argia.eus
INPRIMATU
Gazaren aldeko martxa
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2025eko ekainaren 11

Ekainaren 12an munduko bazter guztietatik –Euskal Herritik ere– heldutako ehunka pertsona batuko dira Egiptoko El Arish hirian, hortik Rafah-raino abiatzeko, Gazaren aldeko martxa globalean. Israel palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioa salatuko dute, baita korridore humanitario bat ireki dadin exijituko ere. Tamalez, nahi bai, baina batzuek ezin izango dugu parte hartu. Hala ere, hemendik gure babesa bidaliko diegu hemen antolatu diren martxatan parte hartuz edo beren protestaren oihartzuna lau haizetara zabalduz.

Mobilizazio horiek gure kaleetan gero eta ugariagoak diren Palestinaren aldeko ekitaldiei gehituko zaizkie, herritarrok erabaki baitugu ezin dugula besoak gurutzaturik gelditu gure gobernu, administrazio eta enpresa askoren kolaborazionismo edota isiltasun konplizearen aurrean. Horregatik, zenbaitetan irudien krudeltasunak eragiten digun etsipenak bihotza uzkurtzen badigu ere, eta ezer mugiarazten ez dugula sentitu arren, gure amorrua eta haserrea plazaratzen jarraitu behar dugu, eta abestiak dioenez, “Hik bultza gogor hortikan ta bultza nik hemendikan. Ikusiko den nola-nola laister eroriko dan!”. Herriak soilik egingo du.