argia.eus
INPRIMATU
“Traumak eta deserrotuta egoteak saharar guztion bizitzak zeharkatzen ditu”
  • Munduko gatazka ugariak kontatzera ohituta, oraingoan bere gatazka propioari jarri dizkio berbak Ebbaba Hameidak (Tindufeko errefuxiatu guneak, 1992) bere lehen eleberrian: Flores de papel (Paperezko loreak) (Peninsula, 2025). Hiru belaunalditako emakume banaren istorioak dakartza liburuak, historia oso bat kontatzeko: Mendebaldeko Sahararen kolonizazioa, zapalkuntza eta kolonizatzaileen utzikeria; eta horien ondorioak sahararrengan.  

     

Maria Ortega Zubiate 2025eko ekainaren 04a
Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Liburuan hiru belaunaldi kontatzen dituzu: Leila amama, Naima ama eta Aisha alaba. Bakoitzak bere errealitatea eta testuingurua bizi ditu, baina hiruak deserrotuta egoteak batzen ditu. Hori da saharar errealitatea?

Baietz esango nuke. Gure buruari galdetzen diogunean saharar izatea zer den azken belaunaldietako kideok ez dakigu erantzuten. Gure herriak itsasoarekin egiten du amets, kultura eta ohitura batzuekiko sustrai sendoak ditu; basamortuaren askatasunari lotuta dago, sustraiak mugimenduan daude. Eta hori guztia kendu egin digute. Gatazkak urte larregi daramatza, aurten 50, eta traumak eta deserrotuta egoteak saharar guztion bizitzak zeharkatzen ditu.

Aisha eta nire belaunaldia kontatzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, baina are garrantzitsuagoa iruditzen zitzaidan Leila eta Naimaren bizitzak kontatzea, ulertzeko nortzuk izan ziren emakume sahararrak eta ikusteko aurreko belaunaldietan ere gatazkaren ondorioak pairatu zituztela. Eta belaunaldi horietan ere aurkitzen dituzu gurearekin komunean dituzten elementu asko: identitate gatazka, lurrarekiko lotura sendoa, askatasunaren bilaketa; bakoitza bere testuinguruan sentitu izan baita kaiola batean. Niretzat oso osagarria izan da ikustea ama eta amamarekin uste baino askoz gehiago dudala komunean. 

Emakumeak dira, hain zuzen ere, protagonista liburuan: Mendebaldeko Sahara kontatzen duzu emakumeen unibertsotik.

Emakume sahararren unibertsoa kontatu nahi izan dut liburuan, bai, baina emakume horiek instrumentalizatu barik; euren borroka, aurrera ateratzeko gaitasuna eta pertseberantzia errespetatzen. Ahalegina egin dut emakume sahararren ahalik eta erretratu errealena egiten, oso ezezagunak baitira: politikoki instrumentalizatu dituzte, emakume otzan baten irudi estereotipatuena sortu dute beren inguruan, kultura eta balio oso tradizional batzuetan katigatuta daudenak. Omenaldi bat egin diet. 

Beste gatazka batzuetan ere ikusi dut emakumeak gatazka orotako lehen biktimak direla, gerra testuinguruetan beren zaintza rola biderkatu egiten baita. Are, zaintza kolektiboen ardura hartu behar izan dute, eta hor balio asko deskubritu ditut: tuiza, esaterako, ahizpatasuna. Haimak lotzerakoan, adibidez, emakume bakar batek bakarrik ezin du egin; denen artean egiten dute, elkar lagunduz. Ahizpatasuna, elkartasuna, enpatia eta zaintza sortzen dira eta nik uste dut horiek lagundu diotela saharar herriari aurrera egiten; emakumeek lan handia egin dute, sare bat josi dute kolektiboki biziraun ahal izateko. Eta uste dut hori bakarrik emakumeok lortu dezakegula, horrelako testuinguru zailetan, bederen.

"Emakume sahararrek lan handia egin dute, sare bat josi dute kolektiboki biziraun ahal izateko"

"Esku batek ezin du bakarrik txalo egin", esaera zahar sahararra jarri duzu liburuan, komunitatearen adierazgarri. Hori barik, ezin?

Ez, noski. Esaera hori da gure errealitatea, eta are gehiago biziraupena jokoan dagoenean. Saharar herriak ikasi du bakarrik ezin duela biziraun: nomada batek beste bat behar du, aholkuak emateko, euria eta berdea non dauden jakiteko, leku berri batean babesa izateko. Ze, nomada batek ez du jabetza materialik. 

