Ascension uhartea, 1725eko maiatzaren 5a. “Holandar ontziteriako komandantearen eta kapitainen aginduz, ni, Leendert Hasenbosch, uharte bakartu honetan lehorreratu naute, nire zorigaitzerako”.
Herbeheretar marinela, 1695ean Hagan jaioa, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiarako ari zen lanean eta, Prattenburg ontzian, jaioterrirako itzulera bidaian, “sodomia” ekintzengatik ezarri zioten zigorra: Afrikako kostaldetik 1.500 kilometrora eta Amerikatik 2.300 kilometrora dagoen uhartean abandonatu zuten; kanpadenda bat, upel bat ur, hazi batzuk eta Bibliaren ale bat utzi zizkioten, baita egunkaria idazteko baliabideak ere.
Egunkari horretan jaso zuen lehen hilabetean ur freskoa bilatzen saiatu zela eta erreskaterako itxaropenari eutsi ziola. Bakardadeak jota, txori bat domestikatzen saiatu zen, baina hil egin zitzaion. Tipulak, babarrunak eta ilarrak erein zituen, baina lur idor hark ez zion uzta oparorik emango. Ekainean haluzinazioak izaten hasi zen: “Aspaldi ezagutu nuen gizon baten espiritua nirekin egon da tarte batean”.
Uharteko ur iturri natural bakarra lehortu zenean, asko ahuldu zen Hasenbosch. Gainera ez zuen lortu ahuntzak harrapatzea eta arratoiek uzta eskasa lapurtzen zioten. Hauxe idatzi zuen abuztuaren 22an: “Dortoka handi bat harrapatu nuen eta bere odola edan nuen, litro bat ia”. Aurrerago pixa ere edaten hasi zela idatzi zuen. Egunkariko azken sarrera 1725eko urriaren 14koa da.
“XVIII. mendeko lehen urteetan, Herbehereetan, homosexualei ez ikusiarena egiten zieten edo zuhurki onartzen zituzten. Baina porrot militarren andanak maskulinitate krisi moduko bat eragin zuen, baita homosexualen aurkako prozesu basatiak ere”
Handik hilabete gutxira, 1726ko urtarrilean britainiar ontzi bat iritsi zen Ascension uhartea. Hasenboschen denda eta egunkaria aurkitu zituzten, baina marinelaren arrastorik ez. Egunkariaren ingelesezko lehen bertsioa urte berean argitaratu zuten, Sodomy Punished (Sodomia zigortua) izenburupean. Marinelaren benetako izena ezabatu zuten eta, izenburuak argi uzten duenez, homosexualitatearen ondorio larriak erakustea zuen helburu.
1990eko hamarkadan Michiel Koolbergen historialaria gaia ikertzen hasi zen Hosenboschen izena berreskuratu eta erreibindikatzeko. Egun, beste historialari herbeheretar batek, Elwin Hofmanek hartu du lekukoa. Hofmanen hitzetan, “XVIII. mendeko lehen urteetan, Herbehereetan, homosexualei ez ikusiarena egiten zieten edo zuhurki onartzen zituzten. Baina porrot militarren andanak maskulinitate krisi moduko bat eragin zuen, baita homosexualen aurkako prozesu basatiak ere”. Hasenbosch zigortu eta bost urtera Utrechteko sodomia epaiketak egin zituzten; 300 homosexual epaitu eta gehienak exekutatu zituzten.
Leendert Hasenboch uharte batean abandonatu eta 300 urte geroago, Hofmanek antzeko egoera baten zantzuak antzematen ditu gaur egun ere: “Krisi garaitan, balio tradizionalak babesteko eta maskulinitatea berrezartzen saiatzeko joera dago, eta horretarako queer komunitatea gogorrago zigortzeko arriskua areagotzen da”.