argia.eus
INPRIMATU
Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”
  • Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra garaiko Kataluniako erbestealdia baitu abiapuntu kronologikoa memoria-lan honek.

Miel Anjel Elustondo 2025eko ekainaren 11
Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SAZaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Joxe Austin Arrieta Ugartetxea (Donostia, 1949)

Idazlea, itzultzailea, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izana, Donostiako udaleko zinegotzi, euskaltzain ohorezko… Obra handia du literaturan, 1979an Abuztuaren 15eko bazkalondoa argitaratu zuenetik. Gero etorri ziren Arrotzarena, neurtitz neurgabeak, Bertso-paper printzatuak, Manu militari, Terra Sigillata... eta itzulpen-lan ikaragarriak, Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak, William Goldingen Eulien ugazaba, Max Frischen Homo Faber edota Marcel Prousten Denbora galduaren bila: Swann-etik, adibidez. Diren eta ez diren genero guztiak landu ditu, eta gure hizkuntzaren ezagutza eta trebezia aparta erakutsiz jardun du beti, maisutasunez, oraingo Palinpsestoa honetan bezalaxe.

Neketan ikasi dugu esaten zure liburuari izena ematen dion hitza: palinpsestoa. Begiratu ere egin behar izan dugu, zer esan nahi ote zuen, eta hona: “Aurretik idatzita zegoen testua ezabatu edo estali, eta haren gainean testu berri bat idazten den euskarri bat”. 
Horixe da palinpsestoa, bai. Erdi Aroan maiz ibiltzen zen, pergaminoak eskas, eta garesti, ziren garaian. Orduan, testu zaharra ezabatu, eta gainean berria idazten zuten. Izenburu arraroa da gaur egun, baina zehatza nire liburu honen ezaugarriari dagokionean, benetan palinpsestoa baita egin dudana: testu zahar batzuk ageri dira, eta haien inguruan behin eta berriro jardunda, aldaketak erantsi dizkiet, testua bera palinpsestotuz-edo.

Metafora ere izan omen liteke palinpsestoa, hau da, oroimenaren, identitatearen eta literaturaren gainean hitz egiteko bidea. Esaterako, eta memoriaz ari, iragana ez da erabat ezabatzen, baizik eta geruzaz geruza metatzen da, hainbat esperientziaren gainean.
Bai, asmoz bederen, horrelakoxe zerbait da. Memoriaren berreskurapen zirkular moduko bat, esango nuke. Eta “zirkularra” diot, hasi eta buka leku berean egiten delako, Oreretako Zumardian, alegia, Koldo Mitxelenari eskainitako eskulturan, eta, are, eskulturan idatzita dagoen esaldi polit eta iradokitzailean: “Ez gaitezen beti, hainbeste aldiz egin dugunez, huts hutsetik abia: lur landuan aisago ereingo dugu erein behar dugun hazi berria”.

Liburuak bazukeen bestelako titulu bat: “Barne Produktu Gordina”.
Halaxe deitu nion hasieran, erdi brometan erdi serio, ez dakit. “Barne Produktu Gordina” ekonomiaz hitz egiten denean egunero erabiltzen den terminoa da, nahiz eta hemen bestelako zentzu bat duen, barne historiari lotua, baina azkenean ez zitzaidan titulua gustatu. Hala ere, egia zen eta da: nire “barne produktu gordina” azaltzen du liburuak –eta gordinki, uste dut–. Dena den, azkenean, egokiagoa iruditu zitzaidan palinpsestoarena.

"Mutrikutik Donostiara bizitzera etorrita –artean ni urte eta erdiko haurra nintzela–, erdara nagusitu zen berehala gure etxean. Ni neu euskaraz hitz egiteko gauza ez nintzela geratu nintzen"

Hamaika urtez idatzitakoa da liburua, 2011 eta 2022 artean egina.
Jubilatu nintzenean, 2011n, proiektu bat hartu nuen gogotan, [Marcel] Proust itzultzen jarraitzekoa. Zenbait argitaletxeri asmoa azaldu, baina ez zitzaien interesatu eta, orduan, lehendik bilduak eta idatziak nituen hainbat testu zahar hartu eta neure “barne produktu gordin” hauxe lantzea pentsatu nuen. Eta, horrela, behin, zuhaitz baten pean nengoela, Budari gertatu omen zitzaion bezala –niri maila askoz apalagoan, jakina–, iluminazioa etorri zitzaidan: “Zergatik ez dut kontatuko, neure bizitzaren bukaera aldera honetan, gure familiaren historia? Edo atal batzuk, behintzat?”. 

