argia.eus
INPRIMATU
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak
  • Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 

Paula Amilburu 2025eko ekainaren 11
Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Bi kanporaketa eta zazpi bikotek kantatu ondoren, Iruñeako Zaldiko Maldiko elkartean izan zen finala, aurreko saioetik igarotako bi bikoterekin: Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart, eta Joane Aldalur eta Irati Tolosa. Finala osatu zuen azken bikotea ohorezko señorena izan zen: Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano. Gai-jartzen, berriz, Aizpea Garmendia ibili zen. 

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Saioa baino lehen nabari zen giroa Iruñeko kaleetan. Jende talde ederra batu zen, hain zen handia batzuk bazkaltzeko sarrera gabe ere geratu baitziren. Marianito pare baten ostean, beraz, bakoitzak bere bideari ekin zion elkartuko zituen saioa baino lehen.

Zaldiko Maldikon zerbitzatutako menua, ze menu eder: erremolatxa patea, zainzuriak, entsalada, garbantzuak eta helatua. Elkarte kanpoan eta barruan sumatzen ziren bi bero mota: zientifikoa edo celsiusetan neurtzen duguna; eta final honek sortutako elkarketarena. Kafearekin batera, gainera, aurtengo sariketan estreinakoz eta esklusiban egindako puruak ere atera zituzten. Ekaitz perfektua sortzeko osagai guztiak.

Arratsaldeko bostetan ekin zioten saioari ehun bat ikusleren aurrean, kanpoan bazkaldu zutenak ere ordurako lekua hartuta zeuden-eta elkartean. Hasteko, bikote bakoitzak agur berezi bat kantatu zuen. Elizagoien eta Alzuart Abadiñoko Karmentxu doinuan hasi ziren saioari errepaso txikia ematen, beste bertsolarien aipamen, broma eta abarrekin. Mardarasek eta Lazkanok lehen aldiz elkarrekin kantatzen zutela aipatu zuten, tartean telefono dei batean zeudela. Aldalurren eta Tolosaren agurra jantzi, dantza eta performance eta guzti etorri zen, eta kutsu ironikoan “Bertsolarien pare /jarri ginen halare /zer litzateke bertsoa /mediokridade gabe /zer litzateke bertsoa /señorarik gabe” kantatuz Señora Sariketaren edizio bereziaren ildoa gorpuztu zuten.

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Aipatzekoa da, baita ere, saioko protagonisten inguruan bazeudela antolakuntzak izendatutako coach-ak: Maddi Ane Txoperena eta Amaia Iturriotz, bertsolariak nahi eta behar zuten momentuan laguntzeko prest zeuden figurak (azkenerako ikusle bilakatu zirenak, bertsolarien maila ikusita). Saioak aurrera egin zuen lehen ofizioarekin, bikote bakoitzak elkarrekin kantatu beharrekoa nahi zuten doinuan. Ederki ibili ziren seiak, baina aipatzekoa da Lazkanok eta Mardaresek kantatutako ofizioa. Gaia autobiografikoa izan zen: bertsolaritzan ibilbide luzea izan duten bi bertsolari ziren eta lehen aldiz ari ziren oholtza partekatzen. Ofizio hunkigarria izan zen, bakoitzak bere ibilibidetik Señora Sariketan kantatzeko aukera izanaz mintzatu baitziren. Mardaras hasi zen kantuan: “Ta traba batzuk egon dira bai /ni juan naizen bidetik /baina hemen nago señora jakin /etorri naiz zuengatik /pentsatu eta ia irtetzen zait /negarra begietatik” . Eta Rosik erantzun: “Ni berrogeita hamar urtekin /hasi nintzana bertsotan /egiya esan asko-askorik /ere enaiz jardun hontan /baina hala ere bertsoai buruz /ibili ohi naiz askotan /ta berriz ere hasiko nintzan /holako hau bizitzekotan”.

