argia.eus
INPRIMATU
Miruenea, salda badago
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko ekainaren 18a

Miruenea
Mirua
Oso polita, 2025

--------------------------------------------------------------

Bi urtez egon dira lanean Miruakoak “inoiz egin duten proiektu garrantzitsuena” aurkezteko: Miruenea. Eta, egia da, gaur egun artista guztiek dioten arren “inoizko ez-dakit-zer ez-dakit-zerrena”, lan honek badu sakonetik asko eta asko. 

Euskal musika tradizionala eta elektronika uztartzeko bilaketa jorratzen ari dira talde asko azken urteotan, eta Miruakoek erronka horri heldu diote, baina ez etiketa ikuspegitik. Esan nahi dut, ez dutela egin merkatu nitxo bila, baizik eta espresio bide batean, ulertzeko ea gure tradizio aberatsak zer beste hizkuntza eskaini ditzakeen. Laboaren edo Martikorenaren bertsio elektro-popak egin ordez, trikipoparen iturritik hartu dute material gehiena. Hori, gehi euskal poparen inguruko begi keinuz osatutako iruditeria bat; tradizio-pop mobida bat da, C. Tanganak egin ildoan. 

Eta bestelako erreferentziak? Ez dakit, baina itxura du Ralphie Choo, Rosalia, Bon Iver, Kanye West, James Blake eta nik-zer-dakit-zenbat zientoka artista garaikideren ukituak topatu daitezkeela. Alegia: kristoren ekoizpena du kanta bakoitzak. Baina kristorena. Euskarak horrelako lanik ez du orain arte eman eta hori ospatzekoa da. Bestalde, onartu beharra dut, konpas bakoitzean elementu berri bat gehitzeko irizpide komertzial honek apur bat gehiegi betetzen nauela. Diskoaren momentu onena, akaso, Maddi Oihenarten intro eder hori da, lasai apur bat ematen duelako, besteak beste. 

Aurreko lanaren inguruan aipatzen nuen esatekoak etorriko zitzaizkiela. Niretzat hor jarraitzen du lan honen puntu ahulak —horrela, punta ateratzeagatik, e—. Iragan galduaren nostalgian eta iraganik ez duen belaunaldi baten gogoeta horiek, apur bat klixe bihurtu ez ote direnaren beldur. Horren galduta al dago euskal gazteria? Nik uste gai dela nostalgiaren mamua gainetik kendu eta etorkizun desiragarri bat eraikitzekoa. 

Zorionez, denak ez dira intensadak eta umore puntu hori eskertzen da. Zazpiak bat-en trikiheterojurrutxintxo type of beat-a asmatu dute. Hori, jada, bada diskoa entzuteko arrazoi on bat. Eta, esango nuke, garai bat islatzen duen disko bat izan daitekeela, etorkizuneko etnografoek eskertuko duten lana. Eta dantzazaleek ere bai, espero dut.