argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio inkestak
Mikel Otero Gabirondo @otero_mikel 2025eko ekainaren 11

Nahiz eta jakina izan inkestak ez direla errealitatearen isla zehatza, interesgarria da bistadizo bat ematea, beti eskaintzen baitigute gai zehatzekiko tenperatura sozialaren arrastoren bat. Are garrantzitsuagoak dira, gai zehatzetan sartuegiak edo katramilatuak egoteagatik, perspektiba galtzeko arriskuan gaudenean. Horregatik, eskertzen dut EITBren azken inkestak trantsizio ekologikoari buruzko atal berezitu bat izatea Hego Euskal Herri mailan. Bakoitzak bere azpimarrak izango baditu ere, utzidazue nire arreta gehien piztu duten datuak errepasatzen.

Berri onekin hasiko naiz: pozgarria da jakitea gurean jende gehiago dagoela hiriguneetako emisio gutxiko eremuen alde, kontra baino. Gehiago direla kotxeen espazioaren kaltetan oinezkoen guneak handitu behar direla uste dutenak. Edo askoz gehiago direla bidegorri sarea handitu behar direla uste dutenak. Horrek iradokitzen du trantsizio politikek uste genuena baino onarpen zabalagoa izan dezaketela. Beraz, ausartak izateko unea iritsi da.

Inkestaren emaitzak iradokitzen du trantsizio politikek uste genuena baino onarpen zabalagoa izan dezaketela. Beraz, ausartak izateko unea iritsi da

Bestalde, badira positiboak diren baina erpin kontraesankorrak dituzten datuak. Inkestari erantzuten dion ia %80k esan du autosufizientzia energetikoa bultzatu behar dela. Sekulako albistea da hori. Kontrara, alboan zentral fotovoltaiko edo eoliko bat edukitzeko aldekotasuna %67 eta %53ra jaisten da, hurrenez hurren (deigarria da Nafarroan, eoliko askoko lurraldean, aldekotasuna ia %60ra iristen dela). Kontuan hartuta desazkunde energetiko handia izanda ere (adibidez %50ekoa), desio den autosufizientzia lortzeko megawatt berriztagarri nahikotxo instalatu beharko liratekeela (kanpoko gasa etxean erretzea ez baita autosufizientea izatea), bietako bat: edo ez da nahikoa argitu autosufizientzia lortzeak zer suposatzen duen, edo, bai, argitu da, baina hainbatek aldemeneko herriaren edo herrialdearen kontura lortu nahi du autosufizientzia hori.

Badakit politagoa dela autosufizientziaren desioaz hitz egitea, kilo eta megawattez hitz egitea baino. Elektrizitatea erabiltzerakoan, ordea, eskatzen ditugun megawattak eta sortzen direnak bat ez badatoz, kaput.

Azkenik, berri txarrena: nahiz eta azken aurreko inkestan jendeak arazo ekologikoak epe ertaineko hiru arazo larrienen artean kokatu, oraingoan inkestatuen %2,1ek soilik adierazi du ingurumenarena dela konpondu beharreko arazo nagusia. Esan beharrik ez dago epe ertainean ingurumena/ekologia/klima arazo larriena bihurtu ez dadin, gaur lehentasunez heldu beharreko kontua dela.