Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik urruti, eta nire etxetik lantegiak ikusten ez badira ere, garai batean gai nintzen urrutitik bereizteko zer zen galdatzen ari zirena, aluminioa edo burdina. Eta esaten nion aspertu egiten naizela lantokian, dirulaguntzak banatzen ditudala eta, edo asmatzen dudala, edo ez zaidala aparteko ezer gertatzen idazteko modukoa denik. Elkarrizketa hura berriki Camila Sosa Villada poeta argentinarrari irakurritakoarekin gurutzatu zait. Bere ustez bi idazle mota daude: fantasia idazten dutenak edo oroitzapenak idazten dituztenak. Esaten du berari buruz idazten duela beti, baina beti ez dela posible. Izan ere, batzuetan idatzi eta ezabatu egiten du idatzitakoa, horrela bere burua suntsituko balu bezala. Alferrikako bidaia dela buruan duguna eta idatzi ezin den hori. Idazten ez den bizitza badela.