argia.eus
INPRIMATU
Duintasunez hiltzeko eskubidea baino lehen, duintasunez bizitzeko baldintzak zer?
  • Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona ezinduei bizi baldintza duinak bermatzen, heriotza lagundurako aukeren zabaltzea "eugenismoari bidea zabaltzea" dela diote. 

Nicolas Goñi 2025eko ekainaren 11
Erresuma Batuan, Not Dead Yet kolektiboak bizitza baldintza duinak aldarrikatzen ditu, heriotza aukerez hitz egin baino lehen bermatu beharreko osagaitzat dituelako. Argazkia: Not Dead Yet Uk, CC-BY 2.0

Frantziako Estatuan, lege eta justizia arloetan, maiatzaren 26ko asteak zapore atzerakoi xamarra izan zuen: erle hilkortasun handia eragiten duten bi pestizida neonikotinoide debekatu zituzten duela zenbait urte, baina berriz baimentzeko xedea duen lege proposamen bat landuta dute, eta maiatzaren 26ko asteko legebiltzarreko eztabaidetan maniobra itsusiak izan direla salatu du Confédération Paysanne sindikatuak. Hiriguneetan, aire kutsadura apaldu behar zuten araudiak –"isurtze gutiko guneak"– ere erabat bertan behera uztea erabaki dute, legediak hobetzen saiatu baino. Eta A69 autobideko obrak otsailean justiziak geldiarazi arren, Okzitaniako Tolosako Dei Auzitegiak baimena eman berri dio obren berrabiatzeari, hainbat zuzenbide adituk kritikaturiko erabaki labur baten bitartez.

Hiru kasu horiek eskuinaren garaipentzat jo ditu prentsak. Alta, aste horretan, bertze lege bat onartu dute zentroko eta ezkerreko diputatu gehienen bermearekin. Lege horrek bizi bukaeraren baldintzak birdefinitzen ditu, konkretuki norbere bizia eteteko erabakiaren aukerak eta baldintzak finkatuta. Teorikoki, eritasun larri eta sendaezina duten pertsonei zuzendua zaie, eritasun horrek bizitza pronostikoa kolokan ezartzen duelarik –baldintza hori hor zegoen jada aurretik ere, Claeys-Leonetti legeei esker–, eritasuna fase aurreratuan eta azken fasean delarik. Hori horrela, zabaldu egin ditu aukerak maiatzaren 27ko bozketak. Pertsona horiei eutanasia edo lagundutako suizidioa eskatzeko eskubidea ematen die, ospitale-inguru batean, injekzio baten bitartez.

Lege horren aurreko eztabaidetan, bi iritzi multzo nagusitu ziren: legearen aurkako iritzi kontserbadoreak, zenbatetan erlijio-erakundeen adierazpenetan bermatuak, eta legearen aldeko iritzi aurrerakoiak, norbere gorputzaren gain burujabetza aldarrikatzen zutenak. Aldiz, hedabideetan askoz oihartzun gutiago dute lege horren albo-kalte sozialei buruz alerta jotzen dutenek, nagusiki pertsona ezinduen eskubideen aldeko militanteek. 

Eskubide teorikoak eta testuinguru konkretua

Militante horietarikoa da Elisa Rojas (Txileko Santiago, 1979) abokatua. Frantzian bizi da, osteogenesi inperfektua du, eta pertsona ezinduen eskubide eta bizi baldintza duinen aldeko CLHEE kolektiboaren sortzaile eta kidea da. Lege proiektu horrek 2024 hasieratik eztabaidak elikatu zituen, eta hastapenetik beraien desadostasuna adierazi zuten CLHEE kolektibokoek. Ez eutanasiaren printzipioaren aurka direlako, baizik eta lege horren asmoak eta ezarpen baldintzak ez direlako aski argiki zehaztuak, eta ez dietelako pertsona erien beharrei erantzuten. Pertsona eri edo ezindu batek bere bizitzari buruz hartuko duen erabakian baldintza material eta sozial askok eragina duela diote: egunerokoan zenbateko autonomia duen, nolako harreman sozialak dituen, diagnostiko egokia lortzeko mediku espezializatu bat –edo gehiago– ikusteko itxaronaldia, edota mina arintzeko erremedioak eskuratzeko diren aukerak –bi urte itxaron behar izatea ez delako ezohikoa–. Mina arintzeko erremedioek eragin oso handia dute pertsona horien osasun psikologikoan, eta horrek noski eragin oso handia du norbere bizitzaz hartzeko erabakietan. Gainera, baldintza horiek guziak oso aldakorrak dira eskualde eta klase sozialen artean: landa eremu periferiko batean bizi den txiro batentzat dena zailagoa da.

