60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita nazioarteko uretan ere–, bazen itsas-hondoetako mineral eta metalen erauzketarena arrangurak pizteko gaia. Maleruski, munduko 37 estatu dira moratoriaren alde agertu: sobera guti klima aldaketa aztoratu eta jasanezina bihurtuko lukeen aktibitate hori geldiarazteko. Beste behin, ingurumenaren aldeko hitz ederrak entzun dira, baina ekintzetan gauzatzeko determinazio guti.
Espreski elkartu dira Nicen (Frantziako Estatua) ekainaren 3tik 6ra, ozeanoetan adituak diren nazioarteko 2.000 zientzialari, hain justu, Nazio Batuen Erakundeak ozeanoei buruzko bere konferentzia hiri horretan zuelako bideratzekoa 9tik 13ra. Hamar neurri dakazkien manifestu bat izenpetu eta helarazi diete konferentzian egondako estatu eta gobernu buruei. Argiki diote: "Jardun behar da, jardun behar da orain eta zientzian oinarrituta. (...) Bukatu da diskurtsoen eta ezbaien garaia".
Gomendioen artean, ondoko hau: itsaspean dauden metal eta mineralen erauzketa debekatzea. Erdibiderik ez: debekatu eta puntu. Zergatik? Ekosisteman, kliman eta beraz bizian atzerabueltarik gabeko eraginak izanen lituzkeelako itsas hondo sakona ustiatzeak.
2023ko otsailean ekarri genuen orri horietara gaia Mehatxua itsas hondo sakonean: mineralen eta metalen erauzketa ate joka dugu erreportajearekin. Enpresa estraktibistak 200 metrotik 10.000 metrora arteko hondo horiei begira jarriak direla genion, eta lobbygintzan zebiltzala. Erauzketa horrek kliman eragin atzeraezina luke: zientzialariek diote berotegi efektua dakarten gasen %38 xurgatzen duela itsas hondoak, baita isurketa horiek eragindako berotasunaren %93 ere. Zer gertatuko litzateke karbono dioxido horren askatzearekin? "Karbono-bonbatzat" daukate erauzketa hori, eta nola ez, klima larrialdia pairaezina bihurtzeraino gaiztotu besterik ez luke eginen.
Horrez gain, debekua edo behintzat moratoria galdetzen dabiltza, eremu erabat ezezaguna zaigulako. Anne-Sophie Roux ekologistaren ideiak ekarri genituen gurera: "Itsas hondoa baino hobeki ezagutzen dugu ilargiaren azala". Ezezagunak zaizkigu bertan bakean diren espezieak eta zientifikoek diote gure ekosistemako espezien %80 deskubritu gabea daukagula... Eta, ez ditugu ezagutzen bertako dinamika biologikoak zein bertako ekosistemek perturbazioen parean duten erresilientzia heina.
Zientifikoen manifestuko urgentziaren tonua ez da gehiegizkoa: kosta ahala kosta diru gosea asetzeko logikan diren enpresa estraktibistak badabiltzalako aitzina, nazioartearen iritziaz eta legediaz bost axola duen Donald Trumpek bidea irekita. Maiatzean izenpetu zuen itsas hondoen erauzketa baimentzen zuen dekretua AEBetako presidenteak eta TMC The Metals Compagny multinazional kanadarrari bideratu dio kontratua, AEBn jabegoan diren urentzat, baita nazioarteko urentzat ere.
Berez ez direnez estatu baten autoritatearen menpe, "munduko ondasun publiko" gisa kontsideratuak dira nazioarteko urak –planetaren eremuaren erdia baino gehiago ordezkatzen dute, eta ozeanoen %64–. Hori horrela, berez inorena eta guztiena den eremu zabal horretaz arduratzeko osatu zuten IHNA Itsas Hondoen Nazioarteko Autoritatea 1994an, eta itsas hondoen esplorazioa eta ustiaketa ditu solasgai nagusien artean.
Esplorazio baimen bakar batzuk bideraturik ditu, baina ez dira inolaz ere ustiaketa komertzialerako. Gaur egungo eztabaida sutsuena dute ustiapen komertzialarena. Pseudo trantsizio berderako tresnerientzat ezinbestekoak izanik metal eta mineral horiek, itsas hondoa ustiatzeko gose handia dute zenbait estatuk eta multinazionalek. Baina uzkur dabiltza IHNAko kideak, eta laster ulertzen da zientifikoen "bukatu da diskurtsoen eta ezbaien garaia". Are gehiago, ikusten denean Trump eta TMC bezalakoak inolako lotsarik gabe prest direla NBEren gainetik pasatzeko.
Horregatik erdibiderik gabekoa da zientzialarien deia: ustiapenaren debekua. Moratoriaren alde agertu dira IHNAko 169 kideetatik 37 eta Europako Batzarreko presidente António Costak ere babesa erakutsi dio arduraren izenean hartu beharreko geldialdiari. Baina ez da nahikoa, IHNAk moratoriaren alde egiteko.
Bizkitartean, Nazioarteko Itsasoa Babesteko Hitzarmenaren alde urrats handiak egin izana goraipatzen dabiltza estatu eta gobernu buruak, Nizan iragan meza handia porrot gisa laburbiltzea zailegia zaielako. 2023ko ekainean testuaren alde agertu ziren 116 estatu. Geroztik, berretsi egin dute 31k –gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren 60 izenpeduretatik urrun...–, baina Nizako Konferentziaren antolatzaileetan izandako Frantziako Estatuak zehaztera eman du "50 bat direla dagoeneko", eta "2026ko urtarrilaren 1ean abian jarriko dutela hitzarmena". Nazioarteko itsasoaren "bioniztasunaren kontserbazioa eta ustiapen iraunkorra" helburu du testuak. Helburua ederra eta ezinbestekoa izanik ere, zalantza ez ote den zabalegia greenwashing-aren aroarentzat...
IHNAren presidentetza hartu zuen iazko abuztuan Leticia Carvalho ozeanografo brasildarrak, 79 boto ukanik bere alde, eta 34 ukan zituelarik, haatik, ordura arteko presidente Michael Lodge britainiarrak. Ekologistek eta zientifikoek eskertu dute aldaketa, Lodgek TMCrekin dituen loturak argitara ekarri zituelako aurretik The New York Times-ek. Funtsean, meatze-enpresak IHNAn infiltratuak direla diote hainbatek, tartean, Sandor Mulsow geologoak, hain justu, desesperazioz eta haserretik IHNAn zuen postua utzi zuenak: "Galdetzen diogu otsoari arditegia zaintzea".
Ondoko hitzordu nagusia izanen dute uztailaren 7tik 18ra, IHNAren negoziazio zikloarekin. Erauzketa komertziala finkatzeko arautegia izanen dute gai-zerrendan. Moratoriarik ala debekurik ez beraz. Beste behin, indar eta eragin gehiago dutelako erauzketaren aldeko lobbyek, krisi ekologikoa arindu nahian dabiltzan zientifikoek baino. Itsas hondoa urrunegi zaigu suntsiketaz ohartzeko, baina egon lasai, ondorioak pairaturiko ditugu. Eta orduan oroituko gara "jardun behar da, jardun behar da orain zientzian oinarrituta" zioten zientzialariez.