Erdaraz hitz egiten duzu, Francok nahi zuen bezala’ kamiseta dut gogoan egunotan, OlaXonMario Galiziako sortzaile digital kuir eta independentistaren diseinua.
Gogora ekarri dut, lehenengo, Isabel Díaz Ayusok alde egin duenean Imanol Pradales lehendakariak euskaraz hitz egiteko hautua egin duelako presidente autonomikoen arteko bilera batean. Ondoren ere, Madrilgo presidenteak PPren mitin batean Euskal Herriko Unibertsitatearen siglen inguruko erabakia kritikatu duenean; alegia, errektoreak iragarri duela UPV/EHUren ordez EHU siglak erabiliko dituztela hemendik aurrera, irudi korporatiboa berrizteko eta Universitat Politècnica de Valènciarekin dagoen nahasmendua saihesteko. Bada, Ayusok mitinean esan du halako keinu populisten bidez ezartzen direla diktadurak. Halako tranpa erretorikoak ohikoak dira ultraeskuinean; gogoratu Netanyahuk alderatu zuela “Palestina libre” aldarria Holokaustoaren aldeko aldarriarekin.
Bitartean –hots, lerro hauek idazten ditudan bitartean– Israelek Askatasunaren Ontzidia atzeman du itsasoan, eta bere portu batera eramaten ari da. Greta Thunberg ekintzailearen eta Game of thronesen parte hartzeagatik aurpegi ezaguna den Liam Cunningham aktorearen presentziagatik arreta mediatiko berezia piztu du egitasmo honek, eta Netanyahuk azkar isolatu du itsasontzia, genozidioa aurrera eramateko bere asmoak zapuztu ez ditzan. Baina Netanyahuren gizateriaren aurkako krimenak ez dira Ayusorentzat diktadura baten erakustaldia, baizik eta demokrazia liberal baten defentsa politika.
Ez dugu besterik espero Franco eta Hitlerren oinordekoengandik, baina bai ordea euskal instituzioetatik. Bada garaia Israelekin harreman ekonomiko oro apurtzeko, zuzenean eta baita euskal enpresekin ere politika hori bultzatzeko: Ertzaintza, EHU, CAF, Bilboko Metroa… International Crisis Groupen txostenak argi adierazi du: ahozko gaitzespena ez da nahikoa frogatzeko historiaren alde onean gaudela, hau da, Netanyahu eta Ayusoren aurrean irmo.
Pena Euskaraldia amaitu dela, bestela ondo legoke antolatzaileei hurrengo leloa proposatzea: ‘Euskaraz hitz egin ezazu, Ayusok nahi ez duen bezala’. Are gehiago, plan bikaina imajinatu du El Mundo Today egunkari satirikoak: “Milaka madrildar katalanez hitz egiten hasi dira Ayusok alde egin dezan”.