Lehen ofiziotik publikoa bero zebilen errepika guztiak ozen kantatuz eta txaloak gogor joz. Hurrengo ofizioan bikoteak nahastu zituzten. Elizagoienek eta Lazkanok ofizio ederra osatu zuten.  Lehena, etxeko dekoratzaile izanda eta Lazkanori aholku pila eman ondoren, bigarrenaren etxea bisitatzera joan eta konturatu da kasurik egin ez diola. “Zure etxera iritsi /ta dena urdina /arraun bat, aizkora bat /ta hor ikurriña /Rosi, zu gauz bat zara /zu zara makina” bota zion Elizagoienek eta Lazkanok “nahi dezunen etorri /berriro honuntza /ta lasai deitu behar /badezu laguntza” esanaz amaitu zuen.

Aldalurrek eta Alzuartek juergan tonteatu eta hurrengoan kontzertu batean elkartu ziren biren paperetik kantatu zuten, maitasun eternala kuestionatuz. Mardarasek eta Tolosak osatu zuten azken ofizioa, eta saioak orduan egin zuen eztanda. Mardarasek generazio gazteagoen hiztegia ekarri zuen oholtzara, 70 urteko bi señora zirela puruak erretzen zituzten gizonez inguratuta. Egoera horretan, Mardarasek puru bat hartu eta elkarri pasaka hasi zirenean esan zion Tolosari: “Ta eskutan hartuta nau/ ni neu Fariasa /gustoa ederra du/ usaina demasa/ ze esan didazu zu zeu /zarela nire crush-a”. Ofizioa elkarri eskua emanda amaitu zuten Tolosaren azken bertsoarekin “zerbait sentitzen det nik /ta ezin det uka /baina gaurko arratsa /nola behar den buka /Kristina, goazen biok /eskutik helduta”, publikoari gutxi falta izan zitzaion txaloka aulkitik altxatzeko.

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Bertsolariek puntuka ere egin zuten hirunaka: Euskaraldiaz batzuk, eta besteek ume jaio berrien oparien inguruan. Jarraian, bakarka ere kantatu zuten Elizagoienek, Lazkanok eta Aldalurrek, errimak emanda hiru bakarkako eder osatuta. Lazkanok jubilatzear dagoen langile baten paperetik kantatu zuen, eta Elizagoienek Aroztegiko auzipetuen gaia ekarri zuen oholtzara, bere alabak militantziaz erakutsi dion amaren paperetik: “Ezta nerea izandu /inoiz ere politika /egia erran egon naiz /luze beti eserita /baina alabak jaso zun /egun batean gonbita / ta dabil eskubideen /eta lorpenei segika /ikusten dut ta ulertu /dezaket bere logika /nahiz ta beldurrak batzutan /ni uzten nauen etsita /erran diot izango naiz /ni gaur zerorren tirita /erakutsi baitidazu egiten autokritika”. 

Aldalurren bakarkako gaia hau izan zen: bere herritik hiri batera sexiliatu dela urte batzuk pasa direnean, herrira bueltatzen den bakoitzean begiradak somatzen ditu oraindik; hala ere, gero eta min gutxiago ematen diote. “Disidenteon bizitza ez da /gehienetan perfektua /sexiliatzea ez da izaten /erabakia, hautua /nahiz eta buelta askotan izan /den gauza nahiko estua /gaurtik aurrera ez da izango /ezkutua diskretua /nere alboan baitago kide /transfeministen eskua” kantatu zion lehen bertsoan gaiari.

Koplatan amaitu zuten saio puntuagarria, finaleko saioa ikustera joan ziren eta noizbait bertsotan aritu ziren baina plazak uzti zituzten hiruren paperetik Alzuartek, Tolosak eta Mardarasek. Ale ederrak utzi zituzten bertsoaldian, hasieran beren buruetaz fikziotik barrezka eta ondoren ohorezko señorei aitortza eginez. “Ai ama ta entzun al dezue /bertsolaria Kristina /hori bai bertsolaria /eta hori bai señora fina” kantatu zuen Tolosak eta “Hoiek guztiek egiten dute /baina Kristinak doblea /begira ze porte ze ahotsa /ze emakume dotorea” gero Alzuartek.