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Gedächtnis errebisoreak –oroimenak, alegia, alemanez–, bultzatuta ere bai, inoiz, kontatzen duzunez.
Topoko pasadizoaz ari zara, nik Oreretara joan nahi eta bertako Gedächtnis edo errebisoreak Oreretan jaistea eragozten didanean, lana bukatu ez dudalako, eta Hendaiaraino joan-etorria eginarazten didanean… Oroimenak bultzarazi nau, batzuetan gogara eta beste batzuetan desgogara, hainbat gauza berbizitzera. Oroitza batzuk ahaztu egiten ditugu, batez ere pasadizo gogorrak edo mingarriak direnean. Gure inkontzienteak horiek ezabatzera jotzen du, eta idazlearen lana da, aldiz, oroitzapen horiei begietara begiratzea. 

Gerrak markatua dator zuen familia. Hainbat pasadizo lazgarri ageri dira zure lan honetan.
Bitxia da nire jatorrizko familiaren matematika: lau gehi lau berdin zazpi. Azalpen erraza du, ordea, bitxitasunak: aita eta ama, biak, alargunak ziren, hiruna seme-alabaren guraso, eta elkarrekin ezkonduta ni ekarri ninduten. Beraz, aitak lau, amak lau, baina guztira zazpi… Nahiz eta hori ere ez den zehatza: aitak beste bi seme izan baitzituen bere lehen emaztearekin, biak oso umetan hilak, ez gerran bertan baina bai gerraren ondorioz, gaixorik. “Pasadizo lazgarriak” esan duzu, eta bai, makina bat bai!

Gerra, frontea, ebakuazioa, gerrako haurrak...
Gure belaunaldian gerrari eta gerra ondoari buruz, ezjakintasun handia genuen. Eman diogu buelta, neurri handi batean, bederen, jende askoren ikerlanari esker. Isiltasunaren legea baitzen nagusi gerra galdu zutenen etxeetan. Gurean, zorionez, hainbesterainokorik ez. Oso hiztuna zen gure aita, eta gerrako kontuak-eta maiz aipatzen zituen. Horren testigantza jasoa dago nire idazkietan, batez ere harako Abuztuaren 15eko bazkalondoa hartan. Ama, berriz, isilagoa zen, zuhurragoa-edo, baina bere bizitzaren azken urteetan hainbat eta hainbat informazio eman zidan. Gurpildun-aulkian paseatzera ateratzen nuen, eta hainbat kontu kontatu zizkidan gerra-garaiaz eta familiaz. A zer belaunaldia gure gurasoena, zelako indarra zeukaten hainbeste sufrituta ere bizitzari aurre egiteko. Miresgarriak, erabat!

"Eduardo Moreno Bergaretxeren [Pertur] oso laguna nintzen estudiante garaian. Euskarazko eskolak ere eman nizkien Eduardori –gero, gure artean, Edorta izan zen–, eta Gorka Knörri"

Isiltasun-lege hori dela-eta, liburuan Saturrarani buruz diozuna adierazgarri izan daiteke: emakume kartzela izana; zu apaizgai, seminario zela ezagutu zenuen; memoria-toki da gaur egun…
Esan dut, nire familian ez zegoen gerrari buruz hitz egiteko hainbesterainoko taburik, baina eskolan, eta kalean oro har, bai. Saturraranen ikasten izan ginen garaian, guk ez genekien hura zer izana zen. Tabu erabatekoa! Irakasle izan genituen apaizek inoiz ez ziguten esan gure ikastetxe hura emakume kartzela izana zela. Etxean jakin nuen, 18 urte-edo nituela.

Saturraranen euskaltzaletu zinen…
Abuztuaren 15eko bazkalondoa-n ageri da eskaintza: “Gure nazio hizkuntza gutxietsia handiesten irakatsi zidaten lau maisu apartoi: aita, ama, Anton Garro eta Juan Mari Lekuonari”. Aita eta ama, zer esanik ez. Garro eta Lekuona, berriz, irakasle izan nituen. Lekuona, Saturraranen eta Donostian. Garro, Donostian. Hau zen matematikaria, musikaria eta euskararekin enamoratua. Hura, Lekuona, berriz, idazle eta poeta handia.

