argia.eus
INPRIMATU
Giza adimena
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2025eko ekainaren 11

Stanfordeko Unibertsitateak dohainik eskaintzen duen Storm deituriko erreminta ezagutu berri dut. Adimen artifiziala erabilita, edozein gairen inguruan artikulu akademikoak sortzeko diseinatutako ikerketa tresna da. Fidagarriak eta baimenduak diren hamaika iturri erabiltzeko gai omen da eta, eskatuz gero, hamar orriko (edo gehiagoko) artikulu bat izan dezakezu bueltan. Adimen artifizialarekin probak eginda, oraindik ere akatsak izateko aukera dezente daudela jakina da; baina etorkizun hurbilean iraultza ekarriko duela ere inork gutxik ukatuko du.

Aski ezaguna den moduan, hiru dira unibertsitateari esleitu ohi zaizkion lan ildoak: irakaskuntza, ikerketa eta gizarteari eginiko transferentzia. Hala ere, eta beste bi alorrei pixkanaka arreta jarri nahi bazaie ere, ikerketa da ranking nagusietan bikaintasunaren postuak igotzeko giltzarria. Noski, adimen artifiziala espazio gehiago hartzen ari den neurrian, ranking horiek egiteko erabilitako metodologiak ere gainbegiratu beharko direla pentsatzen dut. Izan ere, artikuluak egiterako orduan ez ezik, aldizkari batzuetatik artikulu bat baloratu ostean jasotako oharrak ere, hainbatetan adimen artifizialarekin egindakoak diren susmoa izan dut. Nork jakin, agian, momenturen batean adimen artifiziala bere burua zuzentzen ariko da.

Jendarte kritiko eta jantzia nahi badugu, jakin-mina eta hausnarketa sustatzeko tresnak beharko ditugu, eta adimen artifiziala ez dut uste horretarako diseinatu dutenik

Trantsizio lasaian baino, zirimola baten modura sartu zaigu sorginkeria dirudiena. Eta iritsiera horrek ziurgabetasunez betetzen du egoera. Errora eraman gaitzaketen galderek begirada zuzentzen lagun dezaketela uste dut. Zer da unibertsitatetik espero duguna? Nola uztartu unibertsitateko erroak diren hiru lan ildoak modu egokian? Munduko Unibertsitateen 2024. urteko rankingeko datuen arabera, unibertsitatean sortzen doan ezagutzak gizartera izandako transferentzia beherago dago, ikerketako datuekin alderatuta. Nolabait, ikertzen denak isla izan beharko luke errealitatean, eta horrekin omen gabiltza eskasean, hain zuzen ere. Kantitatean jarri da foku handia: artikulu kopuruan, zita kopuruan, aldizkariaren ospean... Inpaktua hori dela esan digute. Hausnartzen dena zabaltzea garrantzitsua bada ere, agian inpaktua deritzon hori, edo horren zati bat, artifiziala da, adimen mota bat bezala. Agian, inguruan gertatzen denera, errealitatera, gehiago hurbiltzea dagokigu, adimen humanoa indartzea, alegia.

Lan ildoen triangelua lotzeko, ikerketa eta transferentziarekin batera, irakaskuntza daukagu. Rankingetan ia ahazturik dagoena. Irakasleen artean eragina izan du, noski; gehiago zentratu gara ikerketan, hezkuntza berrikuntzako metodologietan baino. Izan ere, postu finkoetan sartzeko eskakizun minimoak badaude ikerketan, baina ezagutza pedagogiko zehatzik ez da eskatzen.

Adimen artifizialaren gaiari lotuta, New York Times-eko podcast batean jakitera eman denez, unibertsitateko ikasleen gehiengoa ari omen da ikerlanetarako erabiltzen. Gurean zer gertatzen den zehazki ez badakigu ere, errealitate hori gertatzen ari den ebidentzia geroz eta gehiago ditugu. Horrek, nahitaez, irakaskuntza metodologiak gainbegiratzea ekarriko du, baita ebaluazio sistemak ere. Jendarte kritiko eta jantzia nahi badugu, jakin-mina eta hausnarketa sustatzeko tresnak beharko ditugu, eta adimen artifiziala ez dut uste horretarako diseinatu dutenik, oraingoz behintzat. Baieztapenak baino zalantza gehiago ditut gai honen inguruan, eta hitzok idazteko lankide eta ikasleekin hamaika elkarrizketa izan ditut, patxadaz. Eta hori da argi dudan gauza bakarra, gogoetak denbora behar duela, eta galderek zabalduko dizkigutela bide berriak.