Niri atentzioa ematen zidan amama bisitatzen nuen bakoitzean esaten zidala ez zekiela non zeuden bere gameluak, libre zeudela. Han, gamelu bat urruneko lurralde batean badago eta kumeren bat izan badu, ziurrenik beste familia bat bere esnea edaten ariko da eta hori familia bati pasatu dakiokeen onena da. Egoera gogorrean bizi dira, Hamadan, basamorturik basamortuenean; eta horrek erakusten dizu edo denon artean egiten dela edo ezer ez dagoela. Eta balio kolektibo horiek ezagutzen banituen ere, eleberria idaztean, are gehiago egin ditut nire.

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Diozu ezinbestekoa egin zaizula lehengo belaunaldiek bizitakoa kontatzea. Zergatik orain?

Uste dudalako herri bat ahanzturara kondenatzen dutenean eta isiltasunaren hondar azpian lurperatzen dutenean, memoria ariketa bat egin behar dugula, eta horretarako tartea literaturan aurkitu dut. Gaur egun saharar herria Algeriako desertuan abandonatuta dagoen eta udan umeak Europara bidaltzen dituen herri gisa ezagutzen da. Baina ez, historia bat du, eta lotura zuzenak ditu Espainiarekin: etiko, moral, historiko, legal, kolonial, politiko, sozial eta ekonomikoak. 

Horrez gain, nik premia handia nuen Sahara gizatiartzeko, gizaki garela erakusteko: badirudi hor egotea dagokigula eta horrek ez duela inolako eraginik bizitzan. Baina gatazka honek guztiz eragiten digu sahararroi gure bizitzetan, saharar guztiok zeharkatu gaituzte erabaki geopolitiko eta historiko horiek, Espainiak egiteke duen pauso horrek.

Eta, horretaz denaz aparte, kontatzeko premia nuen nire herriari traizio egin zion herrialdean bizi naizelako ni. 

Elkarrizketa batzuetan esan duzu: "Nire gerra propioa kontatu behar nuen". Espainian bizitzea gerra bat da. 

Nik kontraesanarekin bizitzen ikasi dut, izaki kontraesankorrak garela onartzeak apur bat lasaitzen nau. Ez du esan nahi gauzak kontatzeari utzi behar diogunik, baina bai kontraesan hori onartu. Ni oso hemengoa sentitzen naiz, baina badakit hangoa naizela, hango gauza askok erakartzen naute eta sentitzen ditut nire. Badakit nire bizitza etengabeko kontraesanen puzzle bat dela, eta ez daukat hori konpontzeko erarik. Baina kontraesan hori onartuta, literaturak babestu nau, lagundu dit ni barrutik jaten ninduen harrari buruz berba egiten, eta definitzen nauen kontraesanen ekaitz horri bakea ematen.

Liburuaren protagonista nagusia da identitate krisia. Aishak bizi du, baina zuk ere bizi izan duzu, agerikoa da.

Bai. Nik premia nuen idaztekoa, gauza askok eragiten zidaten sufrimendua. “Zergatik ez duzu Sahara kontatzen?”, askotan bota didate aurpegira saharar askok, beste gerra batzuei buruz berba egin baitut. Baina nik osagai emozional oso indartsu bat nuen Sahararekiko, eta ez zidan uzten kazetari izaten Sahararekin. Horregatik, liburua bulkada batetik jaio zen, nik bizi izan dudana kontatu asmo batetik. Terapia prozesu baten ostean jaio zen: langabezian geratu nintzen, eta ezin nuen terapia gehiago ordaindu; horregatik, psikologoak idaztea gomendatu zidan. Nire buruari ondo berba egitea nahi zuen, ondo idaztea: neure buruari neure historia kontatzea.

Literaturan ispilu bat aurkitu dut, nire burua osatzeko, birpentsatzeko, birdefinitzeko eta onartzeko"

Horregatik dira Aisharen atalak bigarren pertsonan, Naima eta Leilarenak hirugarrenean badira ere?

Bai. Literaturan ispilu bat aurkitu dut, nire burua osatzeko, birpentsatzeko, birdefinitzeko eta onartzeko. Orain arte nire bizitzan beti aurrera egiteko ahalegina egin dut, atzera ez begiratzekoa. Baina orain, izan nintzen haurrari begiratu behar izan diot, izan nuen minari; atal batzuk ezin izan ditut berriro irakurri.