Hortxe kontatzen duzu anekdota…
Bai, Pablo Areso eta Juan Mari Lekuonarena. Gizon interesgarria hura ere, Areso, antropologo eta arkeologoa, baina ez bereziki euskaltzalea. Kontua da egun batean Aresok mendira eraman gintuela mutil koskor estudianteok, eta ez ginela behar orduan itzuli seminariora, eta galdu genuela Juan Mariren euskarazko eskola. Eta Lekuonak kargu hartu  Aresori, eta hau bere arrazoiak ematen hasi, azimuta bilatzen, argazkiak egiten, rappeleko soken korapiloak egiten ikasten-eta entretenitu ginela, eta, orduan, Juan Mariren erantzuna, zehatza, hitzez hitz: “¡Sí, todo es más importante que la lengua de este país!” (Dena ere herri honetako hizkuntza baino inportanteagoa da).

Lekuona euskara irakasle, baina liburuan zehar nahi bestetan ponderatzen duzu amaren euskara, eta hari ikasiak: “Dena jakitun ustezko ezer ezjakinak”, esaterako.
Interes, arreta eta grinarekin segitu nion haren euskarari. Amak mutrikueraz hitz egiten zigun, ez bere jatorrizko markineraz, baina, Mutrikutik Donostiara bizitzera etorrita –artean  ni urte eta erdiko haurra nintzela–, erdara nagusitu zen berehala gure etxean. Ni neu euskaraz hitz egiteko gauza ez nintzela geratu nintzen –ulertu bai, baina hitz egin ez–, harik eta seminariora joan arte. Hantxe hasi nintzen euskara berreskuratzen. Baina etxean, anai-arrebak gaztelaniaz, ama gurekin aspertuta, gaztelaniaz hura ere. Aitak, lehorreratzen zenean –Ternuan eta Gran Solen ibiltzen zen arrantzan–, gu erdaraz sumatu eta orduantxe jaulki ohi zigun bere esaldi bibliko hura: “Non gagoz? Espainian, ala?”. 

Familia, Saturraran, euskara… militantzia politikoa etorri zen hurrena.
Beti izan naiz abertzalea, eta euskaltzalea ere bai. Hori seguru. Esate baterako, Eduardo Moreno Bergaretxeren [Pertur] oso laguna nintzen estudiante garaian. Euskarazko eskolak ere eman nizkien Eduardori –gero, gure artean, Edorta izan zen–, eta Gorka Knörri. Hortxe ibili nintzen pixka bat saltsan, hura eklosioa izan zelako. Francoren heriotzaz geroko garaiaz ari naiz. Eta milenarista izan gabe ere, denok pentsatzen genuen autodeterminazio eskubidea aitortuko zigutela, hainbeste urtetako erresistentziak horretarako behintzat balioko zuela. EIA inguruan ibili nintzen, baina 1977ko mitin batean, Donostiako Karmelo Balda frontoian nintzela –hauteskundeetan parte hartu ez hartu zen eztabaida–, handik irten eta HBra jo nuen. Hantxe ziren [Iñaki] Esnaola eta beste hainbat pertsona, nire bidean oso inportante izan direnak. 

Hurrena, zeuk esan behar izan zenion Esnaolari HBtik kanpo zegoela. Zeuk joan behar izan zenuen haren etxera Mahai Nazionalaren erabakiaren berri ematera.
Utz dezagun hori suspentsean, irakurlearentzat.

Morlanseko heriotzak, Gregorio Ordoñezena… min handiz kontatu dituzu.
Episodio hunkigarriak dira, eta mingarriak. Liburuan daude, bertan irakurtzekoak dira, ez hemen harrotzekoak. Badut lagun bat, asko estimatzen dudana, gehiegi biluztu naizela esan didana. Ez dakit. Niri, barruak, idazten ari nintzen momentu jakin horietan horixe idazteko agintzen zidan, eta halaxe egin nuen. Hargatik azaltzen dira liburuan nire mamuak, nahiko gordinik azaldu ere. Barne produktu gordina, ez alferrik! Eta Morlansen gertatua-eta, urteetan eta urteetan izan dut barruan gordeta, eta paperean jarri dudanean, guztiz asaskatu gabe ere, zer edo zer baretu naiz, behinik behin. 