Rojasek oroitarazten du Frantzian jadanik bizitza bukaerari buruzko marko legal bat bazegoela, 2005an eta 2016an onartutako bi legeekin. Horiei segi, bizitza pronostikoa epe laburrean kolokan duten pertsona eriei aukera ematen zaie heriotza eragiten duen lasaigarri sakon baten injekzioa eskatzeko. Bozkatu berri den legeak, aldiz, marko hau zabaltzen die bizitza pronostikoa kolokan izan gabe, eritasuna fase aurreratuan pairatzen dutenei –hain zuzen, pertsona ezindu askoren egoera da–. Rojasek azpimarratzen du eritasun larriak dituzten pertsonei zaintza egokia emanez gero, gehien-gehienetan ez dutela heriotza eskatzen. Askotan, pertsona horien suizidio asmoak eritasunaren diagnostiko eskasaren eta zaintza desegokiaren ondorioak dira.

"Gizarteak ezinduok ez gaitu ikusi nahi"

Rojasek bere kezkak esplizituki adierazten ditu: gaur egungo testuinguruan, lege berri horrek pertsona ezinduen bizitzak arriskuan ezartzen ditu. Alde batetik, marko legala lausotzen duelako, eta bertzaldetik, testuinguru soziala ez delako pertsona ezinduentzat mesedegarria. Azken bi hamarkadotan osasun sistemaren egoera kaskartu ahala, eritasun larria pairatzen dutenen bizi baldintzak prekarioagoak bihurtu dira. Besteak beste, errentagarritasuna ospitaletan ere bilatzen delako –eta ospitalean, zaintza luzea behar duen paziente bat ez da "errentagarria"–. Orokorkiago, gizartean behar bezala barne hartu baino, gehiegitan instituziotan isolatuak dira pertsona ezinduak, haien askatasunak murriztuta. Hain zuzen, instituziotan gehiegi ezartze hori leporatu zion NBEk Frantziari 2021ean. Gainera, pertsona ezinduen txirotasun maila populazioaren batezbertzekoa baino handiagoa da, eta emakume ezinduek genero bortizkeria gehiago pairatzen dute ere. Rojasek dio osasun-, gizarte- eta harreman-testuinguru honetan presio handia pairatu dezaketela, sufrimenduaren balizko konponbidetzat heriotza onartzeko, sufrimendua saihesteko zaintza egokia jaso beharrean.

Oroitarazten du ere gure gizarteak pertsona ezinduak normatik kanpotzat dituela, eta arlo askotan zamatzat ere bai, beraz inplizituki pertsona ezinduen heriotza askapentzat dutela. CLHEEk argi du: pertsona ezinduen sufrimendua hainbat erabaki politikoren sintoma da, eta arazoa politikoki konpontzen saiatu baino, sufritzen duten pertsona ezinduak azkarrago desagerrarazi nahi izatearen arriskua ikusten diote lege berriari. Gainera, lege honen inguruko eztabaidetan, mainstream hedabide handi batzuek jada zilegitzat jotzen dute lagundutako suizidioak seguritate sozialaren aurrekontuari zenbat diru aurreztuaraziko dion kalkulatzea.

Argi izan dezagun: inor ez da betirako osasuntsu. Istripuz hiltzen ez bagara, denak noizbait ezinduak izanen gara, eta hiltzeko laguntza baino lehen, bizitzeko laguntza ongi etorriko zaigu.