Literaturak erakutsi didan gauza bat izan da nire isiltasunak errespetatu ahal izan ditudala. Bost urte eman ditut ni definitu nauen liburu bat idazten, eta lagundu dit berbaz azaltzen nire identitate krisia. Gainera, nire moduan, emakume saharar askok bizi izan dute, baita beste lurralde batzuetako emakume migratzaile askok ere: aurkezpenetara etorri dira eta esan egin didate. Ni aztoratu egin nau identitateak, akademikoki ere saiatu naiz berau aztertzen, eta liburuak lagundu dit azaltzen nik zelan bizi dudan eta ze min eman didan; zerbaiten parte izan nahia eta leku guztietan atzerritar sentitzea nekagarriak dira. Barne lan handia eskatzen du onartzeak leku guztietakoa zarela eta ez duzula zertan aukeratu. Gaur egun ere identitatea aurkitu barik jarraitzen dut, are, uste dut bilaketa dela identitatea definizio edo helburua baino gehiago.

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Arlo akademikoa aipatu duzu. Hain zuzen ere, cum laude doktoratu zinen. Autonomia biziraupen forma gisa hartuta, gatazkan dauden herrialde musulmanetako emakumeen rola aztertu duzu. Ikerketa horretan zer dago zuretik, eta liburu honetan zer dago ikerketa horretatik?

Doktoretza tesian ez nuen nahi izan ez Mendebaldeko Sahara ez Maroko sartzerik, lan akademiko garbia egin nahi nuelako. Herrialde musulmanetako emakumeen identitatea aztertu nahi nuen, erlijioak asko eragiten duelako; baina aniztasuna ere ikusi nahi nuen, zazpi herrialde aztertu bainituen. Mundu oso bat zabaldu zitzaidan. Hemen emakume musulman guztiak zaku berean sartzen ditugu, baina ikerketan ikusi nuen unibertso oso bat zegoela, eta identitate kolektibo bat zegoela balio erlijiosoei lotuta; herrialde batean edo bestean, emakume musulmana izateak esan nahi zuen arau batzuen menpeko izatea neurri ezberdinetan. Aniztasuna ezagutu nuen eta gatazken eta testuinguru ezegonkorren aurrean duten erresistentzia. Ikerketak asko lagundu dit islama ezagutzen, indarrean dauden legeak ulertzen, islamaren eta politikaren arteko lotura aztertzen; eta hor guztian emakumeek duten lekua ikusten.

Eta, noski, ikerketa oinarria izan da nire identitatearen bilaketarako, eta askorako balio izan dit gerora, liburua idazterako momentuan. Identitatea tortura izan da niretzat, eta horregatik kondenatu dut nire burua tesi bat eta liburu bat egitera honen inguruan.

"Emakumeak gatazka orotako lehen biktimak dira, beren zaintza rola biderkatu egiten baita"

Liburuan sexualitatea eta emakumeen duintasuna lantzen dituzu, patriarkatuaren ulerkera batean sakontzen duzu. Zer da, ba emakume saharar "ona" izatea? Europan oso erraz ikusten da besteren patriarkatua, ez hainbeste norberarena?

Nik Sahara kontatu nahi nuen, baina baita bertakoa izateak dakartzan kontraesan guztiak ere; nire buruarekin zintzoa izan nahi nuen, eta kritikoa gizarte sahararrarekin. Emakume saharar on batek arau oso patriarkal batzuk jarraitu behar ditu: gizartean epaitu egiten zaituzte zure janzkeragatik, zure formengatik; oso gaizki ikusita dago emakumeok kanpalekuetatik kanpo ikastea, umetan irteten uzten digute, baina hazi ahala erreklamatu egiten digute itzultzeko; gizon sahararrekin ezkontzea exijitzen digute; eta ezkontzara, noski, birjina heldu behar duzu. Ileko zapia ere hor dago, nik bertara noanean ez dut imajinatu ere egiten melfa barik joatea; eta, hala ere, begirada asko jasaten ditut, nire ileak, nire janzkerak enbarazu egiten die.

Baina hori ez da sahararra izatea. Balio musulmanei oso lotuta dagoen gizarte batean bizi gara, hori horrela da; baina belaunaldi gazte bat gauzak aldatzeko ahalegina egiten ari da. Ni ahaleginetan ari naiz nire ahotsa saharar gisa uler dezaten eta ez deserriratu gisa: beste edozein besteko sahararra naiz, melfa eta trentza tradizionalik barik ere. 