"Hainbeste sufrimendu ikusi, hainbeste heriotza, hainbeste tortura, hainbeste kartzelaldi… “Irabazi bagenu, sikiera!”, aita zenak esaten zuena errepikatzeko gogoa sentitzen dut nik"

Idazten ari zinela, bazenekien argitaratuko zenuela, ala zeure buruarentzat ari zinen, beste gabe?
Hasieran, ez nekien. Nik “Noizbehinkaria” idazten jarduten nuen, biltegi moduko bat, honetaz eta hartaz idazten nituenak jasotzeko. Baina ez ziren publikatzeko asmokoak. Gero, liburua egitea erabaki nuenean gure belaunaldiaren, eta aurrekoaren, historia kontatzeko, kontziente nintzen argitaratzeko ari nintzela, editoreek baimena emanez gero, noski. Eta batek baino gehiagok argi eta garbi ezetz esan zidaten, ez zutela argitaratuko, Maiatzeko Luzienek [Etxezarreta] eta Emiliok [Lopez Adan] baietz, nire lana argitaratu beharra zegoela esan zuten arte. 

Zenbat buru jarri dituzu hizketan zure lan honetan? Ez zara zeu bakarrik ari…
Nire mania betikoa da hori. Aspaldi hasi nintzen horretan, Manu militari hartan-edo. Nolabait, ezin etsi ni-ka. Nik, Joxe Austin Arrieta Ugartetxeak, ni-ka ezin hitz egin, historiak besteren ahotik ere ezin kontatu. Fikzioa miresten dut, baina ni ez naiz horretarako kapaz izan sekula. Ezagutu ditudan pertsonak, bizi izan ditudan gertakariak-eta kontatzen ditut, baina ni-ka hitz egitea ez zait nahikoa iruditzen, nonbait, autokontrastea egin behar izaten dut, eta borroka. Nolanahi ere, uste dut bizitza psikikoa denontzat ere borroka dela, gure alde batzuk beste batzuen kontra talkan ari direla etengabe. Ez dakigu zer garen ere.  

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zurekin batera, Ander Elizalde eta Kepa Arrastiri ere ahotsaren jabe dira zure liburuan.
“Ni” partzial batzuk jartzea pentsatu nuen, antzerki-obra bat balitz bezala, kontakizunak funtziona zezakeelakoan, eta halaxe egin nuen. Lehen ere egina naiz gauza bera, liburu guztietan, nik uste, Labur Aroz-en, Estalien Gradora-n, Terra Sigillata-n... Oraingoan, “ni” partzialen kopurua murriztu egin dut pixka bat, Ander Elizalde eta Kepa Arrastiri dira gehien erabili ditudanak –biak ere ni dira–, bata da jendaurrean agertzen dena, Ander Elizalde, eta Kepa da, berriz, barnekoiagoa, inseguruagoa, angustiatuagoa. Lehena da kanpo-ederra, bigarrena da langile amorratua. Liburuan, askotan, elkarren kontra jartzen ditut. Gero, beste bi pibote ere asmatu ditut, Amaia –adimenaren edo arrazoimenaren agergarri, eta beste muturrean, Ekaitz, gure senaren adierazle izan daitekeena. Ni dira laurak ere, mus partida batean bezala ari direnak, bata besteari hitza emanez, hitza kenduz.

Ez diozu irakurleari lan erraza jarri…
Ai! Horixe esan zidan gure semeak, gustura irakurri zuela, baina historiak. Amaia eta Ekaitz eta Ander eta Kepa elkarrekin sesioan hasten zirenean, salto egiten zuela, ez zituela tarte horiek irakurtzen eta, zuzenean, historiak irakurtzera jotzen zuela. “Ondo egin duk!”, esan nion. 

Adinean aurrera denok ere, hainbat heriotza dabil hegan liburuan, gure mundualdia bukatzera doalako kezka… Oso presente da liburuan.
Memoria-ariketa egin dut, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena. Gure mundualdiaren bukaera dela-eta, liburua Donostian aurkeztu genuenean hortik jo zuen Iratxe Retolazak, esanez nire lan honek batzuetan testamentu itxura hartzen duela, “hilurren dagoenaren mezua” dela. Baliteke hala izatea. Adina ere badut, 75 urte, eta egia da azkeneko urteotan jende ezagun asko hil dela gure inguruan. Oraindik orain, liburua artean inprentan zela, bertan ageri den beste lagun handi bat, esate baterako, Patri Urkizu. Garaia iristen ari zaigu. Aitak ere kontatzen zuen hori.

