argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Harro
June Fernández 2025eko ekainaren 18a

Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen, haiek beldurtzeko. "Stonewall dugu gure iruditeria kolektiboan, baina gaur gaurkoz, justuki cruising-arekin lotuta baina beste zenbait egoeratan ere, poliziak paper garrantzitsua dauka errepresiboki".

Ibai Fresnedo Ehgameko militantearen hitzak dira, sexualitatearen adierazpenei buruz egin dudan ikerketaren testuinguruan esandakoak. Gogora ekarri ditut ikusi dudanean Ertzaintza dela Bilbao Bizkaia Harro egitasmoaren babesletariko bat.

Komeni da gogoratzea zer omentzen dugun ekainaren 28an, hots, 1969an New Yorkeko Stonewall tabernan Poliziaren jazarpenari aurre egin zioten maritxu, trabesti, bollera eta biziotsuen adorea. New Yorkez ari gara, badirudielako AEBak direla nazioarteko mugimendu sozial guztien epizentroa, baina gurean ere ezinbestekoa dugu aintzat hartzea kuir eztanden izaera antiautoritarioa. Zehazki, Francis Vadillo artista trabestiaren erailketak suspertu zuen 1979an gure borroka transmaribibolloa. Asmatu nork akabatu zuen Francis. Bingo! Polizia Nazional batek, taberna batean. Francisen omenez, ekainaren 10a Euskal Herriko Trans Memoriaren Eguna izendatu dute.

Hortaz, Polizia Harrotasunarekin lotzea irain handia da memoria historikoaren ikuspegitik, baina baita oinarrizko logika batetik ere: kuirrok sistemaren ordena iraultzen dugu eta Poliziaren papera da, hain zuzen ere, sistema horrekiko obedientzia inposatzea. Promiskuitate marika da horren adibide argi bat: sarekadak ohikoak izan dira historikoki cruising guneetan eta saunetan, beti ere ordena sozialaren, zibismoaren edota osasun publikoaren izenean. Alabaina, politika horien atzean dagoena da jendarte heteropatriarkal judu-kristauaren eredu sexual puritano eta hipokrita jagotea. 

Are gehiago, kuirra izatea gure sexualitateaz eta identitateaz harago doan jarrera kontrahegemonikoa da. Ondorioz, kuirra izatea bada antisionista izatea, gure borroka instrumentalizatzen duen estatu genozidari aurre egitea eta, horretarako, besteak beste, Poliziaren jazarpenari aurre egitea dakarren protestetan parte hartzea. Ez duzue Palestinaren aldeko keinurik topatuko Bilbao Bizkaia Harroren egitarauan, bai ordea E28 Koordinadoraren urte osoko jardunean.