Aspaldi egin nuen lantegi batean, kapitalismoaren izaera alderatu zuten itsasoan koipe jario batekin, zabaltzen doan orbana, bidean hondakina eta miseria sortzen duena eta garbitzeko zaila dena.
Egun, AAren koipea nonahi dugu,beharbada ezagunenak honakoak direlarik: Microsoften Cortana, Amazonen Alexa, Appleren Siri, Googleren Gemini, Xenaren Grook, Metanaren Meta Ai (bere zerbitzu guztietan dagoena: Facebook, Whatsapp, Instagram...). Denak pastelaren beren zatiaren bila, ChatGpt agertu zenetik, euren zerbitzuak eraginkorragoak egiteko koipea zabaltzen, tartean txinatarrak, DeepSeekekin. Jakin berri dut hainbeste aktibistak darabilgun sareetako bat ere, Telegram, Elon Musken Grook adimen artifiziala erabiltzen hasiko dela.
Izaera kapitalista duten digitalizazioari loturiko merkatuetan, zelataritzaren ekonomiaren baitan, munduko eragile nagusiak euren datuen itsasoetan adimen artifizial koipetsua isurtzen dabiltza. Adimen Artifizialen arteko lehiaketa honetan, kapitalismoaren parametroen baitan pertsonen lan gaitasuna ahalik eta eraginkorren bilakatuko duen tresna besteei gailenduko zaielarik.
Baina zer da eraginkortasuna kapitalismoan? Erantzuna ez da zaila, gehiago egin, denbora gutxiagoan, baliabide gutxiagorekin, etekin handiagoa lortzeko, aberastasuna metatzea helburu duten gutxi batzuentzako. Eta ez bada beste erremediorik, merkatua oraindik ez baldin badute preso, zenbait balio sortu.
Eraginkortasunaren izaera beste merkatu eta ekonomia ereduekin lotu daiteke? Ziur baietz, gure inguruan badira lan horretan zenbait gizabanako, talde antolatu eta enpresa. Bidea ez da erraza ordea, eta kapitalismoa ez da desagertuko, bizitza aurrera eramateko modu ezberdinak elkarrekin biziko dira, beti egin dute. Kapitalismoa erdigunean ez duen bizitza laburtuta aurkitu nuen Afrikari buruzko dokumental baten esaldian: “Zuek erlojuak dituzue, guk denbora”.