argia.eus
INPRIMATU
Salbuespenak
Uxue Apaolaza Larrea 2025eko ekainaren 18a

Hainbeste jainko, arima, teontzi… beren izatea frogatu ezinik, eta jendeak ez ditu sinesten zientziak, kazetaritzak… ahal bezala, baina geure espezieaz harro egoteko moduan, frogatutakoak. Batzuek Lurra laua dela diote, eta debekatuta dagoela Antartikara bidaiatzea, hori ezkutatzeko. Lagun batek imajinatu zuen terraplanista espedizio bat haraino iristen, eta deskubritzen hara iristeko zailtasunek, berez, zer kausa zuten.

Han dago, guztiaren bestaldean, zakil txikiko beltza. Euskal ezkerreko militante hedonista, eta askotariko gizonekin larrua oso maiz jotzen duen feminista. Laguna Hego Amerikakoa da, eta eraman ditu pikantea gustatzen ez zaion txiletarra, dantzan ez dakien kubatarra, argentinar lotsatia: hirurak irakurleak, eta ballet zaleak. Espainiarren bat ere bai: ingelesa ez, euskara ikasi duena; aurkikuntza eta birkonkista hitzekin arazoak dituena; Espainiako Estatuan, demokrazia esan zaion aldian, sistematikoki torturatu dela frogatutzat jotzen duena. Eta lau bat epaile, Aiert Larrarte eta Iratxe Sorzabal.

Izan ere, horiek guztiak errealitatea desitxuratu baino egingo ez luketen salbuespenak dira. Kubatarrek hezur bat gehiago dute ondo dantzatzeko, feministok ez dugu larrua jotzen eta Espainiako Estatuan… zen. Ez?