argia.eus
INPRIMATU
Zein ama ospatu?
Idoia Rodriguez Mondragon 2025eko ekainaren 18a

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea, batez ere sukaldean, menpekotasunean eta ugalkortasunean mugatua delarik. Espainiako lurraldean ere, ama maitale ideala goraipatzen da, erro giristinoak mantenduz. Oro har, gertakari horrek gurasotasunari buruzko ikuspuntu tradizionalista gogoarazteaz gain, jaiotza-helburuak azpimarratzen ditu.

Gaur oraindik, ez ote diegu emazteei galdetzen noiz eginen duten haur bat, erreprodukzioari mugatuak balira bezala? Ez ote diegu oroitarazten haien ordulari biologikoa aitzinatzen dela eta damutuko direla ez baldin badiote haien zorteari erantzuten? Haurrik gabeko emakumea, zinezkoa ote da?

Alta, zelebrazio hori merezitzeko ez da nahikoa. Ama perfektua izan behar da, hots, baliozkoa: zuria, fina, zisgeneroa, heterosexuala eta senarduna.

Ama ideala eta mistifikatua ospatzeko ordez, zergatik ez ditugu maite eta zaintzen gaituzten pertsonak goraipatzen?

Arau horiei guztiei erantzunez, beharbada emazteek errekonozimendua ukanen dute. Ospakizun honentzat, marketinak lan sendoa egin du etxeko ardurak nork dituen oroitarazteko, garbigailuak, aspiragailuak eta kargu mentala igotzen duten tresnak eskainiz. Jantziak, makillajea, masajeak ere oparitzen dizkiogu gure etxeko andere idealari. Gure ikonoak ohoratzea bai, baina nahi dugun bezala apainduak direlarik!

Baina nahi edo ez, Europan eta jendarte kapitalistan, familia ereduak aldatu dira. Batzuek oraindik sistema nuklearra eta tradizionalistari monopolioa eman nahi baldin badiote (sare sozialetako tradwife eta mugimendu maskulinisten arrakastak adierazten duten bezala), errealitatean, modeloak aniztu dira. Bi bikote heterosexualetatik bat separatzeaz gain, bikotekide gabeko emazteek eta lesbianek haurrak egiteko eskubidea dute (legeak dioenaren arabera, behintzat). Orduan, zein zentzu eman gertakari horri?

Amen bestaren sinbolika garrantzitsua da, batez ere, bizitzen dugun eskuin muturraren igoeraren testuinguru orokortuan. Ikuspegi sexistak mantentzen eta zabaltzen dira eta horren parean erresistentzia egin behar da, gure ohiturak gogoetatuta. Orduan, ama ideala eta mistifikatua ospatzeko ordez, zergatik ez ditugu maite eta zaintzen gaituzten pertsonak goraipatzen? Zergatik ez dugu egun hori baliatzen askotariko maitasun eredu positiboak baloratzeko? Ezin ote ditugu haurrak errespetuarekin kudeatzen dituzten pertsona eta familia antolakuntza guztiak zoriondu?