Antzinako berri-berriak
Kae Tempest
Igela, 2022
-----------------------------------------------------------------
This poem was written to read aloud / Poema hau ozen irakurtzeko idatzi zen.
Horrela hasten da Kae Tempesten Antzinako berri-berriak liburua, lehen lerrotik iradokiz euskarri eta genero arteko bidegurutzean dagoela esku artean dugun lana. Aldi berean da ahozko eta idatzizko, poesia eta narrazio, epopeia klasiko eta kontakizun garaikide. Izaera berritzaile horrek poesiaren eta hitz esanaren bazterrak astindu zituen 2012an. Hamar urte geroago argitaratu zuen Igela argitaletxeak Itziar Diez de Ultzurrunek itzulitako bertsio elebidun hau. Ezker-eskuin, ingelesez eta euskaraz, 123 orrialdetan barna egiten du aurrera poema bakarrak. Etenik, atalik edo kapitulurik gabe, lerroz eta estrofaz ehuntzen du Tempestek istorio oso bat.
Bertan ezagutuko ditugu Londres hegoaldeko Tommy, Gloria eta Clyde. Ikusiko ditugu hiriaren tripetan hazten eta borrokatzen, gizatiar bezain jainkozko. Mito garaikide bihurtuta agertuko baitira, beren anonimotasunean aparteko, egunerokotasunean epiko. Mitoek gugan dirautela gogorarazten digu Tempestek; Antzinako Greziako jainko gizatiarren bitartez gure burua begiratu dezakegula xamur, gupidaz. Mitoek laguntzen digutelako mundua jasaten, eta aspaldi ahaztu genuelako beren efektu baltsamikoa. Lasaigarri dira, liburuan zehar behin eta berriro irakurtzen den errepika zoragarria lez: “Hortxe daude jainkoak apustu etxeetan / hortxe daude jainkoak kafetegietan / hortxe daude jainkoak erretzen atzealdeetan / hortxe daude jainkoak bulegoetan / hortxe daude jainkoak idazmahaietan / hortxe daude jainkoak nazkatuak: asko eman, eta gutxi jaso trukean”.
Testuak gure begirada gidatuko du eskuko kamera bati jarraiki balego bezala. Eramango gaitu protagonisten bizitzetako xehetasun txikienetik plano orokorreko hausnarketa sozialetara. Eta gonbidatuko gaitu fokua desplazatzera, epika asmo handikoa alde batera uztera eta aldameneko heroiei arreta jartzera. Gure inguruan ere badirelako Ulises, Afrodita eta Hefesto. Gu geu ere oraindik bagarelako mitiko. Gu, hezur eta haragizko, jainkozko, egundoko.