Zer, alegia?
Bartzelonan, Kristobal Kolonen monumentuaren inguruko moila-zabalgunean, lagunak metrailaz hilda, bera bizirik. “Irabazi bagenu, sikiera!”, esan ohi zuen gure aitak. Eta nik, pentsatzen nuen: “Bai, ahaleginak egin zenituzten, baina galdu zenuten”. Eta, orain, belaunaldi bat geroago, gauza bera esateko moduan ote gauden-edo. “Irabazi bagenu, sikiera!”. Aitaren hitzak errepikatzen ari naizela uste dut, azken batean, hitzez hitz eta batere aldatu gabe. Baina ez. Oker asko egin ditugu, hankasartze handiak. Baina oraindik partida ez da amaitu.

"Badut lagun bat, asko estimatzen dudana, gehiegi biluztu naizela esan didana. Ez dakit. Niri, barruak, idazten ari nintzen momentu jakin horietan horixe idazteko agintzen zidan, eta halaxe egin nuen"

Zer esan nahi duzu, zer ez da amaitu?
Larri dauka etorkizuna Euskal Herriak, askatasun berehalakoaren ametsak suntsitu zaizkigu, hizkuntzaren egoera beti bezain agonikoa edo inoiz baino agonikoagoa da, baina oraindik ez da partida amaitu. Gutxienez, jakinaren gainean gaude, Iurrebasok elkarrizketa batean esan zuen bezala, “Irlanda 15 kilometrora dugula, maldan behera, eta Islandia 85era, maldan gora”. Nik neuk jadanik ez dut indarrik, baina eskubiderik ere ez nire herkideen indarra gutxiesteko. Agian salbatuko gara. “Agian”, Iparraldeko zentzuan esanda, baldinbaitere.

Partida ez da amaitu, elkarrizketa bai… Utzidazu Pertur gogora ekartzen. Hunkiduraz hitz egiten duzu zeure lagun “Edorta”-ri buruz.
Bai. Azkena elkar ikusi genuenean, Donibane Lohizunen izan zen, oso momentu emotiboa izan zen. Ez genuen une hartan politikaz hitz egin, baina banekien ordurako hark zer pentsatzen zuen, Otxagabia ponentzia hura-eta, adibidez: beste fase bat zetorrela Espainiako Estatura, fase demokratikoa, eta borroka armatuak ez zuela zentzurik eta utzi beharra zegoela. Jakina, ezker abertzale nagusiak gaitzetsi egin zuen, gaitzetsi genuen, haren iritzia. Orain, berriz, hainbeste sufrimendu ikusi, hainbeste heriotza, hainbeste tortura, hainbeste kartzelaldi… “Irabazi bagenu, sikiera!”, aita zenak esaten zuena errepikatzeko gogoa sentitzen dut nik.

                                                                                        *          *          *

Lineala ez

“Ez naiz kapaz modu lineal batean ezer kontatzeko. Inoiz ez dut horretan asmatu, eta honezkero ez dut uste ofizioa berriro ikasiko dudanik. Naturala ere bada gauzak horrela kontatzea, bizipenak eta oroitzapenak ez baitzaizkigu sailkaturik iristen, ez burura ez bihotzera. Oroitzapenak jira-biraka dabiltza, eta halaxe jaso ditut nik liburu honetan”

Aitzin, gibel eta ama

“Gure amak neskame lan egin zuen Donostian, burgesia handiko familia batean. Udan Donibane Lohizunera joaten ziren, amak 18 urte zituela-edo. Gure amak kontatzen zuen ez zuela frantses zipitzik ikasi behar izan, denean euskaraz moldatzen zela. Dendetara joan, eta euskaraz. Behin, joan berritan, harategian, arkumea eskatu, eta harakinak: ‘Aintzineko aldetik, edo gibeleko aldetik?’. Eta gure ama markinarrak: ‘Gibelik ez, behintzat!’. Harik eta harakinak azaldu zion arte”

AZKEN HITZA

Aurkezpen modura

Zer nahi ez dudan nolatsu

zer nahi nukeen halatsu

goi-argia baletorkit

ez ninteke hola akit

(nola nagoen lanbrotsu!)

Giza duintasun ahala

Ortzi jaunak demadala

nadin naizena naizela

(Joxe Austin Arrieta Ugartetxeak, 1985ean, ‘Bertso-paper printzatuak’ liburuan, bere buruaren “aurkezpen-txartel orokor” modura, Miranderen poema ospetsu baten moldeari jarraituz egina).