argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Itzaletan
Diana Franco Eguren 2025eko ekainaren 11

Oraindik joan den astea asimilatzen nabil. Boterean daudenen eta botere ereduetan eragin nahi dutenen aldarriak ozen entzun ditugu nonahi. Sareetan zein kalean.

Izan diren manifestazio ezberdinetan, herrietako giza eskubideen garapen maila agerian geratu da. Amerikako Estatu Batuetako Kalifornian izandakoetan, nabarmen hautematen da herri horretan giza eskubideek egin duten atzerakada. Irakurri dudanagatik, Kaliforniako migratzaile ilegalen deportazioak gelditzeko manifestatzaileen ahotsak bortizki isilduak izaten ari dira. Herri horretako agintarien arabera, ilegalek ez lukete ahotsik izan behar. Haien aldarrikapenak akabatzeko edozer egiteko prest ageri da AEBetako gobernua. Eztabaidarako ez da lekurik ilegalak direnekin.

Bizi dugun garaiotan, zenbait herritan botere eredu zapaltzaileak itzaletatik irten dira, lotsagabe, inoiz baino indar gehiagorekin, ahots ozenez inguruan dituzten guztiak isiltzeko asmoz, euren klase posizioa babeste aldera. Zapalduak ostera itzaletara bueltatzera behartuta ikusten dute euren burua. Bizitza duina aldarrikatzeko agerraldietan, detekzio automatizatua eragozteko aurpegia estali (jada ilegala bilakatua ere) edota mugikorrak Faradai zorroetan gordeta mantendu behar dituztelarik, ilegalak izanda bizitza arriskatzen ari dira-eta. AEBetan hamaika milioi migratzaile ilegal dago. Trump boterean dagoenetik 142.000 pertsona jada deportatuak izan dira, zenbaitetan euren herriak ez ziren tokietara. Guztira milio bat deportatu nahi ditu Trumpek, egunero 3.000 deportatu beharko dituela aurreikusi du. Gurean horretara helduko ote gara? Ala giza eskubideetan oinarrituriko gizarte anitzak sostengatzeko gai izango gara?