argia.eus
INPRIMATU
Hatz-marka baino gehiago
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko ekainaren 11
Eskuinean, 2022an Segoviako San Lazaro leizean aurkitutako harria. Ezkerrean, analisi multiespektralaren ondoren, puntu gorriak agerian utzi zuen hatz-marka, inoiz aurkitutako hatz-markarik zaharrena.
Eskuinean, 2022an Segoviako San Lazaro leizean aurkitutako harria. Ezkerrean, analisi multiespektralaren ondoren, puntu gorriak agerian utzi zuen hatz-marka, inoiz aurkitutako hatz-markarik zaharrena. Argazkia: Alvarez Alonso et al.

Segovia (Espainia), duela 43.000 urte inguru. Neandertal batek hatza pigmentu gorritan busti eta puntu bat margotu zuen 25 cm inguruko harri baten erdian. Harria 2022an aurkitu zuten arkeologoek San Lazaro leizean, eta, analisi multiespektral xehea egin ondoren, puntu gorri horren atzean hatz-marka nahiko garbia aurkitu dute, “munduko hatz-marka oso zaharrena”. 

Archaeological and Anthropological Sciences aldizkarian argitaratu berri dutenez, hatz-aztarna hura gizonezko heldu batek utzi zuen seguruenik, baina David Alvarez Alonso arkeologoaren esanetan, “aztarna konparatzeko beste neandertal erreferentziarik ezean, zaila da hori egiaztatzea”. Eta, gainera, indibiduo hori identifikatzea ez da ikerlanaren interes nagusia, harri hori “neandertalek margotutako arte-objektu eramangarri bakarra” baita.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko María de Andres Herreroren ustez, aurkikuntzak “ekarpen garrantzitsua egiten dio neandertalen gaitasun sinbolikoari buruzko eztabaidari, testuinguru arkeologiko batean aurkitutako pigmentuz markatutako lehen objektua delako”. Eta zalantzarik ez dago testuinguru arkeologiko hori neandertalena dela eta, beraz, ez dela homo sapiens-en obra.

Neandertal hark harria topatu zuen eta harriaren pitzadurek atentzioa eman zioten; aurpegi luzexka bat ikusi zuen. Erdian sudur modukoa margotuta, harriari nola begiratu behar zitzaion adierazi zuen

Gainera, hatz-marka ez zen erabilgarritasun testuinguru batean aurkitu, hau da, neandertal hark ez zuen marka lanabes batean ezustean edo nahi gabe utzi. Objektu hark helburu artistiko hutsa zuen. 

Puntua okre gorriz margotu zuen, baina San Lazaro leize inguruan ez dago horrelako pigmenturik. Horrek esan nahi du neandertalek beste nonbaitetik propio eraman zutela.

Giza jokabide sinbolikoa, artea, alegia, gizaki modernoaren kontua zela uste izan da luzaroan. Baina azken hamarkadatan geroz eta ebidentzia gehiago dago neandertalek ere gaitasun artistikoa garatu zutela, eta ez imitazioz; egun eztabaidatzen dena da bi espezie edo azpiespezieek garai beretsuan baina modu independentean garatu zutela gaitasun hori. San Lazaroko puntu gorri horri esker, hipotesiak indar gehiago hartu du. 

Neandertal hark harria topatu zuen eta harriaren pitzadurek atentzioa eman zioten; aurpegi luzexka bat ikusi zuen. Erdian sudur modukoa margotuta, harriari nola begiratu behar zitzaion adierazi zuen, besteek ere berak ikusten zuena ikus zezaten. Eta ikus dezagun. 43.000 urte geroago, artista hark puntu soil batez berretsi baitigu artea ez dela soilik homo sapiens garenon kontua.