Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika eskolako koruetatik zetozen, baina gehienak bi kolegio publikotatik, Donibane Garaziko Zitadela eta Baigorriko Jean Pujo, bai eta Seaskako Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegiotik ere: azken hiru ikastetxe horietako gazteak ez dira berez musikariak, ez dute denek partitura irakurtzen ikasi eskolatik kanpo, haien ahotsa erabat landugabea da. Baina maite dute kantatzea eta, bereziki, irakasle arraroak badituzte: Denise Olhagaray eta Intza Daguerre.
Kontzertu hartan, kantariek ustekabeko omenaldi hunkigarria egin diote erretreta hartzen duen Denise Olhagarayri: maitasun kantu bat kantatzen ari zirela haren zuzendaritzapean, abesten gelditu gabe, agerrarazi dute, koruaren zentrotik, bihotz zabal bat, hamarnaka mezu pertsonalez inguratua, maistra eskertzeko. Eta beste sorpresa-momentu batean, ikasle ohi talde eder bat aitzinera hurbildu da beste amodiozko doinu bat emateko.
Maitasun adierazpen horiek sustengatu dituzte publikoaren txaloek, Denisek bizitza osoan ekarri eta emandako guziaren esker ona erakusle. Ezen, belaunaldiak markatu ditu Denisek, lehenik Ezpeletako Ezpela taldean, ondotik Iparralai musika eskolan, baina bereziki aipatutako bi kolegio publikoetan. Hainbat eta hainbat urtez, pasio sutsu batek bultzaturik, ehunka haur formatu ditu, ez bakarrik euskal kantara, ez bakarrik beste hizkuntzatako kantara, ez bakarrik abesbatza diziplinaren eskakizunei –ikasleak “zerotik” hartuz–, baina euskalduntasunari ere bai, epe luzeko proiektuen bidez, beti ikasle norbanakoen errespetua zainduz eta gazteen arteko elkartasuna sustatuz.
Irakasle nekaezina dugu Denise, osoki emana bere buruari finkatu dion helburuari: gizaldi gazteei, musikaren bidez, guzien baitan transmititu euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua
Pedagogo bikaina agertu den irakasle nekaezina dugu Denise, eskakizun handikoa, osoki emana bere buruari finkatu dion helburuari: gizaldi gazteei –bai musika elkarteko kantagintzarako zaleei, bai Errepublika frantsesak kudeatutako ikastetxeko ikasleei–, musikaren bidez, guzien baitan transmititu euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua. Urte batetik bestera, Deniseren proiektuen arabera, kantari horiek murgildu ahal izan dira Euskal Herriaren geografian eta historian; landu dituzte gure klasikoak, kantatu gure izarrekin, gure orkestra sinfonikoekin, Hegoaldeko hainbat abesbatzarekin... Kantua eta musikaren bidez, bere jite goxo eta tematsuari esker, Denisek ikasle, buraso eta laguntzaileak saldoan erakarri dituzten egitasmoak sortu ditu, euskaltasuna arrotz zutenak barne, ez baita balentria ttipia. Eta horrela, zonbat hazi ez dituen erein, zonbat kantari edo musikari ez den gero loratu Deniseri esker! Delako kontzertu hartantxe, bagenuen fruitu horietariko bat: Haize Carricaburu piano jole jeinutsua, Ipar Euskal Herriko Hitzak berriki argitan ezarri duena.
“Zoin bide hartu nahi dugu? Zer nahi dugu?”. Horiek ziren aurtengo kontzertua bideratu zuten galderak. Eta hona zoin izan diren erantzunak, hamar mintzaira ezberdinetan eman kanturen bidez: “Zer nahi dugun? Bakea eta askatasuna: Euskal Herrian, Palestinan, mundu guzian, orain. Zoin bidetik ibili nahi dugun? Maitasuna, musika eta jostetaren bideetatik, bizipozez beterik”.
Bihotza bezainbat arima emozioz blaitu zieten entzuleei, kontzertu hark. Deniseren ereduaren haritik segi bezate bere jarraitzaileek etorkizuna fede suharrez eraikitzen, gure ametsak oraindik gauza daitezkeela sinets dezagun.