Jardun puntuagarria amaituta, sorpresen momentua iritsi zen. Saioetako sukaldariei sariak banatu zitzaizkien egindako lanagatik, eta Señora Sariketako antolakuntzan ibili direnek azken bost edizioak errepasatzen zituen bertso sorta eder bat kantatu zuten, erreleboari ere aholkuak emanez. Hala zioen sortako azken bertsoak: “Ez zaizue faltako /jenderik, indarrik, /pamelak erosteko /boutique-rik, bazarrik, /ez plazara itzuli /nahi duen izarrik. /Señora da amets bat /sortzea itzarrik. /Guk ez dugu urrezko /palkoen beharrik /jarraitu dezazuen /nahi dugu bakarrik”.

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Tartean, publikoak noizbehinka eta espontaneoki sintonia kantatzen zuen txaloez lagunduta eta amaiera gabeko bukle batean sartzen zen jende guztia. Baten batek ez bazekien sintoniaren letra, zazpigarrenerako hitzez-hitz ohiukatzen zuen.

Epaileek ordurako bazuten erabakia hartuta: saioko pameladun Amaia Elizagoien eta Malen Altzuart izendatu zituzten. Jone Uriak jarri zizkien pamelak, azken pameladuna izandakoak. Azken hori ere, ohitura den bezala, epaile lanetan aritu zen Maider Alday, Larraitz Trojaola eta Estitxu Agirrerekin batera, bertso saioa modu kualitatibo eta asanblearioan epaituz. Tokado saria, gehien hunkitu duen bertsolariarena, saioko beste laurentzat izan zen, hain saio ederra egin baitzuten denek. Saria Eukene de los Aires aurreko sarituak jarri zien. Epaileek hala erabakita, tokadoak hiruhileko bana pasako du lau horien buruetan, hurrengo ediziora arte.

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA

Seikotearen azken agurrekin amaitu zen saioa. Dudarik gabe, mukizapiak eta txaloak izan ziren nagusi momentu honetan, inor indiferente utzi ez zuen saioari bukaera magistrala eman zion momentua. Aldalur eta Tolosa hasi ziren elkarrekin prestatutako agurra kantatzen, haien estiloan, estribilloak honela zioela: “Maite degu edan /nahi degun gintonika /maite señorona /ta maite señorita /bukaera txar bat /ta bere errepika /maite deu bertsoa /denean hain polita”.

Mardarasen eta Lazkanoren agurrek hunkitu zuten bertan zegoen oro. Lazkanok bihotzetik kantatu zituen bere azken puntuak: “Goizian jeiki naizenen /urduria, umila /eta orain sentitzen naiz /harroputzen hurbila /saioa bueno ez dakit /karratu borobila /buruak ez dakit /zeukan gorputzak duen taila /señoratarroi esker mila /aportatzera etorri ta /hauxe da sari pila /señoratarroi esker mila /guarkoa ahaztutzea /bihurtuko zait zaila”. Mardarasek, bere paperean sartuta, pelutxezko chihuahua bati helduta kantatu zuen agurra: “Ustez eman behar nuen /gaurkoan egurra /baina nonbait sartu zait /barrura beldurra /baina aitortuko det /hau gauza ziurra /saioa bihurtu zait /neretzat voyeurra /pozik goaz etxera /ni eta txakurra”.

Pameladunen agurrekin amaitu zen V. Señora Sariketa. Malen Altzuartek bi kopla hauek kantatu zituen hurrenez hurren: “Izan da zer ospatu /izan da zer goza /gaur zuen aitzinean /a ze sei jainkosa”; “Zazpi auziperatuei /gure besarkada /sententzia dena dela /hor egongo gara”. Amaia Elizagoienek beste honakoarekin eman zion saioari amaiera: “Ze polita izan zen /zu ezagutzea /elkarrekin eraikiz /bertso lezea /mundu bat hozkatzeko /genuen gosea /baina gosea beti /ez dago asea /berriz kantatzea /da zu oroitzea /behin piztu gintuen /sua mantentzea /sumatzen da gurekin /zaude, Haizea”. 

Oli Artola Apeztegia/ARGIA CC-BY-SA