argia.eus
INPRIMATU
Nola biziraun etorkizun ezari
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko ekainaren 18a
Amets Otegi Esnaola

Ezta Ilen + High Vis
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Noiz: ekainaren 7an.

---------------------------------------------------------------

"Etorkizunik Ez" (No Future) punk lelo klasikoak duen gaurkotasuna azpimarratu du Enrique Zamoranok Hijos del Brexit. Nueva escena musical en las Islas Británicas (Brexitaren seme-alabak. Musika eszena berria Britainiar Uharteetan) lanean. Arlo ekonomiko, sozial, afektibo zein politikoan etorkizunik ikusten ez duen gazteriaren erradiografia dakar Brexitaren osteko ofentsiba neoliberalaren testuinguruan. Bere arabera, esperantzaren ausentziari, Thatcherren garaian bezalatsu, gaur ere aspirazio estetiko eta politikodun erantzun desberdinak eman zaizkio punketik. Hiru multzo bereizten ditu Zamoranok: nihilismoa, probokazioa eta autosuntsipena; kidetasuna, komunitatea eta salaketa; eta introspekzioa, norbere baitako munstroei erreparatzea. 

Gurean ere, beharrezko distantziak hartuta, antzeko sailkapena egin daitekeelakoan nago. Eta post-punkean bildu daitekeela, nolabait, hirugarren joera hori. Multzo berean sartzeak, ordea, musika-genero hau homogeneizatzera eta, are, esperientzia eszeniko antzekoak ekar ditzakeela pentsatzera eraman gaitzake. Ekainaren 7an Jimmy Jazzeko oholtzan ikusitakoek erakutsi ziguten ezen, sustrai musikalak eta aspirazio politikoak konpartitzeagatik, proposamen estetiko, emozional eta eszeniko oso desberdinak bil daitezkeela multzo horren baitan. 

Izan ere, gauari hasiera eman zion Ezta Ilen hirukoteak, bere lore sorta ustel, arnasestu, laban eta odol, barrurantz tolestera eraman gintuen; eskapismorako musika baita zaldibartarrena, baina baita berrespen irmorako ere. Oraindik berotu gabeko publikoa harrapatzea lortzen duena, norberarena ez den oroitzapen batean sarrarazi eta norberarenak diren frustrazio eta sentsazioetan barrena bidaiatzera. Ordu erdi eskasean aterpetu gintuen atmosfera lanbrotsua sortu zuten, lehen lauzpabost ilaren dantzek erakusten zuten bezala. 

Gaueko kartelburu britainiarrak oholtzaratu orduko, gorantz eta kanporantz egin zuen denak: bolumenak, gorputzek eta entusiasmoak. Ordubete luzeko deskarga fisiko eta soziala izan zen High Visen zuzenekoa, larriminaren kanalizazio politikoari bide eman ziona. Esplikatzen zaila den erakarpen indarra dauka Graham Sayle abeslariak, hasieratik publikoarekin konexioa lortzea eragiten duena; stage diving jauziak, errepikak eta kamiseta bustiak ziren horren adierazgarri. Baita bukatu osteko “latza izan da!” balorazio asebeteek ere. Taldearen ibilbidea interesgarria da oso aipatutako hiru multzoetan barrena nabigatzeko: lehen diskotik hirugarrenera, autosabotaiatik (No Sense No Feeling) introspekziora (Blending); autokontzientziaren, kidetasunaren eta terapiaren bidez, erreparaziora eta komunitatera (Guided Tour). 

Banda bakoitzak mapa emozional eta konexio-bide bana eskaini zuen, etorkizunaren ausentziari bizirauteko proposamen eszeniko bana. Edonola ere, biek esan zuten, bakoitzak bere erara: hemen jarraitzen dugu. Bakerako prest, eta gerrarako gertu.