Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena? Nahikoa al da hiztun aktiboak izatea, edo badaude bestelako baldintzak ere jokoan?
Gaur egun, gure ekonomia kanpora begira dago: esportazioan oinarritua eta atzerriko kapitalari erakargarri egiteko diseinatua. Eredu horrek bertako behar sozialekin loturarik gabeko zirkuituak sortzen ditu. Ondorioz, salbuespenak salbuespen, euskararen ezagutza ez da beharrezkoa, ez enpresentzat, ezta lanera etortzen diren langileentzat ere. Gaztelaniaren ezagutza bermatuta dago estatu hizkuntza hegemonikoa delako, baina euskarak ez du lekurik sistema horretan.
Hizkuntzak hirugarren sektorean aktibo ekonomiko gisara duen pisua nabarmena da eta horrek hizkuntza hautua errentagarritasunaren logikaren menera azpiratzen du
Turismoan eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomiak fenomeno hori areagotzen du, merkatu horietan, ondasunak hizkuntza bidez eskaintzen baitira. Esaterako, industriarekin alderatuta, hizkuntzak hirugarren sektorean aktibo ekonomiko gisara duen pisua nabarmena da eta horrek hizkuntza hautua errentagarritasunaren logikaren menera azpiratzen du, eta hizkuntza gutxituak gastu baztergarri gisara aurkezten ditu. Hizkuntza, horrela, merkatuaren logikan kokatzen da, zentzu komun neoliberalaren barruan, non indibidualismoa ezartzen den komunitatea deseraikita.
Beraz, zerikusirik ez daukatela irudituagatik ere, hizkuntzak egitura sozioekonomikoarekin harreman handia du, eta horrexegatik, hizkuntza-ohiturez gain, ekonomia eta antolaketa soziala herriaren zerbitzura jarri behar dira. Hori lortzeko, ezinbestekoa da ekoizpen-eredua berreraikitzea: tokian tokiko beharrei erantzuten dien jarduera ekonomikoa sustatzea, langileak eta komunitatea ardatz dituena, eta ez kanpoko errentagarritasun-irizpide hutsei lotutakoa. Eta horrekin batera, lan egonkorra, etxebizitza eskuragarria eta etorkizuna. Bizitzeko, hizkuntza batek herri bat behar baitu, burujabetza ekonomikoa eta soziala dituen herri bat.
Hizkuntza ez da bakarrik hitz egiteko tresna, ezta Kultura Sailaren kontu hutsa ere, baizik eta komunitatea lotzen duen ehundura. Eta ehundura hori nola osatzen den, ez da beti norbanakoen borondatearen mende. Herri nahiz hizkuntza bizi batek egitura ekonomiko eta sozial egokiak behar ditu. Ezin da fokua erabileran jarri, erabilerarako egiturazko baldintzak kontuan izan gabe. Hori da gaurko erronka.