geotermiko guzti-guztiek dute B motako izendapena, hartzen duten hedadura gorabehera. Iñaki Lasagabasterrek azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 2019an LAGen aldaketa bat egin zuen instalazio fotovoltaikoak B motakoen barruan sartzeko, baina bai Arabako Foru Aldundiak eta bai Eusko Jaurlaritzak aurretik instalaziook A motakoak izan daitezkeela aipatu izan dute zenbait txosten teknikotan, hauen eskala eta hartzen duten lur-eremua kontuan hartuta.

Lehiarik gabeko “lehiakortasuna”
GHUren txostenaren arabera, instalazioak ezartzeko lurren esleipena ez da benetako lehiaren bidez egiten: “Eskaria lehenengo betetzen dutenek okupatuko dute lurraldea”. Horrek aukera ematen dio aktore bakar bati –aurretik jada lur-jabeekin akordioak itxi dituenari– proiektua esklusiboki garatzeko. 

Bestalde, gardentasun eta instituzio publikoen kontrol ezak ere kezkak sortzen ditu, izan ere, badira hainbat eskari berriki sortutako enpresek eginikoak, edota bazkide bakarreko enpresenak. GHUren arabera, horrelakoek esleipenak esku gutxitan kontzentratzea eta etorkizuneko espekulazioa ezkutatzea ekar dezakete.

Ikerlarien esanetan, administrazio publikoen funtzionamenduaren gardentasun-printzipioak sektore bakoitzean esku hartzen duten enpresen nortasuna ezagutzea eskatzen du, are gehiago energia bezalako sektore estrategiko batean: “Ez da onargarria energia bezalako sektore estrategiko bat enpresa handien eta inbertsio-funtsen mende geratzea, euskal botere publikoek sektorearen gaineko kontrol eraginkorrik izan gabe”.

Eragile sozial eta politikoek aurkeztutako 4.000 alegazioek ez dute inolako erantzunik jaso, eztabaida publiko sendo eta koherenterik sustatu nahi ez den seinale

Ondorioak eta proposamenak
Gorbeialdeko Herri Unibertsitatearen mezua argia da: energia berriztagarrien hedapenak ezin du paisaia, lurralde-antolaketa eta herritarren ongizatea bazter utzi. Lurraldea ez litzateke lehia askearen mende utzi behar ezein merkantziaren gisara, eta politika publikoek erdigunean jarri beharko lituzkete gardentasuna, kontrola eta herritarren ikuspegia.

Horretarako, zenbait proposamen plazaratu dituzte EB LPSren inguruan. Lehena, kontraesankorra badirudi ere, epe zehatzeko moratoria bat proposatzen dute, trantsizio ekologiko justu, ekitatibo eta eraginkorra bermatzeko. Bigarrenik, lurraren antolamendua interes pribatuen esku ez uzteko eta esku-hartze publikoa sustatzeko energia enpresa publiko baten sorrera proposatzen dute. 

Beste aldetik, EB LPSean jasotako zenbait irizpide hobeto zehaztea exijitu dute, hala AKEak nola saturazio-indizeak, betiere irizpide tekniko eta gardenen arabera. Era berean, zuzenean erasandako udalerrietako instituzio publikoak kontuan hartzea eskatzen dute; izan ere, GHUren arabera, orain arte udalek kontsultarako baino ezin izan dute prozesuan esku hartu eta, kasu askotan, baliabide urriko udalek plan bereziak onartzera behartuta ikusi dute euren burua, prebarikazioagatik salatuak izateko mehatxupean.

Horregatik proposatzen dute horrelako proiektuen eragina pairatuko duten udalerriekin partaidetza zuzena sustatzea, bai eta herritarrena ere. Onartezintzat jotzen dute parte-hartze soziala enpresa pribatuen eraginarekin ordeztea eta hauek politika publikoetan eragin ahal izatea ontzat ematea.

Gorbeialdetik Araba osora
2025eko ekainaren 11n Arabako Herri Unibertsitatearen sorrera iragartzen zuen gutuna argitaratu zuten hedabide honetan zein Arabako beste batzuetan GHUaren bultzatzaile Unai Pascualek, Ana Sáenz de Olazagoitiak eta Iñaki Lasagabasterrek. Sinatzaileek adierazitakoaren arabera, Gorbeialdeko Herri Unibertsitatearen dinamika martxan jarri zutenetik “Arabara modu kaotikoan eta meteoritoak bailiran, zentzugabeko proiektu energetiko ugari jaurtitzen jarraitzen dute”. Horregatik erabaki dute pauso bat aurrera eman eta beste fase bat irekitzea Arabako Herri Unibertsitateari (AhU) bide emanez.

“Akademia eta mugimendu sozialaren arteko elkarlana areagotzeko helburuarekin, Arabako esparru naturala aintzat hartuta baina Euskal Herri osorako instrumentu izateko anbizioarekin” sortu dute AhU, eta xedetzat du trantsizio ekosozialaren inguruko eztabaidari “ahalik eta modu irekienean” heltzeko esparru plurala sortzea. Horretarako, Euskal Herriko askotariko diziplinatako adituekin eta “esparru ideologiko ezberdinetako arituekin elkarlanean” aritzeko asmoa azaldu dute, “laborategi bizia” izan dadin.