Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol Pradalesen katalanezko eta euskarazko interbentzioak entzuteari; 48 ordu geroago PPk Madrilen deitu zuen “mafiaren aurkako” manifestazioaren atarikoa izan zen. Baina, aldi berean, ke-gortina perfektua zabaldu zuen, bilkuraren gai-zerrendako puntu nagusia ikusezin bihurtzeko: etxebizitza duin baterako sarbidearena. Errentatzaileen lobbyek eskerrak emango dizkiote, seguru.
Bilkuraren kanpoaldean prentsaurrekoa egin zuten Sindicat de Llogateres-ek, Bartzelonako PAHk eta Som Barri de Vallcarca auzo elkarteak, poliziek inguratuta. Mezu zuzena bidali zioten PSOEri etxebizitza politiken inguruan. Etxebizitza publiko gehiago –sustapen guztietan %30eko derrigorrezko erreserbarekin– eta etxegabetze gutxiago, indarrean dagoen moratoria aplikatuz eta elkarrizketa irekiz, eraikinen titulartasuna sozialistek gobernatutako administrazioena denean.
Aran Llivina auzo elkarteko bozeramaileak elkarrizketa batean honakoa zehaztu zuen: “Alderdi sozialistarekin ezer gutxi dago eztabaidatzeko adreilu eta diru kontuak tartean daudenean”. Errealitate hori da Pedro Sánchezek aurre egin nahi izan ez ziona Bartzelonako bisitan. Etxebizitza ministroak argazki bat antolatu zion, Cubelleseko (Tarragona) babes ofizialeko etxebizitzetako giltzen entregan; baina azkenean ez zen agertu, Voxen kontzentrazio batekin topo egitea saihesteko. Ez zuen hitzik egin sindikatuekin eta auzo elkarteekin; ez bilkuraren atarian, ezta modu diskretuan ere. Ez Sánchezek, ez Illak, ez Collboni alkateak.
Bartzelonan jarraitzen dute egunero hogei bat etxegabetze egiten. (...) Etxegabetzeen hazkundera egokitu duten egitura publiko bakarra istiluen aurkako poliziena da
Kontrara, errealitate gordina dago. Bartzelonan jarraitzen dute egunero hogei bat etxegabetze egiten. Odoluste geldiezina. Etxebizitzaren Galeran eta Okupazioan Esku Hartzeko Zerbitzua egoteaz gain –etxegabetzeak aldi baterako eten ditzake jabeek onartuz gero soilik–, etxegabetzeen hazkundera egokitu duten egitura publiko bakarra istiluen aurkako poliziena da.
Udaltzaingoak agintaldi honetan irmotasunez berrekin dio ateak lehertzeko funtzioari –partzialki geldiarazia Ada Colauren gobernuetan–, eta Laia Bonet eta Albert Batlle (PSC) bezalako zinegotziek legea bihurritzen dute udal eraikinak desalojatzean: kaleratzeak bide administratibotik exekutatzen dituzte –kaltetuei ahalbidetu gabe bermerik handiena duen bide judiziala irekitzea–, eta familiak etxerik gabe uzteko, arrazoitzen dute “bizitzeko baldintzarik gabe” daudela; beren segurtasunagatik egiten dute, zinikoki. Alternatiba: bi gau pentsio batean eta, ondoren, kalean bizitzea.
Errealitate hori da maiatzaren 27an Katalunia bisitatu zuten etxebizitzaren komite bereziko europarlamentariei ere ezkutatu zietena; izan ere, betoa jarri zioten PAH haiekin bildu ahal izateari. Salvador Illak hitzeman du 50.000 etxebizitza publiko eraikiko dituela eta Pedro Sánchezek ziurtatu du Sareb-en higiezinen parkea mugarri horren zerbitzura jarriko duela. Arazoa da hori guztia kea besterik ez dela izango, baldin eta paradigma aldaketarik ez badago lurzoru, etxebizitza eta ezkutuko negozioan.
Pedro Sánchezen zazpi bizitzek, parlamentuko bazkideekiko oreketatik eta eskuin muturrak sustatutako lokatzaren makineriatik harago, arrisku errealagoa dute behean eta ezkerrean: parlamentuan gehiengoa eskuratzeko botoa eman zioten pertsona askok PPren eta Voxen gobernua geldiarazteko pizgarria galtzen dutenean. Etxetik botatzen zaituztenean edo hilabete bukaerara iristen ez zaizun soldata duzunean, botoa ematera joateko pizgarria desagertuz doa…