argia.eus
INPRIMATU
Haurren aldeko ekosistema
Ane Ablanedo Larrion 2025eko ekainaren 11
MAIDER LETURIAGA

Haurrak begiratzeko gure paradigma ez da erabat aldatu, baina aldaketak-edo egiten ari gara, egia da, beste kontzientzia maila batekin, aferak duen garrantziagatik-eta. Bazen garaia. Kontua da, baina, haurren bizitza gure esku dagoela, eta behar duten bizimoduan aldaketak egiteak helduok interpelatu egiten gaituela, beraiekiko dugun harremana heldukeria eta helduzentrizmo nabarmen baina naturalizatuak gidatzen duelako, edo gauza bera dena, boterekeriak.

Gure botereari errenuntzia egitea eskatzen du, eta denok dakigu zein zaila egiten den pribilegioari uko egitea. Haurrak kontuan hartzea litzateke bizitza beren beharren arabera antolatzea ere. Baina beren beharrak gehiago kontuan hartzeak dakar guk geurearen arabera bakarrik funtzionatzen jarraitu ezin izatea, eta hori kosta egiten da.

Haurrek boterea hartuko badute, guk gehiegi dugun horretatik beharko dute egin, guri kenduta, alegia, harreman asimetriko guztiak oinarritzen baitira botere banaketa desorekatuan. Gutxiegi duenak gehiegi duenari kentzeak bakarrik ekar dezake berdintasuna.

Baina ez dezagun ikus lehiaren gisan, ez baikaude elkarren kontra, espezie berekoak gara, eta benetako beharrak, beraz, antzekoak ditugu. Haurrak kontuan izatea eta gure gizartean benetan integratzea denontzat da onuragarria eta beharrezkoa. Maria Montessori-k zioen bezala, "gizateriarentzat laguntza eta salbazio esperantza-izpirik egotekotan, haurrarengandik baino ezin da horrelakorik etorri, haurra baita pertsonaren eraikitzailea".

Haurrek denbora librea behar dute, baina benetan librea, hau da, ez eskolaz kanpoko jarduera gidatuetan igarotzekoa

Teoriatik praktikaren zehaztasunera igarota, badira zenbait ardatz norabidea erakuts diezaguketenak. Hasteko, haurrek denbora librea behar dute, baina benetan librea, hau da, ez eskolaz kanpoko jarduera gidatuetan igarotzekoa. Haurrek denbora "gal" ez dezaten inskribatzen dituzte gurasoek halakoetan, baina galtzekoa den denbora besterik ez da librea, hor ateratzen baitira benetan garena eta gustatzen zaiguna.

Gainera, eta horretarako, txikiagoa izan beharko litzateke umeek eskolan pasatzen duten denbora-tartea, erakusten zaien eta (benetan) ikasten duten eduki mordoa askoz denbora gutxiagoan ikas daitekeelako, frogatuta dagoenez. Aspertu egiten dira –nola ez?–, eta asperdura, badakigu, ez da ikasketarekin bateragarria.

Jolasaren garrantzia ez da jada auzitan jartzen, baina askotan gehiegizko jostailuekin identifikatzen dugu, edo haur parkeetan egin dezaketen horrekin, eta kontuz, horiek ez baitute benetako jolasarekin zerikusi handirik. Hirian, haurren jolaserako espaziorik egokiena hiria bera da, espazio publikoa, nahiz eta horretarako "jostagarri" bilakatu beharko genukeen hiria, autorik gabe, etab.

Bai, haurrak etxetik kanpo egon behar dira, baina helduon kontrolpetik at, horrek dakarren askatasuna gozatzeko, baina baita norbere jokabidearen ardura erdiesteko ere, horrela baino ezin baita benetan bizitzen ikasi.

Horrek sortzen digun beldurraren aurrean esan liteke haurrak kalean (askotan bakarrik ere) ibiltzea bera izan daitekeela segurtasunaren aldeko neurri bat, komunitatea aktibatu egiten delako, inguruko haur horienganako heldu guztion babesa eta interesa piztuta.

Azkenik, haurrak aditu beharra dago, guk ez ezik, baita autoritateek ere. Eta ez keinu erromantiko baten gisan, baizik eta benetan beren iritziaren beharra dugula sentitzen dugulako. Haurren neurrira jaitsi behar dugu, umiltasunez, beren ikuspuntua oso lagungarria izango zaigulako erabaki zuzenak eta justuak hartzeko unean. Umeak pozik bizi diren bizitza bat denontzat delako hobea!