argia.eus
INPRIMATU
Ekaineko zurrunbilotik
Naroa Elortza Gorrotxategi 2025eko ekainaren 27a
Kooperatibismoari buruzko topaketak UEUko ikastaroetan, Usurbilen. Argazkia: UEU
Kooperatibismoari buruzko topaketak UEUko ikastaroetan, Usurbilen. Argazkia: UEU

Kooperatibismo bat komunitateari begira UEUko topaketek, komunitatea ahaldundu eta lurraldeetako beharrei erantzuteko tresna direla gogorarazi ziguten. Halaxe da, bai, baina ekaina ez da kooperatibetan idealizaziorako garai egokiena, ez behintzat kooperatibetako kudeaketa organikoan aritzen garenontzako. Gai ordenak, deialdiak, auditoretzak, kudeaketa plana, emaitzen banaketa, aurrekontuak, bozketak, aktak, kontuen erregistroa, barne araudia, estatutuak... Hori da gure udaberria. Araudi zorrotzek buruhaustez betetzen gaituzten garaia.

Izango du zentzua legedian halako zorroztasuna ezartzeak, bereziki bermatzeko bazkideen arteko ekitatea eta bidezko prozedurak. Baina neure buruari galdetzen diot ea burokraziak eta formalismoak ez dien gure erakundeei malgutasun txikiegia ematen oinarrizko elementuei erreparatzeko: konpromisoa, erantzukidetasuna, inplikazioa, maitasuna, elkartasuna, zaintza. Eta, oinarrizkoena: parte-hartzea. 

Neure buruari galdetzen diot ea burokraziak eta formalismoak ez dien gure erakundeei malgutasun txikiegia ematen oinarrizko elementuei erreparatzeko: konpromisoa, erantzukidetasuna, inplikazioa, maitasuna, elkartasuna, zaintza. Eta, oinarrizkoena: parte-hartzea 

Hain zuzen ere, kontsumoari lotutako kooperatiba integralek erronka garbi bat dute esparru honetan. Lan boluntariotik kooperatibak sortu ditugu bizitzarako oinarrizko baliabideak eskuratzeko, tokiko begirada integralarekin edota zerbitzu konkretuei begira (energia, komunikazioa, elikadura...). Kasu askotan, zorionez, lortu dugu lanpostu kooperatiboak sortzea, baina horrek, zuzenean, bazkideen parte-hartze eta boluntariotzak behera egitea eragin du. 

Zer egin bazkideekin? Nola aktibatu? Zertarako? Erantzun praktiko eta pragmatikoak topatzea ez da erraza, utopiatik errealitatera jauzi izugarria baitago. Akaso, bazkidetza kontzeptuak eraldatu eta oinarri berbera duten proiektu kooperatiboak josi genitzake, militantziak gurutzatuz eta elkar elikatuz. Baina beno, gaurkoz nahiko, udazkenean helduko diogu gaiari, ekaineko batzar orokorrak ahanzten ditugunean!