Gero, hona heldu eta ikusten duzu aurreiritzi asko daudela gure inguruan: denak garela otzanak, zapia daramagula nahitaez, atzerakoiak garela... Hori ez da horrela, noski, gauzak aldatzen ari gara. Eta hemen ere ikusten dituzu gauza batzuk ezustekoren bat edo beste ematen dizutenak, eta konturatzen zara hemen ere patriarkatuak irauten duela. Nik patriarkatuaren kontzeptu unibertsal bat daukat, munduko gizartearen erdia baino gehiago zapaldu nahi gaituzte.

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Kazetaritza ikasi zenuen. Esan izan duzu kanpalekuetan irratia zela gainontzeko munduarekin konektatzeko era bakarra, eta liburuan nabaritzen da, presentzia handia du.  

Lehen aldiz irratia ezagutu nuen nire aitita nomadaren eskutik, hedabide merkea delako, arina, gameluan eramateko modukoa. Irratiak ezinbesteko papera izan du gure herrian. Gogoan dut gureaz gain, beste hizkuntza batzuk ere entzuten nituela bertan: batzuetan frantsesez, espainolez besteetan.  Handik informatzen gara, diskurtsoak handik entzuten ziren, ikasi ere, hasiera batean, handik egiten genuen. Nik kazetaritza ikasi nahi nuen, batetik, jende horren alboan segitzeko ahalegin erromantiko batean, euren bizitza nomadan ere egotekoa. Baina, noski, beste arrazoi bat ere bazegoen: oso nekatuta nengoen nire historia behin eta berriro kontatzeaz, eta kazetaritzak beste istorio batzuk ere kontatzeko aukera ematen zidan. 

Nik irratian hasi nahi nuen lanean. Nire kazetaritza hasieretan, emakume gisa, irratia babesleku izan da. Ni beldur nintzen, nire identitate krisi betean, nire irudia erakusteko; sahararrek zapia janzteko eskatzen zidaten eta nik ez nuen nahi. Irratian, bakarrik nire ahotsa entzuten zenez, ahaldundu egin nintzen eta indarra hartu nuen handik telebistara joan ahal izateko eta nire irudia erakusteko: nire janzkera, nire zapirik eza eta beste hamaika barne eztabaida.

"Balio musulmanei oso lotuta dagoen gizarte batean bizi gara; baina belaunaldi gazte bat gauzak aldatzeko ahalegina egiten ari da"

Bost urteko idazketa prozesuaren ostean, Marokoren Ibilbide Berdearen, Ibilbide Beltza sahararrentzat, 50. urteurrenean kaleratu duzu liburua. Liburuan itxaropena da nagusi. Egungoari begiratuta, aldatu egin da hori?

Esperantza galtzen den azkena dela diote eta esaldi oso polita da baina erreala da, hori erakutsi dit nire herriak. Nire begirada, hemendik, askoz ere ezkorragoa da eta ez dakit errealista dela esan edo ez; baina ni erredakzio bateko nazioarteko sailetik nator, mundua zelakoa den ikusten dut, zeinen konplexu eta bero dagoen eta Mendebaldeko Saharak ez duela axola. Edo hori sinetsarazi nahi digute, liburuak erantzun oso ona izan baitu, baita Euskal Herrian ere: lotura bereziak ditugu, gainera, Euskal Herriarekin; ez bakarrik gizarte mugimenduekin, inplikazio politikoa ere badago, baita hedabideen aldetik ere. Horrez gain, sahararrok beti diogu Euskal Herria seigarren wilaya dela, seigarren probintzia; komunitate saharar garrantzitsu bat dago hemen eta beti oso ondo hartu izan gaituzte.

Baina bai, uste dut han itxaropenari eusten diotela: oso estoikoak dira, espiritualak. Hemen espiritualitaterik ez dugu behar, baina horrelako eremu gogorretan lagundu egiten du itxaropena ez galtzen, azken hatseraino, soluzio bat egon behar dela sinesten dute. Errefuxiatu eremu batean daude, eta behin-behinekoa dela sinesten dute; tristeena da, ordea,  behin-behinekotasun hori kronifikatzen ari dela, mende erdi bete da. Baina ni ez nintzateke ausartuko itxaropen hori kentzen ez amamari ez amari.